Lizar Begoñak irabazi du Igartza saria

Lizar Begoña (Irudia: Hiruka)

Lizar Begoña idazle sopelaztarra izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hogeita bost urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamaika proiektu aurkeztu dira, eta “Itzalkinak eguzkitan” izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.


Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Lizar Begoña Madariaga izan da, 1996an Sopelan jaioa eta bertan bizi dena. Arte Ederretan graduatua da  eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria), Donostia Kultura saria irabazitakoa, eta 2022an argitaratu du bigarrena, Gepardo japoniarrak (Susa), hau ere poesiazkoa.


“Itzalkinak eguzkitan” proiektuak Benidormera garamatza: gune turistikoetan kokatutako kiosko bat da gertalekua, eta bertan lan egiten duten emakumezko bi dira protagonistak. Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizikizunak… Gertakizunekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak.