Iñigo Aranbarri: “Gizarteko boteredunek ezartzen duten larderia azaldu nahi nuen.”

Elkarrizketatzailea: Iratxe Esnaola
Argazkiak: Juantxo Egaña


Zamaontzia, Iñigo Aranbarriren azken eleberria heldu da literatur kostaldera. Iraganaren pisuak eta botere harremanek isildutakoek bete dute ontziaren sabela, kalitateko karga porturatuz.

Nerea Vallejok iragana orainera dakar bakarrizketa honetan. Zergatik?
Urteetan zehar asko isildu duelako. Gordetako guztia botatzen dio orain aitari, batez ere, karrera politikoa alabaren arduren aurretik ipini zuelako. Isiltasun horren azalpena da eleberria, neurri batean. Aitari esplikatzen dio gaur hamabost urte beren artekoa moztu egin zela eta dagoeneko ez duela zereginik. Baina bada besterik. Zer gertatu zen jakiteko iragana orainera ekartzen saiatuta ere, ezin da joandakoa berriro bizi, gaur egunera ekartzean zalantza sortzen baita. Nola jakin gogoan duguna benetan hala gertatu zen? Edonola ere, garrantzitsua da iragana ulertzen saiatzea.

Iraganaz hitz egin eta ezin memoria historikoa ekidin. Ume lapurtuek zer adierazten dute?
Memoria historikoan ez daudela hildakoak bakarrik. Gerra ostean lapurtutako umea da Nerearen aitite Mateo. Gizarteko boteredunek ezartzen duten larderia azaldu nahi nuen. Kontrolatzen dutenen harrokeria. Pertsona batzuei gauza asko inposatzen zaizkie eta kasu batzuetan umeak ere kentzen zaizkie. Beraz, beldurragatik isiltzen da, esango denagatik. Gizartean marra ezkutu bat dago eta marra horren azpitik daudenak arriskuan daude.

Hitz egin dezagun Serenity Star zamaontzian inora alde egin ezinik dauden atzerritar langileez. Zer harrera egiten zaie?
Abandonatuak daude administrazioaren partetik, baina ez dira bakarrak. Vallejo familiako hiru belaunaldiak ere, Nerea, aita eta aitona abandonatuak daude. Denak lotzen ditu inoiz albo batera utziak izanak. Bada azpian, ordea, beste geruza bat hain agerikoa ez dena eta nik azpimarratu nahi nuena. Hain justu, gizarte batek nola erreakzionatzen duen errukitik destainara edo gorrotora, kasu honetan, atzerritarren etorrerarekin. Uste dut giza kondizioarekin bat datorrela. Diferenteak gure eskemetan sartzen ez den zerbait egitean, ezinegona azaleratzen zaigu. Eta horren atzean susmoaren kultura saretzen da.

“Idazteko lanak hartzen ditugulako ulertzen dugu gauza asko” dio Nereak. Zuri ere lagundu dizu idazteak?
Idazketak ez dit zama kentzen niri. Istorioa bukatuta ere ez naiz erabat lasaitu. Baina, bestalde, honetaz hitz egiten ari gara eta ez da gutxi. Pertsonaia hauen bitartez gauza asko interpretaziorako zabalik geratzen dira eta nik hori nahi nuen. Bizitzan ere berdin. Pertsonen arteko harremanak ez dira itxiak inoiz.

Eskerrak, iragana gainetik kentzen ez baita beti asmatzen.
Nahi dugu iraganarekin eten baina ezin beti lortu. Uste dut Nereak eleberrian lortu duela. Nik ez, ordea.

Zure kezkak agerira ekarri dituzu, behintzat.
Bai, eleberrian bi obsesio daude. Bata, boterearen azpian dagoena eta antzematen zaila dena da, baina eguneroko harremanetan nabari duguna. Bestea, memoriarena. Bi horiek azaleratzen saiatu naiz Zamaontzian.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina