Euskal kantagintzaren ahots berrietako bat da Aguxtin Alkhat heletarra. 2013ko Ihes egin EParen ostean, Haizeen meneko (Elkar) lehen disko luzea kaleratu du. Talde-soinua indartu eta lan anitza osatu du Alkhatek: tentsioa, baretasuna eta goxotasuna bildu ditu doinuetan, itxaropena eta kemena zabaldu hitzetan.
Alkhat abizenaren pisua sentitzen da Ipar Euskal Herrian?
Bai, txikitatik. Gurasoek etxe zahar bat erosi zuten Armendarizen eta han handitu ginen. Euskaldun anitz badira han baina gu ginen nolabait “Enbata zikinak”. Bi familia bakarrik ginen ikastolara joaten leku hartatik. Aita [Ernest bertsolari zena] euskalduna eta abertzalea zen, eta beti sentitu dugu begirada pisu bat frantses sentitzen diren euskaldunen aldetik. Bestetik, abertzale munduan gu beti izan gara Alkhaten semeak. (Irakurri +)