Xabier Olaso, Mikel Zarate sariaren irabazle

Xabier OlasoXabier Olasok idatzitako Erraldoiak kontakizunak irabazi du 2016ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkar argitaletxeak.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta zazpigarren ekitaldia izan da aurtengoa.

12 lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Olasok idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Erraldoiak izeneko istorio honek erraldoi-familia baten gorabeherak kontatzen ditu: Erraldoi du izena aitak, Maritantai amak, eta Patxikankailu semeak. Haien eguneroko bizitza eta zenbait abentura agertzen ditu istorioak, baita erraldoien mundu berezia erakusten duten hainbat elementu ere (amaieran erantsita, erraldoien entziklopedia txiki bat balitz bezala). Testuaren umorea azpimarratu du epaimahaiak, hizkuntzaren erabilera jostaria (hitz joko eta onomatopeia ugari), eta poesiarako joera: hainbat poema eta herri-kanta moldatu sartuz, besteak beste. (Irakurri +)