Euriak eta behe lanbroak umeldutako poema sorta bat argitaratu berri du Fertxu Izquierdok Pamielarekin: Gari errearen urrina. Sinbolismo handiko lana da, bizitzaren edertasunari zein haren ilunari mintzo zaiena, bi-biei.
Lehenbiziko olerkian bertan azaleratu, eta ondotik aldizka-aldizka bistaratu duzu liburuan hari gisara funtzionatzen duen irudia: basurde zuri batzuena. Olerkietako ahotsetako batzuk basurdeok noiz agertuko zain daude. Zer ahalmen antzeman diozu sinbolo horri?
Asko gustatzen zitzaidan lehendik ere; Franco Battiatoren kanta batetik hartu nuen. Gero, ikertu, eta jakin nuen basurdearen sinbolismoa deabruarekin lotuta dagoela kultura batzuetan, eta, aldiz, beste batzuetan kutsu baikorragoa duela, magikoa. Nik bigarren esanahi horri heldu diot gehiago, ona den zerbaiten zain gaudela irudikatu nahian.
Liburuak bi atal ditu, eta aurrenekoak atzera kontaketa bat simulatzen du, itxaronaldi moduko bat, poemaz poema. Irakurleari tentsio gisako bat sorraraztea zenuen xede?
Bai, baita atal hori leherketa baten modukoa den olerki batekin bukatzekoa ere, haren ondoren, bigarren atalean, beste tonu itxaropentsuago bat ekartzeko poemetara; hori, eta estilo intimoago bat.
Halere, irudipena da ez zarela saiatu disimulatzen munduko gatazka eta miseriei erreparatzean sentitzen duzun etsipena. Poemetara ekarri dituzu Gaza, Jerusalem eta Zisjordania. Baita Minneapolisen hildako George Floyd ere. Erraz aurkitu duzu haiek olerkietara ekartzeko formula?
Formarekin jokatuz lortu dut: maiuskularik gabe, puntuaziorik gabe batzuetan… gordintasunean aurkitu dut modua larridura, ezinegona eta presioa transmititzeko. Bestalde, adibide zehatzak izendatzea ere garrantzitsua iruditu zait, abstrakzioan ez erortzeko.
Kezkek hartutako gogoetei kontrapisuarena egiten diete maitasunari, desirari edo gazte garaietako irrikei buruz idatzi dituzunek.
Ni poetiko horren bizipenak dira guztiak, egunerokotasunekoak, eta egunerokotasuna islatzeko berdin erabil ditzakezu albisteetan entzuten dituzunak edo samurtasun uneak, edo oroitzapenak, edo amodioa bera, edo laguntasuna, edo poema batzuetan azaleratu dudan erotismo fin bat. Hala nahi nuen.
Eta, hala eta guztiz, Hamalau (solairu) izeneko olerkian zera diozu: «Eta euriak belarraren/ gainean/ gogorarazten dit/ berriro gaza eta/ maitasun olerkiek galtzen dutela zentzua».
Ideia hori behin baino gehiagotan agertzen da liburuan. Pentsa: poesia idazten zabiltza, eta, bat-batean, lehertu da berriz Gazaren kontrako erasoaldia. Egia esan, mundua miseriaz betea dagoen honetan, irudi lezake poesia idazteak ez duela zentzurik. Baina, gero, pentsatzen duzu gehiago, eta ohartzen zara baietz, baduela, eta igual maitasun poema bat ere behar dugula batzuetan, nahiz eta, gertatzen ari den guztiarekin, horretarako gogoa ere kenduko diguten azkenerako.
Zure olerkiek detailez jositako eszenen segidak dirudite kasik. Zerorrek ere imajinatzen dituzu, irudiz, idatzi ahala?
Guztiz: nik ikusi egiten ditut irudi horiek guztiak, argi eta garbi; bata bestearen atzetik etortzen zaizkit. Gero, jakina, poema eraikitzeko prozesua ezberdina da kasuan-kasuan. Batzuetan argi daukazu guztia, eta laster ateratzen zaizu; beste batzuetan, milaka aldiz bueltatu behar izaten duzu poema berera, gustura gelditu arte.
