Bernardo Atxaga: “Etxeak eta hilobiak”

Etxeak eta hilobiak - Bernardo Atxaga

“Pamielari esan diot, ahal bada, kartelean jartzeko nire “azken nobela” izango dela hau”

Errealitatearen  labirintoan sartu eta barrutik hitz egitea da idazlearen lana  Bernardo Atxagaren ustez; “sentimentuak harrapatu eta  egiak azalerazi”.  Horregatik egongo da idazlea  “eromenetik hain hurbil”.

Etxeak eta hilobiak sekula idatzi duen nobelarik konplexuena dela dio.  Irakurleak, berriz, jauzia nozitu gabe egingo du errealismotik surrealismora, bihotza uzkurtu eta irribarre. Atxagaren azken nobela da hau, izatez eta desioz. Beste leku (literario) batzuk bisitatu nahi ditu aurrerantzean: txikiagoak neurriz baina ez sendotasunez.  

Zuk aldarrikatzen duzun idazkera demokratikoarekin ondo datozen lekuak dira etxeak eta hilobiak, berdindu egiten gaituztenak.

Idazle demokratikoak beti ikusten du bere burua gizarte baten barruan, komunitate batean, eta arbuiatu egiten ditu XIX.mendeaz geroztik etorri diren beste ereduak, artista jainkotuarena edo artista autistarena. Gure kasuan, ezinbestekoa da, euskaraz ari gara eta. Kafkak esaten zuen, txekieraz idaztea zoragarria zela; instant batean ekintza politiko bihurtzen baitzen. Gauza bera gertatzen da euskararekin. Euskaraz idaztea, beste ezer gabe, ekintza politikoa da. Komunitatearekin, gizartearekin, dago lotuta eta ondorioz, demokratikoa da. Eta nik eredu hori asko maite dut, agian beste  eredua asko gorrotatzen dudalako. Marfilezko dorrean sartzen den artista ez da nire maitia. (Irakurri +)