Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak

Euskal argitaletxeetan dagoeneko udazkeneko produkzio zerrendak zehaztuta daude edo azken xehetasunak lotzen ari dira. Horren eredu da Elkar argitaletxea: dagoeneko datozen lau hilabeteetan kaleratuko dituen liburuen zerrenda plazaratu du, bai helduei dagokienean eta baita haurren dagokienean ere.

HELDUENTZAKO LITERATURA

XX hil da - Alaine Agirre hil da – Alaine Agirre
Nobela 

Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narrataileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exortzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz.

12etan bermuta – Jasone Osoro
Nobela

Emakume bat bere bizitzaren errepasoa egiten, hurbil izan dituen eta garrantzizkoak zaizkion pertsonekin elkarrizetan: ama, alaba, senarra, neba, amona, maitalea, laguna… Solasaldi horiek guztiak bere buru barnean gertatzen dira ordea, bera ohean dagoen bitartean, Edith Piaffen kantak entzuten…

Hondamendia – Xabier Montoia
Ipuin-liburua

Hondamendia du izena Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak, eta izenburuko horixe da, hain zuzen, bilduma osatzen duten istorio guztiak biltzen dituen sentipena: txikizioa eta gainbehera. Bi parte nagusitan dago zatituta: lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kontatzen zaizkigu: Adam eta Eva Paradisuko baratzetik egotzi ostekoa, Erdi Aroko izurriak, XX. mendeko totalitarismoek ekarritako zoritxarrak, lehergailu atomikoaren ingurukoak… Bigarren partean, berriz, gaur egun edo etorkizun hurbil batean kokaturiko hondamentak agertzen zaizkigu, leku nahiz giro desberdinetan, era askotako pertsonaiak eta kontamoduak erabiliz, egileak ohi duen asmamen, finezia eta zorroztasunez.

ATEKO BANDAN

Kearen fiordoa – Iñaki Petxarroman
Nobela 

Hiru itsasontzi abiatu dira, 1615. urteko udaberrian, Donostiatik Islandiara, baleak arrantzatzeko asmoz. Aurreko urteotan bezala, hango Ipar Mendebaldeko Fiordoetako magistratu Ari Magnussonekin sinatutako hitzarmen bat dute horretarako baimen. Alabaina, Danimarkako erregeak moztu egin nahi du kanpoko balezaleen jarduna, bere erresumaren monopolioa zaintze aldera, eta guztiz debekatu du edozein arrantza mota uhartean. Bizkaitarren gaineko heriotza zigorra ere ezarri du erregeak. Horrek bi pareten artean jarri du Ari Magnusson. Kontratu bat du euskaldunekin, baina erregearen agindua bestaldean. Arrantza denboraldia pasatzen utziko du magistratuak, nahiz eta gertutik jarraitu euskaldunen jarduna.

Laranja bat zaborretan – Patxi Zubizarreta
Nobela 

Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-osoa pobrea izango da. Aipu honek ematen dio hasiera Patxi Zubizarretaren ipuinari. Egiaz, zikinkeriaz betetako munduko herri pobre batean gertatutako istorio harrigarri bezain ederra da hau.

POESIA

Orain-hilak-dituguOrain hilak ditugu – Karmele Jaio

Karmele Jaiok arrakasta lortu du bere eleberri eta ipuin-bildumekin. Trebezia erakutsi du artikulugintzan ere. Eta orain arlo berri bati heldu dio: poesiari, hain zuzen ere. Orain hilak ditugu poemarioan hainbat gai jorratzen ditu: denboraren igarotzeak sortzen duen mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasunaren gazi-gozoak… poesiak behar duen estilo fin, landu baina aldi berean hurbil batekin.

Babeserako kopia – Goizalde Landabaso

Goizalde Landabaso kazetari bilbotarrak poema-liburu berri bat dakarkigu, bere bizitzako zertzeladak idatziz jaso, eta horiek, ez galtzeko, segurtasun-kopia poetikoa bihurtu balitu bezala: identitatea, denbora, beldurra, bidaia, amodioa…

URREZKO BIBLIOTEKA

Bidaia sentimentalaLaurence Sterne. Itzulpena: Josu Barambones
Nobela

XVII. mendeko idazle inportanteenetakoa da Laurence Sterne, literatura ingelesean berebiziko autorea, eta hauxe da (Tristram Shandy-rekin batean) bere libururik garrantzitsuena. Europan barrena egindako txango bat kontatzen du egileak, baina mamitsuena, nobelan, ez da bidaian zehar ikusitatkoa edo bizi izandakoa, ezpada abentura horiek nola kontatzen dituen, estilo subjektibo, ironiko eta sentimental batean, literatura modernoaren aurrekari.

Farorantz Virginia Woolf. Itzulpena: Anton Garikano
Nobela

XX. mendeko literaturaren berrtzaile handienen artean dago Virginia Woolf ingelesa, eta eleberri hauxe da haren lanaren giltzarrietako bat. Ramsay familiak Eskozioako oporlekuan emandako aldia kontatzen digu, ekintzari eta elkarrizketari baino garrantzi gehiago emanez introspekzio psikologikoari eta pertsonaien barne-munduaren azterketari.

LEKUKO

Hilen xarma – Patziku Perurena
Kronika

Azken 300 urte inguruan, Leitza eta inguruetan gertatu diren heriotza bortitzen berri jaso du Patziku Perurenak, bilketa historiko eta etnografiko itzel baten bitartez: batetik, udal, epaitegi eta elizetako artxiboak arakatu ditu; bestetik, herriaren memoria jaso, zaharrekin konfidantzan izandako solasaldi luzeen bitartez. Horrela osatu du bilketa mardul eta harrigarri hau, Nafarroako ahozko euskararen kolore eta zaporez ondua.

Ekarri armak – Imanol Murua
Kronika

Loiolako (h)egiak kronika-liburuan 2006an EAJ, Batasuna eta PSEren artean gertaturiko elkarrizketa politikoak eta aldi berean ETArn eta Espainiako Gobernuaren artean izandakoak kontatu zituen Imanol Murua kazetariak. Orain, lan hari jarraipena emanez, elkarrizketa haiek zapuztu zirenetik ETAk borroka armatua behin betiko utzi arteko prozesu guztia azteru du, isilpean zeuden datu asko agerira ekarriz, eta beste asko analisi bikain batean kokatuz. Gure historia hurbila ezagutzeko ezinbesteko tresna.

EZTABAIDA

Errekuperatzaileak – Pablo Sastre
Saiakera

Lanaz eta lankeko jendeaz ari zaigu liburu honetan Pablo Sastre: haurtzainez eta inguramen-ingeniariez, igeltseroez, jostakinez, langile polibalenteez, buru-ehiztariez… Azken hamarraldietan hedatu diren profesional-sailei emanik arreta berezia: “Jende atalkatu eta jende deskonponduen” laguntzaileei.

Nafarroako auziaz – Pruden Gartzia. Epilogoa: Joxe Azurmendi
Saiakera

Lau saiakera labur bildu ditu Pruden Gartzia historialariak, laurak ere Ernazimentuan kokatuak eta, aldez edo moldez, Nafarroako Erresumaren galerarekin lotura dutenak: Martin Azpilikueta “Doktore nafarrak” XVI. mendean nafarrek independentzia galdu ondoren izandako jokabidea eta garrantzia aztertzen du batek; Erasmo Rotterdamgoak Julio II. Aitasantuaren kontra idatzitakoa beste batek; Tomas Mororen figura hirugarrenak, eta Azpilikueta beraren ama-hizkuntza azkenak.

