Xabier Mendiguren: “Sakonetak parodiatik eta karikaturatik asko dauka”

Xabier Mendiguren idazlearen nobela berria umoretsu, bizi, azkar doa. Jendetsua da, kolore askokoa eta irekia, oso irekia bukaeraraino. Interneten atalka eman zuen eleberria liburu bihurtu aurretik, eta sareko irakurleak gehiagoren eske geratu ziren. Jarraipena izango ote duen galdetu digu egileari.

 


Hitz gutxitan laburtuko zenuke eleberria?
Eleberri koral bat da Sakoneta, pertsonaia asko dituena eta batetik bestera igarotzen da kontalaria, kamera baten antzera, atal laburren bidez. Hori, teknikari dagokionez. Gaiari dagokionez, berriz, AHTren lanengatik hustuarazi nahi duten baserri bat da Sakoneta, bertako bizilagunak aurre egingo die agintariei, eta egundoko nahastea sortuko da. Han bilduko dira ertzainak, kazetariak, ekologista solidarioak…


Eleberria Abiadura Handiko Trenaz hitz egiteko aitzakiaal da?
Ez, ez da. Esan nahi dut nik fikzio lan bat egin nahi nuela eta halaxe egin dudala. Gero, AHTri buruz hitz egiten dute pertsonaiek, eta haien bitartez nik ere bai, neurri batean. Ez daukat ezkutatzeko gaiari buruz pentsatzen dudana, artikulu ugari plazaratu ditut proiektu horren kontra, baina eleberria ez da beste zerbaiterako tresna, berezko helburua baizik.


Eleberri errealista bat dela esango zenuke?
Bai eta ez. Gizarte arazo batez ari bada, ezinbestean izango du errealismotik zerbait; horrez gain, nire estiloa ere beti izan da errealismotik hurbila, bai erabilitako hizkeran, bai agertzen diren pertsonaietan, bai gizarteko egiazko giroak, lekuak eta joerak erakusteko borondatean. Hala eta guztiz, hemengoa ez da erretratu zintzo eta fidela, parodiatik eta karikaturatik asko daukana baizik. Errealismotik esperpentorako bidean dagoela esan liteke, beraz.


Pertsonaiek ba al dute errealitatearekin antzekotasunik?
Beharko izan, bestela oso deskuidatuta nabil. Hala ere, nobelaren izaera koral horrengatik eta parodia-teknikagatik, pertsonaietako asko zirriborratuta bakarrik daude, cliché modukoak direla esan liteke, ezinbestean. Beste batzuek, berriz, ñabardura eta sakontasun gehiago daukatela uste dut.


Eleberri umoretsua egin duzu? Behin baino gehiagotan erabili duzun baliabidea da, maltzurkeria ukitua duen umore hori. Zergatik?
Ba, eskerrik asko hala ikusi baduzu. Umorea bizitzaren aurreko jarrera bat da, neurri batean. Gauzei beste ikuspegi batetik begiratzeko, jarrera kritiko batetik nahi baduzu, baina bizipoza galdu gabe. Dena dela, ez da erabaki kontzientea izaten umore mota hori erabiltzea; beste hainbat kontu bezala, idazten ari zarela sortzen zaizu, edo ez.


AHTren aurkako jende edo taldeengandik iritzirik jaso al duzu? Eta bestelakorik?
Irakurleentzako liburu bat da hau, oro har, ez talde batentzat edo bestearentzat. Beraz, irakurle guztien iritziak interesatzen zaizkit, baina oraindik ez zait askorik iritsi, kaleratu berria delako.


Bukaera irekia du oso eleberriak. Izango al du bigarren atalik edo jarraipenik?
Ez. Amaitzen den bezala amaitzen da. Pertsonaien nondik norakoa asma liteke gutxi gora behera. Nobela oso irekia da hasieratik eta amaiera ere irekia du. Marmitteren inkognita gelditzen da hor, baina Marmitte liburu osoan zehar da inkognita handi bat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina