Iñaki Irasizabal: “Delitu larriak daude, baina garrantzia gizartearen azterketan dago”

Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) eleberri batekin datorkigu: “Igelak benetan hiltzen dira”, krimenak agertu arren ohiko polizi eleberrien antz handirik ez daukan istorioa.

Zure liburu berria, zer da: beltza, poliziakoa, misteriozkoa…?
Poliziakoetan garrantzitsuena hiltzailea nor den jakitea izaten da: nor, nola, noiz, zergatik… Nobela honetan delitu larriak daude, baina garrantzia, nolabait esateko, gizartearen azterketan dago. Delituek nolako eragina duten giza talde batean. Beltza esango nuke nik, edo agian hori nahiko nuke.

Etiketak etiketa, badirudi zure liburuen ezaugarria dela hilketaren ikerketa ez izatea kontaketaren helburua, baizik eta nolabaiteko aitzakia, hainbat pertsonaiaren bizitza eta zertzeladak kontatzeko.
Nik ez dakit Agatha Christie ona edo txarra den, baina hori ez da literatura, matematikak dira: datu jakin batzuk emanda “x” argitu behar duzu. “X” hori normalean hiltzailearen izena izaten da. Idazleon helburua istoriorik onena ahalik eta ondoen kontatzea da, eta nobela beltza, hau da, delituen inguruan ardazten diren istorioak, gure gizartea islatzeko tresna ezin egokiagoa dela uste dut.

Baduzu erreferentziazko egileren bat edo batzuk, gaur egun hain ugaria den genero honetan?
Asko daude. Agatha Christie aparte utzita, John Connolly, Walter Mosley eta Daniel Pennac aipatuko nituzke, baina beste asko ere oso onak dira eta ez bakarrik nobela beltzak idazten dituztenak, badaude generoen arteko hibridoak ere oso interesgarriak egiten zaizkidanak: Perrotta edo Rouillan bezalako idazleenak, adibidez.

Zure nobelek badute beste berezitasun bat: Euskal Herrian kokatzen dituzula, euskal jendearekin, eta sinesgarriak direla.
Jende bitxi asko ezagutzeak badu bere alde ona ere. Euskal Herrian kokatzen ditut bertan bizi naizelako eta ondoen ezagutzen dudan tokia delako. Zoritxarrez hemen ere hainbat delitu eta sufrimendu dago asmatu beharrean ibili gabe, eta hori paperean agertzen ahalegintzen naiz.

Gaiztoak eta ergelak

Gernika-Zornotza-Durango hirukiaren barruan kokatzen dituzu zure nobelak normalean, herria aipatzen ez duzun arren. Hemen kostara joan zara, bazenuen buruan leku errealen bat?
Bai; egia esan, istorioa, buruan behintzat, Sopela eta haren inguruan dauden herrietako batean kokatu nuen. Herri horiek udazkenean, turistek alde egiten dutenean, oso literarioak iruditzen zaizkit.

Zure pertsonaiek badute anbiguotasun kezkagarri bat: kalte egiten dutenean ere, ez dira berez gaiztoak. Jarrera moral bat agertu nahi duzu? Errealitatearen isla bat da?
Idazten dugunean, nahitaez agertzen dira gure ideiak, gure munduaren ikuskera, gure morala, batzuetan igarri gabe bada ere. Ez dut uste gizaki gaiztoak existitzen direnik, nik behintzat ez ditut ezagutu, ergelak bai, piloka, baina erabat gaiztoak ez. Gizakiak gauza okerrak egiten ditu, baina ez da okerra, ez mundu guztiarekin eta beti.

Zure nobelen beste ezaugarrietako bat: eszena laburrez eraikitzen dituzu, batetik bestera jauzi txikiak eginez. Teknika zinematografikoaren eragina?
Batetik oso zinezalea naiz –Animal kingdom ikusi berri dut: film beltz ezin hobea– eta horrek eragina izango du, baina bestetik gaur egun denok hazi gara filmak ikusiz, eta horrek badu eragina kontatzeko moduan eta baita irakurlearen aldetik, istorioak onartzeko moduan: ezin da idatzi orain berrehun urte bezala. Bestalde liburua astuna edo motela izan ez dadin egiten dudan ahaleginean legoke idazkera modua: deskripzio laburrak, elkarrizketak, ekintzen ugaritasuna…

Gai gogorrak tratatu arren –pederastia, haurren bahiketa eta hilketak– holako normaltasun giro batean gertatzen da dena…
Antzeko gauzak gure inguruan gertatzen dira eta telebistak etxe barrura sartzen dizkigu; guk ama bat alaba bortxatu eta hildakoagatik negarrez ikusi ostean afaldu egiten dugu lasai asko, eta gero lotara goaz. Bizitzak jarraitu egin behar du eta gu besteen sufrimenduarekin ohitu egin gara, ez dakit ona edo txarra den, baina horrela da.

Eta amaieran kasua ez guztiz argitzea, zer da: irakurleari pentsarazteko bidea? Ohiko polizi nobelen kontrako jarrera?
Istorio honek hasiera puntu bat du, neskato baten desagertzea, eta ekintza gogor batzuk ditu bukaera bezala. Lehen ere esan dut, niretzat garrantzizkoena ez da hiltzailea aurkitzea, pertsonaiekin zer gertatzen den, nola erreakzionatzen duten egoera batzuen aurrean ikustea baino.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina