Elkar diskoetxeko udazkeneko nobedadeak

Elkar diskoetxea buru-belarri ari da udazkeneko produkzioa lantzen. Gustu guztietako musikazaleentzako zerrenda luzea osatu du euskal diskoetxeak. Datozen lau hilabeetan ikusiko dute argia ondorengo lanek.

KORTATU
Kolpez kolpe
(LP)
Azken guda dantza (2 LP)
Kaleratze data: irailak 4

Kortatu - Azken guda dantza Kortatu kolpez_kolpeTalde mitiko honen 30 urte bete dituen honetan, haren album guztiak binilozko formatuan kaleratu ditugu. Aurrez argitaratutako Kortatu: Kortatu eta Kortatu: El estado de las cosas lanei azkeneko bi lanak gehitu dizkiegu ilusio handiz: Kortatu: Kolpez  kolpe, euskara hutsean dagoen lehenengo albuma, eta Kortatu: Azken guda dantza, taldearen agur gisa grabaturiko zuzeneko diskoa. Bi klasiko.

 

 LA POLLA
No somos nada
(LP)
Kaleratze data: irailak 4

La polla records - No somos nadaHaien lehenengo bi lanak, Salve eta Revolución, berrargitaratzeaz gain, La Polla taldeak estudioan grabatutako hirugarren albuma, No somos nada, kaleratu dugu aurten, 1980ko hamarkadako punk musikaren lan esanguratsua.

 

 

(Irakurri +)

ON – Pello Ramirez & Xabier Zeberio

Biluztasunean hain ñabarduraz betea

 

Plazer haundia da musikaren ibilbidean bidailagun izan ditudan Pello Ramirez eta Xabier Zeberioren  ON izeneko lan hau gomendatzea eta are plazer haundiagoa nigan sorrarazi duen zirrararen ondoren.  Martxoan, estudioan topo egin genuenean entzun nuenak diskoa nolakoa izango zen asmatzen utzi zidan,  giro batek sorgindu ninduen orduan eta gauza bera gertatu zait orain, lan osoa entzuterakoan. Nickelharpa suediar tresnaren, eskusoinuaren, arrabitaren bidez euren begiradak bezain egiazkoa den musika aurkezten digute, jendaurrean emanez zizelkatuz joan dena, hunkidura kuttunenetatik dariona, eta horregatik hitz bakar bat ez entzunagatik ere malko bat azaleratzeko gai dena.

Bere biluztasunean hain ñabardurez betea. Vals, polska, mutil dantza edota erritmo libreen gainean doinu ederren maldak marrazten dizkigute eta haietan barna ibilaldi bat egitera eramaten, aurrean Daniela eta Gartxot laisterka, udako arratsalde barean, gure erreken hots kilikagarriak lagun eta irriño batez, iparralderantz, kai berrietara abiatu ziren mariñelei agur eginez,… 

Olatz Zugasti: “Kantuan atzean hainbat bizipen eta sentipen dago”

Gau hotzenean ere… amaitu gabeko esaldi iradokitzailea du izenburuak.
Bai, iradokitzailea egiten zitzaidan oso, diskoko 3. kantuaren izenburua da, Zerbait baikorra sumatzen uzten du, eta ongi ikusi nuen lan bati izen hau jartzea, kontutan izanda musikalki malenkoniarako dudan joerarekin…gutxienez izenburuak lagundu dezala islatzen nire izaera bikoitz hori

Kontaiguzu labur nolakoa den diskoa.
12 kantu eta 2 instrumental ditu. Orotara disko intimista dela esan genezake, harpa izan da konposatzeko erabili dudan tresna eta giro intimista bat atera zait horretatik, janzkera pixka bat nahi nuela eta Mixel Ducaurengana jo nuen, honek gitarrekin eta haizezko tresnekin aberastu zezan pixka bat, eta moldaketa orokorretan niri lagun ziezadan… Arkaitz Mineren arrabita ere entzun daiteke, Iñigo Egia perkusioetan, Amaiur Cajaraville kontrabaxuan eta Caroline Phillips zarrabetearekin…gero bada oparitxo bat amaieran, ziur nago jendeak bereziki gustokoa izango duela, eta hori da orioko Ikastolatik ateratako talde baten ahotsak, OLAXKA izenarekin ematen dira ezagutzera, eta benetan gustora nago hoiekin egin dudan, eta egin dezakedan lanaz…azken bi kantuak eurek kantatu dituzte

Sentimenduz eta hunkiduraz betetako abestiak sumatzen dira; horren bila al zenbiltzan?
Gauza polita esaten didazu, alegia hunkidura isladatzen baldin badute pozgarria da neretzat… kantuen atzean hainbat bizipen, sentipen, amorruzko edo hunkidurazkoak daude eta gero guzti hoiek kantu baten hizkuntzan isladatzen baldin badituzu asmatu egin duzu…hori da nik uste dut musikarion bilaketa.

