
Duela bost urte Nobel saria eskuratu ostean iritsi zitzaigun euskarara estreina Herta Müllerren lan bat, hain justu, sariaren urte berekoa da Ibon Uribarrik dotore asko euskaratutako eleberri poetiko hau, Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketak hauspotuta. Eta poetikoa dela diot hainbat arrazoirengatik. Hasiera batean, kontakizun hau idazteko proiektua Müllerrek eta bere lagun poeta Oskar Pastiorrek jarri zuten abian, baina Pastior hil ondoren Müllerrek berak hartu zuen lema, bakar-bakarrik. Emaitza ikaragarria da, eta hemen dator eleberri poetikoa izatearen bigarren arrazoia: pasarte oso-oso laburrak elkarri katigatuz, konzentrazio-eremu nazien esperientzia kontatzen du autoreak, kasik sufrimenduaren hiztegi bat idazten ari bailitzan, hitzak sortuz eta moldatuz, adierazi nahi duen hori zehatz-mehatz helarazteko. Zinez aipagarria Uribarrik nola lortu duen hori guztia gure eleetara ekartzea. Liburu bat, erronka bat, idazle bat ezagutzeko aukera itzela, hainbestetan aditu dugun sarraskia beste modu batean bizitzeko atea.

Batek ez daki banpiro eta sorgin istorioek zenbateraino sortzen duten beldurra, eta noraino ez ote dauden folklore bihurtuta; nolanahi dela, bistan da erakargarriak izaten jarraitzen dutela, bai zineman bai literaturan, batik bat gazte jendearentzat. Hala ere, egia da euskal literaturan gutxi samar landu izan direla terrorezko kontakizunak gazteentzat. Azkenaldiko lanen artean Asier Mendozaren Beste gu aipa genezake, Jon Eugiren Zortzi ipuin gotiko, eta hemen komentatzera goazena: Argixorgin, Esti Vivancok eta Joseviskyk eskuz esku sortu duten nobelatxo bikaina.
Gazteak dira egile biak. Esti Vivanco idazlea 1989an jaio zen Bilbon, eta hauxe du argitaratzen duen lehen lana. Joseba Larratxe “Josevisky” irundarra, berriz, 1985ean sortua da, komikian nahiz ilustrazioan bere trebetasuna erakusten ari dena.
Eta zer kontatzen du Argixorgin honek? Genero bat baino gehiagoko osagaiak ditu liburuak. Protagonista aurkezten zaigu hasieran, Illare, neskatxa lotsati bat, ahoskatzerakoan arazoren bat duela-eta gorriak ikusten dituena, ikaskideek barre egiten diotelako. Konplexu bat gainditu behar duen gaztearen gaia daukagu hor, batetik; bulling-aren itzala, bestetik. Illarek, zorionez, badu adiskide min bat, Nikole, zailtasun guztien aurrean lagunduko diona, baita maite duten gurasoak ere. Hain zuzen, gurasoek ekarriko diote logopeda bat, Agate, ahoskatze arazo hori konpontzen laguntzeko. Ederra bezain liluragarria da Agate, baina hura etxean sartu bezain laster igarriko dio Illarek zerbait okerra… (Irakurri +)
Alaine Agirrek ere bere lan berria aurkeztu du Durangoko azokako Ahotsenean. Oraingo honetan, bi idazlek egin diote elkarrizketa: Edorta Jimenezek eta Txani Rodriguezek. Odol mamituak liburuari buruz aritu dira hirurak.
Zergatik aukera duzu gai hau?

Euskal Herria liburuak duela egun gutxi ikusi du argia elkar Fundazioaren eskutik. Lau liburuki kaleratu ditu, bakoitza hizkuntza batean: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa. Liburu honen bitartez, elkar Fundazioak Euskal Herriari “herri” bezala begiratu nahi izan dio, paisaiari, naturari, historiari eta kulturari erreparatuta. Liburu honen nondik norakoak hobeto ezagutzeko, elkar Fundazioko Joxemari Sors-engana jo dugu.
Zer aurkituko du irakurleak Euskal Herria liburuan?
Euskal Herria liburuak “herri” bat garela aldarrikatu nahi du, hau da, existitzen garela. Liburu honen bidez, “herri” honen inguruko ikuspegi zabal bat eskaini nahi zaio irakurleari. Argazki ikusgarriekin eta testu erakargarriekin irakurlearengan interesa piztu nahi izan da; herri hau hobeto ezagutzeko interesa transmititu.
elkar Fundazioaren proiektua izan da. Zein helbururekin egin du Fundazioak liburua?
Liburu honen bidez elkar Fundazioaren misioa eta baloreak modu ikusgarrian zabaldu nahi izan dira. Kasu honetan, Euskal Herriaren ikuspegia elkar Fundazioaren argitaletxe baten bitartez ekoiztu da, Sua edizioak-en bidez. (Irakurri +)

Urte batzuk pasa dira John Anduezak gazteentzako lehenengo liburua kaleratu zuenetik. Larunbatean Bukowskin liburuarekin egin zuen salto Anduezak literatur mundura, eta geroztik beste bi liburu ere argitaratu ditu: San Ferminetan, Lesakan udaberrian aurkeztu zuen; eta duela aste gutxi Prime-time misterioz beteriko eleberri beltza plazaratu zuen.
Gaur Durangoko azokako lehenengo egunean, Gazteen egunean, Ahotsenean izan da San Ferminetan, Lesakan liburu dibertigarri eta aldi berean alaia aurkezten. Landako gunearen aurrean dagoen aretora gazte ugari gerturatu da, eta John Andueza gustura aritu da liburuaren nondik norakoak kontatzen eta ikasleen galderak erantzuten.
Anuntxi Arana antropologoak jasoko du aurten Durangoko Azokako Argizaiola saria. Anuntxi Arana (1947 – Luiaondo Aiara), frantses filologian lizentziatua, AEKko irakasle izan da Baionan, EHEko kidea eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa da.
Gaur egun, Angelun (Lapurdi) bizi da. Euskal mitologia ardatz, antropologian burutu ditu bere lan idatziak. Lehen hurbilketa Baionan egin zuen Diplôme universitaire de Basque ikasketen barruan, eta 1985ean Haranburu Altuna argitaletxeak argitaratu zion memoria gisa aurkeztutako lan hura, Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak izenburupean.
Ipar Euskal Herriko mitologia aztertzen lehena izan zen Jean Francois Cerquand. XIX. mendeko grafian Cerquand-en egindako lana berridatzi eta garaietara egokitu zuen 1986an Anuntxi Aranak eta bi liburutan argitaratu zen: Jean François Cerquand bilduma – Ipar Euskal Herriko Legenda era Ipuinak.
Hala ere, bere lan nagusia 1996an egin zuen: Bordeleko Uniabertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin zuzendutako doktorego tesia Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa izenekoa.
Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehenengo tesia izan zen. Baina Aranak berak zehazten du Jasone Salaberriaren tesia ere berearekin batera, garai berdinean, defendatu zela.
Gaur egun, eskuartean, hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lana prestatzen ari da udaberrian argitaratzeko. (Irakurri +)


