Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez

Amatasunei kantatuz eta gorputzetatik dantzatuz, M ama* eme* ume* idatzi dute Erika Lagomak (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975). Umetoki, mamitu, emekiro, maitasun, emagin, momentu, eman, magal, emozio, mundu… Gauza asko ahoskatu ditzake m letrak: hainbat leku magiko, zenbait bizipen, hurbileneko pertsonak, animalia diren gorputzak, prozesuren bat edo beste…

Zenbat m txiki kabitzen dira M handi batean?

M handiaren tamainaren arabera, eta gurea infinituaren lagin bat da. Milioi bat izan zitezkeen, baina 13 dira. 13 ahots, 13 bizipen: erditu direnak eta ez direnak, ama ez izatea aukeratu dutenak, ama bakarrak, banatu diren amak, adopzio-bidezkoak, amamak, etorkinak, ama lesbianak… Agertzen da amatasuna eta eritasuna, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa, migrazioa, osasun mentaleko arazoak… Agertzen dira galerak: galdutako umeak eta doluak. Eta bi aita. Ez gaude denak, kabitzen ez garelako. Ama batekin egoten garen aldiro, liburuan egon behar zuela iruditzen zaigu. (Irakurri +)