KOMIKIA

De Rerum Natura 6 – Zaldi Eroa
Komikia

Patxi Huarte “Zaldieroak” eguneroko errealitate aldakorrari txinpartak ateratzen jarraitzen du, bere sormen beti bizi eta sentsibilitate erneari esker: kultura, politika, erlijioa, gizartea, hizkuntza… edozer izan liteke gogoeta harrigarri, dibertigarri edo hunkigarri baterako bide. Gainera, azkenaldian, bere asmamenari talde-lana erantsi dio, twitter-en ikusitako ekarpenik interesgarrienak marrazki bihurtzen baititu, euskaldunen auzolanaren adibide ederra ekarriz.

HAURRENTZAKO LITERATURA

LUR ETA AMETS. EUSKAL HERRIAREN HISTORIA

Lur eta Amets. ezagutza liburuaLur eta Amets. Euskal Herriaren Historia – Batzuen artean
Ezagutza liburua 

Izan ginena ezagutzera eman, oraina sortu eta etorkizuna iruditzen duen ezagutza-liburu honek Euskal Herriaren historiaren kronika jasotzen du. Gure herriko lurraldeen aniztasuna eta aberastasuna erakutsi nahi izan dugu bake garaian nahiz gerra urteetan. Horregatik, liburu honetan era askotako jendea agertzen zaigu: gizonezkoak nahiz emakumezkoak, haurrak nahiz agureak; dela jende xumea dela aberatsa, boteretsuak eta herritar baztertuak, baserritarrak zein arrantzaleak, bai herri txikietakoak bai hirietakoak; euskaldunak eta erdaldunak.

Lurraren sorreratik bertatik abiatuta, gaur arteko historiaren kronika honetan amona Andereren ahotsaren oihartzuna jasoko dugu; Lur eta Amets anai-arreben bizipenen aztarna eta Baltaxar katuaren hiz jostari eta zirtolaria.

Atzaparra zubianLur eta Amets. Atzaparra zubian – Unai Elorriaga / Patxi Peláez
Ipuina

Lur eta Amets soldadu erromatarrengandik ihesi doazela, zeharkatu ezin duten zubi batekin egin dute topo; amaitu gabe dago. Horrenbestez, preso hartu eta zubia bukatzeko lanak egitera zigortu dituzte. Amona Anderek aterako ditu estutasunetik: lagun dituen lamiei deitu eta guztien artean amaituko dute zubia.

 

Memoriaren ehizaLur eta Amets. Memoriaren ehiza – Uxue Alberdi / Patxi Peláez
Ipuina

Negua da eta elurra mara-mara ari du; Lur eta Ametsek egunak daramatzate kobazulotik irten ezinik. Gizon gehienak, berriz, ehizara joanak dira; klanari jatekoa amaitzen ari zaio. Halako batean, esku-hutsik itzuli dira ehiztariak, asko larriki zaurituak. Ezin izan dute errinozeroa harrapatu.

 

Haizeak eraman zuen mapaLur eta Amets. Haizeak eraman zuen mapa – Uxue Alberdi / Patxi Peláez
Ipuina

Baskoien buruzagi Eneko Aritza ezagutuko dute Lur eta Ametsek, Abduli esker. Abdul amona Andereren mutil-laguna da eta Tuterako Musa II.a agintariaren zalditegiko langilea. Aritza buruzagi gazteak badu amets bat: baskoien erresuma sortzea. Ametsek erresuma berriaren lehenengo zirriborroa irudikatuko du mapa batean.

 

Lur eta Amets. Baiona ttipiko piratak – Uxue Alberdi / Patxe Peláez
Ipuina

Baionan, 1600. urteko egun batean, ustekabean gurutzatu ziren Parisko gorteko dama pinpirin batzuen eta pirata abenturazale batzuen istorioak; zer dela eta… dantzaldi batera joateko soineko batengatik, alajaina.

