Nire liburu kuttuna

Zaila da liburu bakarra aukeratzea kuttun ditudan hainbesteren artean; baina, azken aldian irakurritakoetatik, honako honek egin dit ximiko bihotzean benetan: El curioso caso del perro a medianoche Mark Haddon-ena da.

Protagonistaren bidez, idazleak Asperger-en sindromea duen hamabost urteko mutiko baten abenturak kontatzen dizkigu, eta, batez ere, nola ikusten duen bere ingurua mutil gazte “berezi” honek. Mutil gazte berezia, bai, Christopher John Francis Boone. Izan ere, ondo funtzionatzen duen autista tankerakoa izanik, bere alde onak baditu halakoxe berezia izateak, baina baita zailtasun latzak ere. Batetik, matematikan fenomenoa da, memori izugarri ona du; bestetik, aldiz, ez du metaforarik eta txisterik konprenitzen, eta zapuzten da eta muturtzen da zarata edota informazio gehitxo dagoenean bere inguruan; gainera, ezin ditu aurpegiko espresioak irakurri, ez da sekula gezur bat esateko kapaz…

Hori guztia asko ez, eta zalekeria bitxiak ditu: plater berean bi janari elkarren ondoan ez du jasaten; gorria du maite, eta beltza gorroto; baldin ikusten baditu lau auto gorri segidan, egun biribila espero du; baldin ikusten baditu lau beltz, ordea, ez du gauza onik, egunak egin dio aurretik porrot.

Gauza horiek guztiak (gehi beste hainbat berexitasun bere-bere  gehiago) kontuan hartuta, mutiko protagonista honen bidez, munduaren ikuspegia zein ezberdina izan daitekeen erakusten digu Haddon idazleak ederki asko liburu honetan; eta, batez ere, guretzat “normala” dena ez dela beti errealitate bakarra ikustarazten digu.

Bizilagunaren txakurra hilda aurkitzen du Chistopher-ek eta, Toby patrikan lagun duelarik (maskotatzat duen xagutxoa),  ikerketa lanetan hasten da, hiltzailea aurkitzeko asmotan. Ikerketak berak nahi baino gauza gehiago deskubritzera  eramaten du, eta ordura arte finko zituen ideia asko jartzen dizkio kolokan mutiko protagonistari. Bere uste batzuek ustel gertatzen zaizkio… Gorriak eta beltzak ikusteko dago…

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario