Oskorri: “Gure ekarpena ahalik eta musika onena egitea da”
Elkarrizketa: Miren Balantzategi
Argazkiak: Juantxo Egaña
Dantza kontra dantza, Hauxe Oskorritarren lan berria. Berriz ere tamaina handiko egitasmoa, Oskorriren faktura bikainaz burutua. DVDa eta CDa batera, herria dantzan jartzeko helburuz egina, ohi duten bezala herritarren partaidetzarekin, talde lanean. Elkarrizketa hau ere hala egina dago, taldean, Natxo de Felipe, Bixente Martinez eta Xabier Zeberiok erantzun dute.
Hainbeste urte herria batez ere kantuan jartzen eta orain dantzan jarri nahi gaituzue? Oraingo hau disko bat baino askoz gehiago da, ideia originala eta produkzio zailekoa… Azaldu iezaguzue.
Beno, Iztuetaren dantza musika hauen inguruan oso aspalditik genbiltzan bueltaka eta, gure musika fantasiekin batera, beste amets hori ere etorri zitzaigun burura, zergatik ez saiatu publikoa dantzan jartzen?
Bai, benetan luze eta korapilatsua suertatu da baina baita polita ere, orain jendearen erantzun onaren zain gaude.
Nola izan da doinu edo kantuen aukeraketa?
Gehienbat, gure ustez muxikoen familiakoak izan zitezkeenak bildu genituen lehen maketan eta geroago, “Baztango Dantzarien” laguntzaz, horietarik dantzagarrienak eta ederrenak aukeratu genituen.
Frantziako Erreboluzioaren garaian doinuok hilzorian zeuden jada, beraz denak zaharrak dira bai, baina batzuek konkretuki oso zaharrak izateko traza guztiak dauzkate.
Jose Inazio Ansorena txistulari handiak egin zuen bere bertsioa 1995ean, txistu eta danbolin zaharrez, baina oso bestelakoa izan da gure planteamendua eta gure bertsioa.
Dantzarako doinu zaharrak hartu eta egokitu egin dituzue. Muxikoak oso pausu zehatzak dira… lehen bezain dantzagarri al dira egokitzapenen ondoren?
Gure konponketak egitean ez ditugu dantzen egitura nagusiak sobera aldatu. Ezta erritmoa ere. Gure konponketak harmonizazio eta instrumentazio aldetik joan dira gehienbat, kolore berriak ekarriz, dantzei jantzi berri eta fresko batez janzteko asmoarekin. Dantzan egiteko arazorik ez beraz.
DVDan zer jasotzen da?
Gure asmoa antzinako melodia hauek era moderno batean eta gure ukitu pertsonalarekin berriz ere plazaratzea izan da eta horretarako doinuen moldaketetatik hasita eta DVDaren estetikaraino ezaugarri konkretu batzuk landu nahi izan ditugu. Ideia ona iruditu zitzaigun imajinak hiriburuetan grabatzea, gune urbanoetan, errepertorioaren jatorriarekin kontraste handia sortuz. DVDak dantza guztien imajinak eta pausoen azalpenak ere jasotzen ditu. Oso esperientzi polita izan da grabaketetara etorri zaizkigun dantzari guztiekin gure lana partekatzea.
Zuzenekoa dantzarakoa bakarrik izango da?
Zuzenekoak bi zatitan osatzea da gure asmoa. Batetik disko berrian oinarritutako dantzarako errepertorio bat eta bestetik Oskorriren ohiko errepertorioko hainbat doinuz osatutako kantaldi bat. Dantzarako berriz nahiko da gogotsu azaldu eta Baztango dantzariek erakutsitako pausoak jarraitzea. Batzuk dantzari finak eta besteak hala nolakoak izango dira baino denak ondo pasa eta asko disfrutatuko dugu elkarrekin dudarik gabe. Hori da eta helburua.
Egitasmo ezberdin, original eta zailak jartzen dituzue abian: pub ibiltaria, banda band, oskorri dantzan… Zein da Oskorriren funtzionamendua: asanblada, tailerra, enpresa…?
Bai, normalean taldekideren batek proiektu berriren bat mahai gainean jartzen duenean aski landuta ekartzen ohi du, baina, hortik aurrera nahiko funtzionamendu asanblearioa izan ohi dugu.
Lanak partitzen dira, norberak etxean lantzen ditu bere gustuko piezak eta konponketak, horrela aurreratzen da lanik handiena, baina azken ukituak beti entsaioetan fintzen ohi dira; prozesu luze eta nekosoa da, lan egiteko nahiko modu artisanala, edozein ekintza artistikok eskatzen duen moduan, hau ez da musika industriala.
40 urte egin ditu Oskorrik plazan. Zertan zarete hasiera hartako Oskorri berbera, eta zertan aldatu zarete?
Hasierako Oskorriko arimak bere horretan jarraitzen du taldean, baina musikari gazteek ere gure ekarpenak egin ditugu azken hamarkadatan. Esan liteke beterania eta gaztetasuna elkartuta ekipo sendoa osatzen dugula, bakoitzak du eta bere egiteko garrantzitsua taldean.
Zein da zuen motorra, musikagintzan eta sorkuntzan etenik gabe eusteko kemena?
Ba ez dakigu…, besterik ez dakigu egiten eta… Munduan gehien maite duguna musika sortzea eta taldean jotzea izango da seguruen, eta publiko aurrean baldin bada are gehiago. Jendeak, publikoak bero eta maitasun berezi bat transmititzen digu gure emanaldietan eta hori beti poztasun eta energia iturri handia da.
Talde konprometitua izan zarete beti. Zein da gaur egun zuen konpromisoa? Aldatu al da urteak aurrera egin ahala?
Gure hasieretan, orain dela hainbeste urte, beharrezkoa zen nolabaiteko konpromiso “soziala” izatea, garaiak hala eskatzen baitzuen. Baina urteak joan ahala, konturatu ginen gure konpromisorik handiena euskal kultura eta euskararekin zela, eta konpromiso horri eusteko modurik eraginkorrena musika ona egitea zela. Eta honela ulertu dugu gure konpromisoa urte hauetan, ahal dugun musikarik onena egiten, uste baitugu gure gizarteak gugandik jaso dezaken onena hori dela.
Euskal kulturaren eragile garrantzitsu zarete, euskal nortasun musikala finkatzeko ekarpen handia egin duzue. Sortu al duzue eskolarik? Inoiz jubilatzea erabakiz gero hutsune handia utziko duzue…
Hara, zer galdera beldurgarria! Badirudi jubilatu nahi gaituzuela, eta oraingoz asmorik ez dugu ba; gainera, guk gaztetan ispilutzat izan genituen artista handiak ez ziren sekula erretiratu, botak jantzita joan ziren, hori oso gauza ederra da gero!
Sekulan ez dugu eskola sortzeko asmorik izan, askoz osasuntsuagoa da norberak bere bide eta nortasun propioa urra dezala; beraz, falta garenean, ez dut uste hutsunerik utziko dugunik, zuzenago litzateke obra zabal bat utziko dugula esatea.
Gauza batean berdintsu jarraitzen duzue: oso talde maskulinoa zarete, lehen eta orain. Euskal musikan gizonezkoak txapeldun. Zergatik ote da?
Hor arrazoia duzue, nahiz eta gauzatxo bat argitu behar den. Taldea ez da bakarrik taula gainean ikusten dena, taulatutik kanpo oso jende inportantea dago gurekin batera lanean, eta hor emakumezkoak ditugu lankide onak.
Baina horrek ez du kentzen musikaren mundua oro har nahiko maskulinoa dela. Batzuetan neskak kantari lirainak izateko bakarrik balio dutela ematen du. Zorionez hori ere ari da aldatzen eta gero eta neska gehiago dabil musika ikasten. Alor gehienetan bezala, laster batean neskak izango dira nagusi musika munduan ere, zorionez!!
Eta dantzan, berriz, emakumeak!!
Baita % 95 ere! Gizonezkoak kostata mobilizatu ohi gara gisa honetako ekitaldietan. Eta ez da dantza kontutan bakarrik gertatzen baita kantuan ere. Ikasteko asko daukagu eta lotsak alde batera utzi eta gehiago parte hartu beharko genuke. Seko zozotuta gelditzen gara!