Lur eta Amets. Laurogei amonen altxorra – Uxue Alberdi / Patxi Peláez
Ipuina

Euskal Herriko historiaren zenbait kronikek Zugarramurdiko kobazuloetan gertaturiko istorio ikaragarriak ekarri dizkigute XVI. mendeaz geroztik. Ipuin honek sorgintzat hartu zituzten emakumezkoen maitasun istorio ederra jaso du, aitzitik.

Lur eta Amets. Gurarien harria – Uxue Alberdi / Patxi Peláez
Ipuina

Gasteizen, XIV. mendean egiten ziren hainbat lanbideren berri ematen digu istorio honek eta aldi berean erakutsiko dugu desioak betetzeko magiarik eraginkorrena norbere buruarenganako konfiantza eta lana direla.

KUKU

Puzkertin – Xabier Mendiguren Elizegi / Eider Eibar
Ipuina

Peru eta Marixe bikote maitemindu bat dira. Peruk, gauetan, puzker galantak botatzen ditu ohean. Marixe, hotzak egoten denez, galtzerdi eta guzti sartzen da ohean, eta ohe barruan kentzen ditu. Gau batean, Peruren puzker bat Marixeren galtzetin baten barruan sartu zen, eta elkartze horretatik izaki harrigarri bat sortu zen: Puzkertin. Umorez eta fantasiaz beteriko abentura.

BATELA

Sendagaia – J. M. Olaizola “Txiliku” / Bruno Hidalgo
Ipuina

Ipuin hau Amur ibaiaren bestaldean dagoen lurralde batean gertatzen da. Hantxe dagoen lau teilatu gorriko etxe dotore batean, non bi agure zahar bizi ziren, ederki asko zaintzen zuten baratze baten alboan.

SENTIPUINAK

Printzesa ausarta – Begoña Ibarrola / Santiago Aguado
Ipuina

Lilia printzesa gurasoekin bizi zen gaztelu handi batean. Behinola, gurasoak bidaian abiatu ziren eta Lilia bakarrik geratu zen. Orduantxe ezagutu zituen gazteluko gela debekatua eta Pentakis aztia.

Adarbakar urdina – Begoña Ibarrola / Jesús Gabán
Ipuina

Jurgiri izugarri gustatzen zitzaizkion Piarresek kontatzen zizkion istorioak, beti ere irudimena hegan jartzen ziotelako. Halaxe izan zuen adarbakar urdinaren berri, eta harekin ametsetan hasi zen.

RITA

Rita ezkontza batera doa – Mikel Valverde
Ipuina

Rita txikitatik egon da Roberto bere lehengusuarekin maiteminduta. Ritak gutun bat jaso berri du Robertoren ezkontzara gonbidatuz. Rita asko haserretu da albistea ezagutzean eta ahaleginduko da nola edo hala ezkkontza zapuzten.

XAGUXAR

Hiru sopranoak – Xabier Mendiguren Elizegi / Alex Orbe
Ipuina

Aisha, Aiora eta Ane, futboleko lagunak dira, guztiz desberdinak itxuraz eta izaeraz, baina adiskide onak. Entrenamendu eta partiduetatik kanpo, hala ere, bakoitzak du bere bizitza, bere historia eta bere arazoak, istorio hau irakurriz deskubrituko dugun bezala.

Eireren egunerokoa – Esti Vivanco / Joseba Larratxe “Josevisky”
Ipuina

Eireren gurasoek Irlandan ezagutu zuten elkar, izugarri maite dute herrialde hura, eta hara bidaliko dute alaba udan, bere ingelesa hobetu dezan. Eirek ez du ingelesa maite, ordea, eta gogoz kontra ekingo dio bidaiari. Dena dela, uda luzean era guztietako esperientziak ezagutuko ditu Eirek: maitasuna, jeloskortasuna, porrotak eta arrakasta, baita poliziaren egoitzak ere…

Patioan – Arrate Egaña / Amaia Arrazola
Ipuina

Lezamako Mikel Zarate haur literaturako saria irabazitako kontakizun honek neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabaki duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe.

