Aparta
Joxe Azurmendiri behin edo behin aditu izan diot, bera Alemanian unibertsitateko estudiantea zen garaian, noizbait Txillardegi izan zuela bisitan (Bruselan erbesteraturik bizi zen garaian, 60ko hamarkadaren amaieran), eta, lagun batzuek festa batera gonbidatu zutelarik, biak joan eta, batekin eta bestearekin hizketan, jendea liluraturik utzi zuela Jose Luisek: hainbat hizkuntzatan aise eta dotore mintzo zen edozein kultur gairi buruz: kolonizazioa, filosofia, astronomia… Ingeniaria omen zen, eta nobelista, bere hizkuntzako literatura berritu zuena, eta gainera, halako batean pianoan eseri eta aho zabalik utzi omen zituen Chopin interpretatuz. “Eta gizon honek –kontatzen du Joxe Azurmendik galdetzen ziotela bere adiskide alemaniarrek gero– ETA fundatu duela diozu?”.
Txillardegi ezagututa (eta Azurmendi, bide batez esanda), alemaniar haiek gure herriaz aterako zuten iritzia ez zen, noski, errealitatearen isla zuzena izango; baina ezta Urtain bakarrik ezagututa aterako litzatekeena ere, eta gogoan daukat hura bai, euskaldunaren paradigmatzat saldu nahi izan zutela urte horietan.
Gizon aparta izan zen Txillardegi, askok esana dute eta nik ez dut argudio berririk asmatuko. Berezitasun horren beste alderdi bat nahi dut azpimarratu ordea, ezagutu zuten guztiek berretsi ahalko dutena: zein gizon xumea zen; kultura handia izanagatik, inongo handikeriarik gabea; edozein ekimenetara oinezko euskaltzale moduan agertzea maite zuena, ez aparte jarri beharreko intelektual gisa.
Aldi berean, baina, bere apaltasun horren ondorioz, aberriaren edo hizuntzaren aldeko kanpainaren baten barruan bere irudia, izena, presentzia eskatzen bazitzaion, ez zuen inoiz eragozpenik jartzen; horretan ere, laguntzeko prest beti.
Ezagutu genuenoi haren oroitzapena eta harekin bizi izandako pasadizoak geratuko zaizkigu; guzti-guztioi, berriz, haren liburuak, eleberriak nahiz saiakerak, hizkera biziz onduak eta gogoeta sakonez hornituak.
Ez adiorik, Jose Luis.
Noticias Relacionadas
- ← Txillardegi, antigutarra eta Donostiyakoa
- “El sargento Asch va a la guerra” – Hans Hellmut Kirst →