Letra eta musika asko zureak dira. Kontaiguzu labur nola den sormenaren bidea zugan.
Batzuetan hitzak sortu dira, lehen aipatutako bizipenen edota sentipenen ondorioz…eta gero honetarako joera dugunez musikarekin uztartzen saiatzen gara, eta orduan hasten da egosten…beste batzuetan berriz musika bat sortu da, eta gustatu zaizkizun hitzekin (besteren baten hitzekin) lotzen duzu, ondo badatorkio…edo zerbait esaten dizun olerkiren bat hartu eta doinu bat jartzen saiatzen zara, nola? Edo piano aurrean jarrita, edo harpa berarekin jolasean hasiz…

Brendan Graham irlandarra sarri agertzen da diskoan.
Brendan Graham irlandar kantuegile eta idazle ospetsu bat da, Irlandan 1845-52 bitartean iraun zuen gose garaiko kontuak nobela eta kantuetan azaldu dituena arrakasta haundiz…gaur egun hainbat munduko artistek kantatzen ditute bere kantuak, kantu hoietan ezagunena YOU RAISE ME UP izan daiteke…berarekiko harremana modu bitxian egin nuen, orain luze joko luke hori kontatzea, bainan esan daiteke adiskidantza bat sortu dela eta bere kantu batzuk itzulita eta neure erara egokituta kantatzen ditut disko honetan.

Arparen hots klasikoa oso ondo egokitzen da denboran atzera egiteko, Amaiur eta Lazarraga gogoan idatzitako Dontzellatxo kantuak horren erakusle.
Nik uste dut harpa jotzen dugunok etengabeko bilaketan ari garela tresna honi bere toki egokia aurkitzeko, klasikotik at…Alan Stivellen mireslea izan naiz beti eta berak gaur egungo musikaren baitan nolako espazioa egin dion tresna honi gustagarria egiten zait…eta beti dut bere erreferentzia gogoan

Orioko ikastola bi abestitan ageri zaigu kantari. Bietako bat, ikastolatik herrira esker kantua. Ia ereserki bat da.
BIZIRIK GAUDELAKO du izena eta zuk diozun bezela Ikastolak Herriari, bera sortu zuen herriari, eskeintzen dion amodio kantu bat da, irudi hori buruan nuela idatzi nituen hitzak OLAXKA taldeko nesken ahotsetan jartzeko Brendan Grahamen doinu batekin. Hitzak nahiko naif kutsua badute ere sentimendu minberak daude atzean ikustean gaur egun oraindik, sortu zirenetik 50 bat urte igaro diren honetan, nola Ikastolek euren izatea justifikatu behar duten kasu askotan, eta nola herriak beregan zituen asmoak neurri batean lausotu egin diren, edo lausotu egin nahi diren.

Bestea aldiz, Kantaita zure irratsaioaren sintoniarekin (Vartina finlandiarra) egindakoa da.
Bai, nostalgia esango dute batzuk, eta again bai, bainan hura aro bat izan zen nik oso gustora bete nuena, eta OLAXKA talde honekin lanean nabilen honetan eta kantuak kantatu eta sortzen e.a. pentsatu nuen sintoniatzat erabiltzen nuen doinu herrikoi hori berreskuratu eta bertsio bat egitea euskeraz. Oria Ibaia hartu genuen ardatz, berek hurbilen duten elementuetako bat.

Kantu bat aukeratzekotan zein hartuko zenuke, eta zergatik?
Egia esan behar badizut BIZIRIK GAUDELAKO kantuarekin neskek egiten dutenak bereziki hiunkitzen nau, gainera hemen Gasteizko Ibaiondo aretoan zuzenean ari dira Ikastolen Elkarteak egindako kurtso inauguraketan, eta bertan bizi izan genituen uneak ahaztuezinak izango dira guretzat. Hunkidura eta majiaz betetako saioa izan zen eta hasieran estudioko bertsioa egina bagenuen ere zuzeneko honetaz aldatzea pentsatu nuen, askoz ere hobeto zegoelako.