Bernardo Atxaga: “Desertuan norberaren burua ezagutzeko balio duten fantasmak esnatzen dira”
Basamortuak badu zerbait Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) behin eta berriro hara eramaten duena. William A. Douglass bekari esker, Zazpi etxe Frantzian liburua idazteko asmoz, Renon urtebete pasatzeko aukera izan zuen saritutako egileak. 2007an, emaztea eta bi alabekin Nevadako Unibertsitatera heldu zenean, desertuan barrena bidaiatzeko aprobetxatu zuen, nola ez. Han bizitakoa kontatzen du kaleratu berri den Nevadako egunak liburuan, non fikzio testuak, saiakerak eta gogoetak tartekatzen diren. Obabakoak liburu mitikoa argitaratu zela 25 urte betetzen diren honetan, egitura berbera darabil berriz ere idazle gipuzkoarrak bere liburu berrian.
Nevadan egon zinen garaian blog bat idatzi zenuen. Hura da liburu honen ernamuina?
Erabat. Orain dela sei urte hasitako lana da liburu hau eta aurrena izan zen Nevadan ikusi, entzun eta ikasitakoaren kronika moduko bat. Baina, denborarekin, forma mordo bat tartekatu da kronika horren barruan. Hau da, autobiografia hori beste testu batzuekin zeharkatzen da. Krakoa narrazio biografikoa da eta loturak era askotakoak dira. Nahiz eta hasieran ez nuen hori pentsatu, azkenean Obabakoak-en egitura bera hartu du. Liburu hau Nevadan barrena ibilera bat da eta ibilera horretan tartekatzen dira fikzioak, gogoetak eta saiakerak ere, amaieran dagoen Arabiako Lawrenceri buruzkoa bezalakoa.
Zer du berezitik hainbeste erakartzen zaituen Mendebaldeko Ipar Amerikak, eta hango basamortuak?
Ez dakit zergatik, baina nik hasiera-hasieratik, Etiopiatik, izan dut harreman intimo bat desertuarekin. Nire bizitzako paisaje bat izan da desertua. Beti eduki dut leku desertuetarako joera bat; poesia bat ikusi diot. Eta basamortua ere errebelazio bat izan da niretzat. Hau da, desertuan ibiliz gero, bakardade horretan, zure fantasmak esnatzen dira eta horrek norberak bere burua ezagutzeko balio du. Beste alde batetik, Ipar Amerikak erakartzen nau, munduaren lagin oso interesgarri bat delako; benetan, munduaren zentro izugarri bat delako.
Aipatutako fantasmak narrazio autobiografikoarekin tartekatzen diren pertsonaia horiek dira, orduan?
Bai, modu batean. Nevadako egunak bidaia-narrazio bat bezala irakur daiteke, edo errepide-narrazio bezala. Lehen aipatu dut Obabakoak-en egitura berbera duela. Liburu horretan, Sacamantecas zen fantasma bat; hemen beste batzuk agertzen dira. Paulino Uzcudun borrokaria, adibidez. Nik barrutik ezagutzen dut bere kasua. Munstro bat izan zen Uzkudun eta liburu honetako beste gai bat da munstroa; nola sartzen den munstroa jendearen eguneroko bizitzan. Nevadara iritsi eta segituan atera zen liburu bat, non Paulino Uzkudun agertzen den. Handik gutxira, bere entrenamendu etxea ikusi nuen.
Beldurrak badu bere protagonismoa: Black widow armiarmatik hasi eta zuen inguruan gertatutako bahiketa eta bortxaketa batzuekin jarraituz…
Beldurra da fantasmaren eragile. Eta Nevadan beldurra oso handia da. Haurrak bahitzearen beldurra, esaterako. Hemengo supermerkatuetan ez duzu ikusten umeak desagertu direla dioten oharrik, euren argazkiekin. Han hori oso arrunta da. Gainera, liburuan kontatzen dudan bezala, justu gure etxe ondoan krimen bat gertatu zen…
Aitaren ospitaleko egunak, amarekin zerikusia duten anekdotak… Zure oroitzapen intimo batzuk ere gehitu dituzu.
Horrek autoindagazioarekin du zerikusirik edo, nahi baduzu, ‘hitz egin bakarrik oso ondo ezagutzen duzun horretaz’ jokarauarekin. Egia ateratzeko gogoa da. Idazlearen lana bere ahotsa aurkitzea baldin bada, barruko gune ezkutua atera behar du, horrek elikatzen baitu literatura.
Estatu Batuetan lehenengo presidente beltzaren hautaketa egunak bizitzeko aukera izan zenuen eta hori ere islatu duzu liburuan. Nolakoak izan ziren egun haiek?
Pertsonalki, hurbiletik ikusita, aurreneko erreakzioa miresmenarena da. Miresmena Estatu Batuetan politikoak, forma aldetik, oso demokratikoak direlako. Hemengoekin konparatuta, askoz inplikatuagoak daude jendearekin bertatik bertara. Harritu egiten zaitu ikusteak jendeak nola aukeratzen duen hautagaia. Munduko jabeak dira, sekulako boterea eta handitasuna izango dute, baina barruko formak oso demokratikoak dira. Aldi berean, gauez helikopteroak sentitzen dituzu eta badakizu helikopteroetan soldaduak doazela. Las Vegaseko basamortuan ere ikus ditzakezu kupulak eta kupula horien azpian botatako azken bonba atomikoak daude. Halako gogoeta bat egin dezakezu bi puntu horien artean; batean eztabaidak eta giro demokratikoak, oso desiragarria, eta, beste puntan, gerra eta munduko bonbarik hilgarrienak, eta ezin duzu bat egin horrekin. Zentzu horretan, alde politiko hori liburuan ateratzeko arrazoia beteranoak ateratzeko gogoa izan zen. Izan ere, gerra beste gai bat da liburu honetan.
Erlazionatutako Albisteak
- ← “Jainko txiki eta jostalari hura” kontzertuko sarreren ZOZKETA
- Haur Literaturako Mikel Zarate V. Saria 2014 →