“GALen biktimen senideei ia inor ez zaie joan eurek bizi izandakoaz eta sufritutakoaz galdetzera”

EiderGAL30urte30 urte bete dira GALek lehen ekintza armatuak egin zituenetik. Espainiako Estatuaren estolderietan mamitutako estrategiaren ondorioak lazgarriak izan ziren Euskal Herrian. Hiru hamarkadako begiradaz, GALen ibilbidearen bilduma bat egin du Berria-ko lan talde zabal batek, eta euskaraz erakunde armatu horri buruz egindako liburu bakarra osatu.

Zer kontatu duzue GAL. 30 urte liburuan?

GALek 1983 eta 1987 artean egindako ibilbidea eta denbora tarte horretan egindako atentatuen kontaketa egin dugu, aurkitu dugun informazio guztiarekin osatuta. Bestetik, lan honetan garrantzi berezia dutenak hildakoen soslaiak dira. Gehien-gehienen kasuan, senideekin eta lagunekin hitz egin dugu, nahiz eta batzuetan ezinezkoa gertatu zaigun, eta horrek beste balio bat ematen die soslaiei. Horrez gain, lan honetarako propio egindako elkarrizketak daude; esaterako, Christian Fando eta Txema Montero abokatuak, Jesus Santos fiskala, Francisco Etxeberria auzi-medikua, Antonio Rubio, Daniel Velez eta Ricardo Arques kazetariak eta Jose Luis Oliva errefuxiatua eta GALen biktima.

Zer dela-eta erabaki duzue Berria-n halako bilduma mardul bat egitea orain?

GALen lehen ekintzaren, Lasa eta Zabalaren bahiketaren 30. urteurrena zetorrela-eta, gaiari eustea erabaki zen uda hasieran. Berehala ohartu ginen lan handia zegoela egiteko, informazio andana zegoela eta bilketa lan handia zela; agerikoa zen, gauzak ondo egin nahi bagenituen, luze eta zabal landu beharrekoa zela. Langileei deia egin zitzaigun lan honetan parte hartzeko, eta erantzuna oso ona izan zen, ia 40 lagun agertu ginen prest era batera edo bestera laguntzeko eta ekarpena egiteko. Horri esker lortu da halako lan bat osatzea.


Berez, multimedia webgune bat du Berria-k sarean gai honekin. Zer ekarpen egin dezake liburuak, webgunetik aparte?

Webgunean, berez, liburuan jaso baino informazio gehiago aurki daiteke, baina liburuak beste era batean irakurtzeko modua ematen du, soseguz irakurtzeko aukera ematen du. Bestetik, badago belaunaldi bat, batik bat GALen garaia zuzenean bizi izan zuena, webgunean irakurtzea eta webgunean nabigatzea arrotza egin ahal zaiona, eta, agian, liburua egokiagoa da horiengana heltzeko. Webgunea aurkeztu genuenean ere egin ziguten eskaera hori, hain zuzen ere Interneten ibiltzeko erraztasunik ez zutela esanez.


Kronikak, soslaiak, elkarrizketak… Era guztietako materiala bildu duzue. Kontuan edukita GALi buruz material ugari dagoela irakurleen eskura, zer berritasun edo ekarpen berezi dakar liburu honek?

GALi buruzko ezer berririk ez dugu guk azaleratu. Guk egindakoa ez da ikerketa kazetaritza; ez dugu ezkutuan zegoen ezer argitzerik lortu. Baina gaiari buruzko liburuak, epaiak, sumarioak, protagonisten elkarrizketak eta bizipenak, hemeroteka, agiriak eta abar bildu ditugu, eta denak lan bakarrean eman. Beraz, hori litzateke ekarpen nagusia. Eta, noski, hori guztia euskaraz ematea. Bestalde, liburuan ez da hainbeste antzemango, baina webgunean multimedia izaerak pisu handia du, eta, testu hutsaz gain, euskarri gehiago ere badaude: bideoak, audioak, PDF dokumentuak, argazkiak… Liburuan horietarako loturak jarri ditugu QR kodeen bidez.


GALen biktimen senideekin egon zarete soslaiak egiteko. Zer moduzko harrera egin diote liburuari?

Oro har, haien aldetik etorri zaigun erantzuna oso ona izan da. Gustura daude egindakoarekin, eta  eskertuta ere bai. Izan ere, GALen biktimen senideei —Lasa eta Zabala, Brouard eta beste salbuespenen bat kenduta— ia inor ez zaie joan eurek bizi izandakoaz eta sufritutakoaz galdetzera, GALek hil zien senide horri buruz galdetzera. Bai, GALen biktimak aipatzen dira, baina beti bigarren mailan, eta hoztasun hori 30 urtean sufritu dute askok. Beraz, lan honekin, uste dut aitorpen moduko bat sentitu dutela, oraingoz beste toki batzuetatik iritsi ez zaiena.

Berria-ko 40 lankidek parte hartu dute lan honetan. Ahaleginak merezi izan al du?
Lehen aldia da halako lan potolo bat egiten duguna, hainbeste lagun inplikatuz, eta emaitza oso ona izan dela esango nuke nik, merezi izan duela. Baina balorazio hori agian kanpotik irakurri eta ikusten duen batek egin beharko luke, nik baino hobeto.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Utzi zure Iruzkina