Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena dela-eta, egitasmoak aurkeztu dira

Gaur goizean Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren jaiotzaren mendeurrenaren karietara antolatuko diren egitasmoak aurkeztu dira Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Bi helbururekin: batetik, Martin Ugalde gogora ekartzea, euskal kulturari egindako ekarpen handiagatik; bestetik, baliatu nahi izan da urteurren borobil hau Ugalderen lana berriro azaleratzeko, erakusteko eta edonoren eskura jartzeko.

Martin Ugalde jaioa zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta jada abiatuta daude hainbat ekimen hura gogoratzeko:

  • Euskal Idazleen elkarteak Itsasargiak egitasmoaren baitan, Martin Ugalderen bi ipuin podcast bihurtu ditu Donostia Kulturaren laguntzarekin. Itsasargiak ekimenak garai zailenetan iparrorratz izan ziren idazleei gorazarre egitea du helburu. Euskal Idazleen Elkarteak sortu eta Donostia Kulturak lagunduko duen asmo honetan, lehen omendua Martin Ugalde izango da aurten beteko dira-eta 100 urte jaio zela. Mantal Urdina eta Gizontzarra ipuinak podcast bihurtuz eta sarean zabalduz gogoratu dute Martin Ugalde, Liburuaren Nazioarteko Egunean egin zen grabaketan. Ahotsak: Garbiñe Ubeda, Inazio Mujika, Anjel Lertxundi, Garazi Kamio, Koldo Izagirre, eta Arantxa Urretabizkaia.
  • Hondarribiko Udal Liburutegiak antolatuta, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Zuloaga Etxean Martin Ugalderi eskainitako txokoan Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituzten bertaratutakoek.

(Irakurri +)