Gaur  goizean  Martin  Ugalde  kazetari  eta  idazle  andoaindarraren  jaiotzaren  mendeurrenaren  karietara  antolatuko  diren  egitasmoak  aurkeztu  dira  Andoaingo  Martin  Ugalde  kultur  parkean.  Bi  helbururekin:  batetik,  Martin  Ugalde  gogora  ekartzea,  euskal  kulturari  egindako  ekarpen  handiagatik;  bestetik,  baliatu  nahi  izan  da  urteurren  borobil  hau  Ugalderen  lana  berriro  azaleratzeko,  erakusteko  eta  edonoren  eskura  jartzeko.  
Martin Ugalde jaioa zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta jada abiatuta daude hainbat ekimen hura gogoratzeko:
- Euskal Idazleen elkarteak Itsasargiak egitasmoaren baitan, Martin Ugalderen bi ipuin podcast bihurtu ditu Donostia Kulturaren laguntzarekin. Itsasargiak ekimenak garai zailenetan iparrorratz izan ziren idazleei gorazarre egitea du helburu. Euskal Idazleen Elkarteak sortu eta Donostia Kulturak lagunduko duen asmo honetan, lehen omendua Martin Ugalde izango da aurten beteko dira-eta 100 urte jaio zela. Mantal Urdina eta Gizontzarra ipuinak podcast bihurtuz eta sarean zabalduz gogoratu dute Martin Ugalde, Liburuaren Nazioarteko Egunean egin zen grabaketan. Ahotsak: Garbiñe Ubeda, Inazio Mujika, Anjel Lertxundi, Garazi Kamio, Koldo Izagirre, eta Arantxa Urretabizkaia.
 - Hondarribiko Udal Liburutegiak antolatuta, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Zuloaga Etxean Martin Ugalderi eskainitako txokoan Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituzten bertaratutakoek.
 