107 kiwi – Unai Elorriaga / Belatz
Ipuina

Aroaren aita Pelix, alai eta maitagarria da, baina baita xelebre samarra ere. Halako batean desagertu egingo da, eta Aroak, Txoribel bere belearekin, haren bila joan beharko du. Fantasiaz eta xarmaz beteriko abentura dibertigarria asmatu du Unai Elorriagak.

TAPPER BIKIAK

Tapper bikiak gerran – Geoff Rodkey. Itzulpena: Danele Sarriugarte
Nobela

Claudia eta Reese neba-arreba bikien abenturetako lehena, Geoff Rodkey gidoilariak idatzia eta Danele Sarriugartek euskaratua. Umore alai eta ganberroa erakusten digute new Yorkeko gaztetxo hauek, elkarri gerra deklaratzen. Tartean izango dira eskolako haserreak, arrain ustelak, gurasoekiko harremanak, bideo-jokoak…

TAUPADAK

Eman Amore – Xabier Etxeberria
Nobela

Mutil gazte bat, gauean kontzertu batera joateko gogo itsuz, baina gurasoek uzten ez.  Ezkutuan alde egingo du, baina hori ez da gauaren hasiera besterik, abenturek ez baitute etenik, eta lurpeko mundu ezezagun bat aurkituko baitu ustekabean.
Xabier Etxeberriak, thriller idazle gisa nabarmendu denak, gazte literaturari ekin dio orain, pultsu eta trebeziaz.”

ALBUM ILUSTRATUAK

Besarkada – Uxue Alberdi / Maite Gurrutxaga
Album ilustratua

Besarkada poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean, gorputzen eta arimen arteko batasunari jarritako kantua da. Haragizko besarkada nola, bat egiten dute mundu sinbolikoak eta fisikoak, intuiziozkoak eta poetikoak. Bidaia bat biltzearen eta askatzearen artean. Bizitzaren eta heriotzaren arteko kulunkan.

Olentzero eta Mari Domingi – Pello Añorga / Jokin Mixelena
Album Ilustratua

Aro zahar baten amaiera eta garai berri baten hasiera gertau zeneko egun haietan, Olentzerok eta Mari Domingik elkar ezagutu zuteneko istorioa jaso du ipuin ilustratu honek.

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS

PLAZAIPUINAK

Txo – Jon Maia / Julen Tokero
Ipuina

Txo mik mak indioa da, itsasoaren bestaldetik Euskal Herrira iritsia. Pasaiako portuan ezagutuko du Albaola Faktoria. Bertan aurkituko du Roke, arotza, San Juan baleontzia egiten.

Patata, patata! – Miren Amuriza / Julen Tokero
Ipuina

Tider portutik pasatu da eskolatik etxera bidean. Nagusitzean lemazaina izan nahi luke, Afrikara itsasontzi batean itzultzeko. Tider Saharakoa da eta herri-mina du. Pirritx, Porrotx eta Marimotosen laguntza ezinbestekoa izango da gure artean arrotz sentitu ez eta pozik egoteko.

NOR GARA?

Pirritx maiteminduta – Uxue Alberdi / Julen Tokero
Ipuina

Pirritx maiteminduta dago, hezurretaraino, zeharo. Aitortzeak lotsa ematen dio, baina ezin du gehiago.

Porrotx lagun artean – Uxue Alberdi / Julen Tokero
Ipuina 

Porrotx lagunartean bizi da alai, baina ez da bakarrik egoteko gai.

Marimotots bakarrik – Uxue Alberdi / Julen Tokero
Ipuina

Marimototsek bakarrik bizitzea erabaki du. Bere beldurrez eta ametsez hitz egingo digu.

Pupu eta Lore Jeloskor – Uxue Alberdi / Julen Tokero
Ipuina

Pupu eta Lore jeloskor daude. Maitatu al daiteke jelosiarik gabe?

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario