Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Azaroan kaleratu da Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argitaratutako disko bikaina. (Elkar-Argiak 2013). Diskoaz gain, proiektuaz hitz egin dugu Ken Zazpi taldearekin eta Fernando Velazquezekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren moldatzaile eta zuzendariarekin.
Azalduko zeniguke, nondik sortu zen proiektu honen abiapuntua?
– Fernado Velazquez: Nahiz eta proposamena EOSek egin, nik betidanik izan dut horrelako proiektu batean parte hartzeko gogoa. Izan ere, musika guztia, musika da. Horregatik oso zorioneko sentitzen naiz tartean egoteko aukera izan dudalako. Orkestraren proposamenean, bi mundu hauek elkartu ahal izan ditugulako, mundu berdina badira ere, arrazoi historikoak medio, bi mundu desberdin bezala ikusi izan baitira.
Zer sentitu duzue Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zuen kantak interpretatu dituenean?
– Ken Zazpi: Ederra izan da, apasionantea. Gure betiko kantu bat, arima galdu gabe ze jantzi ezberdinekin atondu daitekeen ikustea itzela izan da. Energia guztiz ezberdina da, ez hain elektrikoa. Paisaia ezberdin batean aritu izan gara, eta kantuak berrinterpretatu behar izan ditugu. Batzuetan zaila ere egin zaigu, kantu batzuk ikasiegi genituelako. Kantuak ahaztu, eta zerotik, aske jotzen eta entzuten ahalegindu gara.
Zer ikusi zenuten Ken Zazpi bezalako talde batean?
– Fernado Velazquez: Jende askorentzat esanguratsua den zerbait egiteko aukera ikusi genuen, gugandik hasita. Ken Zazpiren abestien esanahia eta energia jende askorentzat oso baliagarria da eta hori abiapuntu ezinhobea izan da, badakigulako oso publiko fidela dutela eta jendeak orokorrean asko estimatzen duela egiten dutena. Orkestrarekin antzeko zerbait gertatzen da eta zoragarria da hainbeste energia positibo elkarrekin sentitzea, zerbait kontatzeko izatea eta jendea entzuteko prest egotea.
Kanten aukeraketa egiterakoan, zer izan duzue kontuan?
– Ken Zazpi: Diskoko kantuak biltzen dituen hari singlea, lanerako erabili dugun hezurdura, dena hiru mugimendutan banatzea izan da, iragana, oraina eta geroa. Hau kontzeptu bezala erabili dugu, eta obra oso bat bezala ulertzen lagundu digu. Sortzeko garaian orokortasun bati lotzen gatzaizkio, eta inoiz elkarrekin lan egin ez dugunon artean bide amankomun bat marrazten lagundu digu; gai, mezu, estetika eta moldaketen aldetik. Eta horrela errepertorioa aletzen joan gara. Genituen errekurtso eta timbre guztiei espazioak uzten saiatu gara, ez hainbeste kantu bakoitzean, baina bai lan osoan. Orkestrarentzat uneak, taldearentzat, eta zailena, biak aldi berean uztartzen ziren momentuak errespetatzea izan da. Sinfonikora hobekien egokitzen ziren kantuak aukeratu ditugu azkenean.
Zein izan da kolaborazio honetan gehien harritu zaituen esperientzia?
– Fernando Velazquez: Uste dut hoberena zuzeneko emanaldiak izango direla, baina ilusio handia ematen dit pentsatzea egindako lana jendearen eta musikarien bizitzan betirako disko formatoan geratuko dela, eta grabazioaren momentu erreal hori beste alor ia mistiko batera pasa dela, beste artista batzuekin gertatu den bezala (gogoan dut Mikel Laboaren “Baga, biga higa” Donostiako Orfeoiakin, bertan jotzeko aukera izan nuen), momentu hori jende askok gogoratzen du. Proiektua aurrera ateratzeko komunean duguna kontutan izan dugu, desberdinak bagara ere, taldearen abestietan bat eginez. Eta Ken Zazpik beraien kantuetan tartea eskaini digute, nahiz eta seguruenik kostatu zaien ere. Azken finean horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko malgutasuna behar da bi aldeetatik, denok irabazle ateratzeko. Esperantza daukat eskuzabaltasun horrek eskaini digula energia eta hori, diskoan eta zuzenekoetan nabarituko dela.
Zein izango litzateke disko honen ezaugarririk nabarmenena?
– Ken Zazpi: Paisaia argi eta ilunak, are argiago eta ilunagoak egitea lortu dugu, kantuen esentzietara abandonatu gara, eta inoiz baino musikari gehiagok parte hartu badute ere, kasu askotan oinarrira, kantuen sustraira gehiago hurbildu garenaren sentsazioa daukagu. Ñabardura askoko diskoa da, oso intentsoa, eta uneka intimoa.
- ← Amagoia Mujika: “Pailazoen mundura sartu-irten bat da liburuak proposatzen duena”
- Joko hezitzaileen tailerra – Zoob sormen LEHIAKETA →