Arantxa Urretabizkaia: “Hamasei urte nituen lehen ikurrina ikusi nuenean”

Zuri-beltzeko argazkiakArantxa UrretabizkaiaGerra galdu zuen gizon baten alaba da Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) eta horrek bere haurtzaroa markatu zuen, nahiz eta politika kontuak ez ziren aipatzen bere etxean. Garai baten kronika izan nahi duen Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) liburu berrian kontatzen du hori Zergatik Panpox-en eta Koaderno Gorriaren egileak.

Zure haurtzaroaren oroipenetik abiatuta, garai horren ohitura erretratu bat egitera mugatu zara, kontu intimoenak kanpoan utzita. Zergatik erabaki duzu hori egitea?

Argi utzi nahi izan dut hori lehen hitzetatik. Ez da memoria liburu bat: memoria osagai nagusia bada ere, kronika bat da. Iruditzen zait ez dudala nire inguruko pertsonentzat ere intimoak diren gauzak kontatzeko eskubidea. Gustura irakur dezaket norbaiten barruko bizitza kontatzen duen liburua, baina nik ez dut hori egin nahi. Dudarik gabe, nik bizitako gauza intimo ugari azaltzen da, han eta hemen, fikziozko liburuetan, baina ardoa likore bilakatu ondoren.

Galdutako gerrak betiko markatu zuen zure aitaren bizitza. Hala ere, “atea itxi bezain pronto, politika kanpoan gelditzen zen”.

Gure aitaren bizitza ez ezik, familiarena ere bai. Politikak, ordea, ez zuen lekurik gure etxean, ez behintzat haurrok aurrean geundenean. Hamasei urte nituen lehen ikurrina ikusi nuenean. Adin bertsua izango nuen aitak etxera, gabardinaren azpian ezkutatua, George Steer-en liburua etxera ekarri zuenean. Irakurri nuen, baina ezin nuen sinetsi, fikzioa iruditu zitzaidan, bertan aitaren bizpahiru argazki bazeuden ere.

Francok zerumuga osoa betezen zuela eta zuen erantzun bakarra isiltasuna zela kontatzen duzu.

Ahalegindu naiz gure haurtzaroaren isiltasun hori ulertzen, hitz egin izan dut horri buruz hainbatekin, adibidez, Ramon Saizarbitoriarekin. Baina iruditzen zait oraindik ere ez ditudala ezagutzen sustrai guztiak. Zoritxarrez, aita aspaldian hil zen eta ez nuen horri buruz galde egiteko aukerarik izan.

Zure familiak euskarari eutsi zion, inguruko guztiak erdaraz aritzen ziren bitartean.

Aitaren meritua izan zen, ama eta izeba aitaren agindua betetzen ahalegintzen ziren. Horretan behintzat, gure etxean ez zioten beldurrari amore eman. Ezagutzen ditut nire aitaren ideologia bereko pertsona ugariren seme-alabak, etxean euskaren transmisioa jaso ez zutenak. Askotan entzun izan dugu euskara debekatua zegoela urte haietan, baina debekatu zena euskararen erabilera publikoa izan zen, ez etxe barrukoa.

Erlijioan eta superstizioan guztiz murgilduta bizi zineten. Hala ere, ez duzu gogoratzen gauza traumatiko moduan.

Ez dut uste erlijioak traumatizatu ninduenik eta ez dakit zergatik, nire inguruko bat baino gehiago traumatizatu baitzen. Agian horregatik ez diot beldurrik doktrinatzeari, goitik, behetik eta aldamenetik doktrinatu nindutelako, erlijioarekin nahiz politikarekin, eta halere, beste asko bezala, libratu egin nintzelako.

Mutilak lehen mailakoak ziren, neskak hirugarren mailarekin konformatu behar. Noiz konturatu zinen hura bidegabekeria zela?

Berandu, oso berandu, lehen gaztaroan. Begirada feminista neureganatu nuenean ezin nuen ulertu nola egokitu ginen menpekotasunera protestarik gabe, menpeko ginela sentitu gabe ere. Baina halaxe izan zen.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario