Sari bikoitza Tene Mujika bekan

Batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du; bestetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute.

Sari bat ez baizik eta bi emango ditu aurten Tene Mujika sariak. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren; horien guztien artean saria bi lani “ex-aequo” ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Orain urtebeteko epea izango dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
  (Irakurri +)