Fertxu Izquierdo eleberrigileak eta Fertxu Izquierdo poetak zer dute komun? Eta zer diferente?
Gaiak konpartitzen dituztela uste dut; hitzen atzean dauden ideiak eta kontzeptuak antzekoak izaten dira. Euria da bat; beste bat, gaua.
…eta gauetik, euria eleberrian egin bezala, liburu honetan ere «soinu banda bat» eskaini diozu irakurleari: kantu zerrenda bat QR batean. Musikak zer toki du zure idazketa prozesuan? Eta nola nahiko zenuke irakurleak erreminta hori baliatzea?
Idazten ari naizenean, ni beti-beti-beti aritzen naiz musika entzuten. Eta, gainera, poemen kasuan, bereziki gustatzen zait kantek hitzak izatea. Kanta batek eraman nazake gero poema batean garatzeko moduko ideia batera, edo, alderantziz, poema baten ideiak kanta bat ekar diezadake gogora, eta, halakoetan, kanta horretara jotzen dut, eta entzun egiten dut, buklean ere bai, batzuetan, eta irudiak bururatzen zaizkit poemetarako.
Gustatzen zait prozesuaren parte izan diren kantu horiek guztiak ere irakurleari ematea, nahi bezala erabil ditzan. Nahi badute, entzun ditzatela irakurri bitartean; edo olerkiak irakurri aurretik, edo ondoren. Edonola ere, uste dut kantek osatu egin dezaketela idatzita dagoena.
Forma eta ahots berri batez jantzita, baina, ohi duen gisan, gogoeta pizten duen lan batekin itzuli da literaturara Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) idazle eta bertsolaria. Zaldi bat (Txalaparta) nobelan, heriotza, dolua, memoria, laguntasuna eta amatasuna bezalako gaiak jorratu ditu. Eta, horiek guztiak zeharkatzen, zaldi bat; grisa, marroia baino gehiago.
Doluak gurutzatzen du liburu osoa, baina askotariko ertzetatik jorratu duzu. Zer garrantzi du doluak lan honetan?
Liburua idazteko arrazoi nagusietako bat zen doluari buruz hitz egin nahi izatea. Hasieran hiru lehengai neuzkan: pertsona konkretu bat, erreala, hil egin zena –liburuan Unairen pertsonaia dena–; haren heriotza, eta haren dolua. Batez ere, klasifikatuta ez dagoen dolu bati buruz nahi nuen idatzi. Irudikatu dezakegulako zer den senide bat edo bikote bat galtzea, baina ez dugu hainbeste hitz egiten lagun baten doluari buruz, eta hori interesatzen zitzaidan.
Zaldiak hasieratik du toki nabarmena liburuan, baina ia presentzia oniriko bat dirudi: Unairen ordezko gisa funtzionatzen du, baita Miren protagonistak bizi duen gatazkaren isla gisa ere. Errealaren eta sinbolikoaren arteko mugak desitxuratu nahi zenituen?
Ez neukan argi giro fantastiko bat eman nahi nion; Mirenen buruan dagoena islatu nahi nuen: Mireni tresnak falta zaizkio dolua kanalizatzeko eta horrek eramaten du “eromen” moduko batera. Mendebaldeko gizarteetan arrazoiarekin oso lotuta gaude, baina uste dut badirela gauza batzuk ezin direla arrazoiaren bidez esplikatu, eta horietako bat izan daiteke dolua. Doluak batzuetan eramaten gaitu modu arrazionalean zentzurik ez duten gauzak egitera, eta Mireni hori gertatzen zaio. Eta haren eta zaldiaren arteko harremana interpretatu daiteke literalki idatzia dagoen bezala, edo bere buruan dagoen zerbait bezala.
Protagonistetako bat Unai da, eta ez da pertsonaia ideal bat; alde ilun asko ditu. Haren irudia Mirenen oroimenak iragazita heltzen zaigu batez ere. Interesatzen zaizu erakustea nola eraikitzen den jada ez dagoenaren memoria hura ezagutu zutenen bitartez?
Bai. Batetik dago Mirenek hari buruz gogoratzen duena, baina beste txatal batzuetan agertzen zaizkigu hari buruzko pasarteak, beste ikuspegi batzuetatik, gordinagoak. Interesatzen zitzaidan haren aurpegi diferenteak erakustea, ez ematea irudi idealizatu bat; gainera, horrek konplexutasuna ekartzen zion Miren eta Unairen arteko harremanari ere. Ematen duelako lagun bat hiltzen zaigunean bakarrik bere alde onak azpimarratu behar ditugula, baina denok dauzkagu alde argiak eta ilunak, eta hori ere erakutsi nahi nuen. Uste dut beste harreman mota batzuei buruz askoz gehiago hitz egiten dugula, baina laguntasuna oso gai interesgarria da, ertz asko dituena.
Pertsonaien testuinguruak, herriak, pisu handia du liburuan, eta ez da idealizatuta agertzen, isiltasun deserosoz eta zauri partekatuz betetako espazio gisa baizik. Bilatutako zerbait izan da?
Bai. Ni herri txiki batean bizi naiz, Lesakan, eta egunerokoan ikusten ditut herriaren alde on eta txarrak. Kontakizun nagusian ez dut herri jakin bat irudikatu, baina atal batzuk Lesakan kokatuta daude, Unairen pertsonaia inspiratu duen pertsona erreala Lesakan bizi zelako. Pertsona hori inspirazio iturri izan da, baina ez dut haren biografia idatzi nahi izan. Batetik dago nola ezagutu nuen nik, eta, bestetik, saiatu naiz testuinguruan kokatzen; asmatzen nola eraiki zen pertsona edo pertsonaia hori testuinguru sozial eta politiko zehatz horretan, garai horretan, eta gizon jaiota. Ariketa hori egiten saiatu naiz.
Zure hirugarren nobela da hau eta estiloan aldaketa nabarmena sumatzen da. Modu zatikatuan idatzi duzu, txatalka. Hautu estilistiko hori eduki emozionala formara eramateko modu bat izan da?
Baliteke inkontzienteki baietz, baina ez da nahita egindako zerbait izan. Hasieran blokeatuta nengoen, ez nekien buruan neuzkan intuizioei zer bide eman. Txatal horietako batzuk idatzi nituen; gero kontakizun nagusiarekin hasi nintzen, baina ez nituen txatalak bota, iruditzen zitzaidalako istorioa osatzen zutela. Zati horiekin, eduki jakin bat transmititzea baino, interesatzen zait irakurlea sentsazio batekin geratzea.
Liburuaren hegalean irakur dezakegu idazletzak eta bertsolaritzak, bi-biek duten eragiteko gaitasunean sinetsita aritzen zarela sorkuntzan. Lan honekin ere ekarpen politiko edo soziala egitea bilatzen duzu?
Nire identitatearen ataletako bat da sortzaile izatea, baina beste bat bada mundua eraldatzen saiatzea, eta sorkuntza erabili nahi izaten dut horretarako. Liburu honetan inoiz baino gutxiago egin dut hori modu instrumental batean; izan da askoz asmo pertsonalago bat: nahi nuen doluari buruz idatzi, laguntasunari buruz… Horiek ere erabat politikoak direla uste dut, baina inoiz baino askeago idatzi dut, irakurlearengan hainbeste pentsatu gabe.
Apuntatu izena: Amaia Gurbindo (Burlata, 1998). Agatha Christieren nobela entzutetsua itzuli du, eta lan horren emaitza da Hilketa bat iragartzen da eleberria, Igela argitaletxearen eskutik.
Agatha Christie zalea zara?
Bai, etxean beti izan dira oso zaleak, eta beti izan ditut inguruan Christieren liburuak. Dena dela, aitortuko dut orain askoz hurbilagotik ezagutu dudala haren lana. Beste modu batean begiratu diot, bai Christieri, bai haren lanari.
Nola iritsi zitzaizun liburua itzultzeko gonbita?
Liburua itzultzeko proposamena bi lankidek egin zidaten, Itziarrek eta Xabierrek.
Izenburuak aurreratzen digun bezala hilketa bat iragarri da. Iragarkiaren arabera, gainera, ordua eta lekua ere jakinekoak dira. Hortik aurrera, zer?
Herriko biztanleek iragarkia egunkarian ikusten dutenean, ez dute serio hartzen: uste dute jai moduko bat izango dela, edo jolas moduko bat. Halere, hilketa benetan gertatzen da, eta ustezko jai horretan zeuden guztiak bilakatzen dira susmagarri. Gezur txikiak, iragana… oso argia zirudien hori ilun bilakatzen da.
Itzuli duzun lehen eleberria da. Nola sentitu zara prozesuan?
Oso berezia izan da. Literatura itzultzea interesgarria da, patxadaz hartu beharreko lana. Esan bezala, polita izan da Christie hurbilagotik ezagutzea, baina ardura puntutxo bat ere izan dut. Haren tonua, erritmoa, hitz-jokoak… euskarara ekartzea puzzle bat osatzearen antzekoa izan da. Irakurleari atsegina egingo zaion irakurgaia osatzen saiatu naiz, baina Christieren berezitasunak ezabatu gabe.
Zein da, zure iritziz, itzulpen on baten gakoa?
Tira, galdera horrek ez du erantzun zuzen bakarra, itzulpen on mota asko egoten ahal da. Dena den, kasu honetan eta nire ustez, itzulpen on batek mezuari begiratu behar dio, testuaren zentzuari, istorioak esan nahi duenari. Kulturen eta garaien arteko zubia egitea ere garrantzitsua iruditzen zait, hartzailea istorioan murgildu dadin eta jatorrizko lanaren testuingurua ulertu dezan. Horrez gain, uste dut askotan itzulpengintza lanbide bakartitzat hartzen dugula, baina ez duela zertan hala izan. Itzulpena ahalik eta txukunena izan dadin, galdetu egin behar da: beste itzultzaile batzuei, gai bati edo besteari buruzko ezagutzak dituztenei… Zalantzak komentatzeak edo hurbilekoei iritzia eskatzeak asko aberasten du itzulpena.
50 urte bete berri dira nobela beltzaren dama britaniarraren hil zenetik. Zer nabarmenduko zenuke haren idazkeratik?
Christieren idazkera berezia da, sinplea dela pentsatzen ahal dugulako. Elkarrizketa asko du, esaldi ez oso luzeak… Baina ageriko sinpletasun horretan, irakurleak lerro artean irakurtzen jakin behar du. Izan ere, Christiek garrantzia ematen dio idatzita dagoen horri, baina baita idatzita ez dagoenari ere. Itxuraz espontaneoa da, liburuan egunerokotasuna da nagusi, istorioa herri batean eta bertako etxe eta inguruetan gertatzen baita. Hala ere, dena oso neurtuta dago; ez da kasualitatea zer, non eta nori esaten zaion.
Zeintzuk dira itzultzea gustatuko litzaizkizukeen beste egileak?
Tira, Agatha Christieren beste lan bat itzultzea bikaina litzateke, baina beste lan motaren bat egitea ere gustatuko litzaidake. Haur eta gazte literatura, antzerkia… aukera asko dago. Egia esateko, gustatuko litzaidake ahots propioa duten idazleak itzultzea, hau da, idatzitakoaren bidez helarazitakoa erakargarria izan dadila irakurleentzat, eta aldi berean erraz identifikatzekoa, testuaren formarengatik eta islatutako ideiengatik.
Silueta (Susa, 2025), idatzi gabeko nobelaren kritika bilduma ondu du Harkaitz Cano idazleak. (Irakurri +)




