Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

PIRRITX ETA PORROTX Kartoizkoak  Julen Tokero (ilustratzailea) 2-3 urtetik aurrera
Porrotx
Pirritx
Marimotots
Pupu eta Lore

Lau pertsonaiek beren burua aurkeztuko dute hitz gutxi eta egoera jostagarriez baliatuz.
Kaleratzea: urriaren hasieran

OT AZTIA

Lehen irakurleak

PIRATAK Picanyol / Joxan Ormazabal (itzultzailea)
Ot aztiak abentura zirraragarri bat biziaraziko die neska-mutilei itsasoan barrena.

JOLAS PARKEAN Picanyol / Joxan Ormazabal (itzultzailea)
Jolas-parkea haurrak jostatzeko trikimailuz beteta dago neska-mutilen gozamenerako. Guztiak ezagutuko dituzte Ot aztiaren laguntzaz.
Kaleratzea: irailaren hasieran

TXOMINTXO ETA PERUTXO Peru Magdalena / Elena Odriozola (ilustratzailea)
Lehen irakurleak
Txomintxo eta Perutxo anaia bikiak etxean bakarrik daudela konturatu dira, goizean esnatu direnean. Eta sekulako egonezina sartu zaie. Dena den, dagoeneko mutil handiak direla sinetsita daude, eta euren kabuz konpontzen saiatuko dira.
Aurkezpena: urriaren hasieran

SIRENEN KANTUA Mitxel Murua / Julen Tokero (ilustratzailea)
6 urtetik aurrera
Marimototsek bidaia liluragarria egingo du itsasoaren hondora. Han ezagutuko duen itsas laminak edo sirenak, Graxilami izenekoak, ikasgai garrantzitsu bat erakutsiko dio. Abentura hau, beste behin, bere lagun taldearekin biziko du Marimototsek: Pirritx eta Porrotx lagunak, Patakon kapitaina, eta Kaxiano Belarrio eta Amaia Begiluze bidailagunak.
Aurkezpena: azaroaren hasieran

TXIRLA BELTZAREN UHARTEA Mitxel Murua / Julen Tokero (ilustratzailea)
6 urtetik aurrera
Aurkezpena: azaroaren hasieran

AZAZKALAK JATEN DITUT, ETA ZER? Ana Urkiza / Eider Eibar (ilustratzailea)
8 urtetik aurrera
“Eta zer?” bildumaren ezaugarria da desberdintasunak onartzea eta baloratzea; konplexuak eta marjinazioak gainditzeko modua, hemen, istorio dibertigarri bat da, azazkalak jaten dituen pintore batek bere haurtzaroari buruz kontatzen diguna.
Aurkezpena: urri hasiera

OIHANEN HIRIA Leire Bilbao / Mai Egurza (ilustratzailea)
8 urtetik aurrera
Oihana aitarekin doa hirira; bat-batean, ordea, galdu egiten da, eta hiriko jendea oihaneko piztien itxurapean agertzen zaio: lehoiak, zebrak, jirafak, errinozeronteak…
Aurkezpena: urriaren erdian

KATTI BETI ENDREDATZEN Antxiñe Mendizabal / Patxi Gallego (ilustratzailea)
8 urtetik aurrera
Katti eta etxekoak bolada zaila igarotzen ari dira: bikiak jaio direnetik, etxean zalaparta batean bizi dira, aitaren lantegian arazoak dituzte, ama lan guztiei aurre egin ezinda dabil, andereñoak Katti begitan hartuta dauka eta, gainerakoan, Manexek, bere lagunik onenak, huts egin diola uste du. Kattik, halere, badaki arazoei aurre egiten; ez da erraz kikiltzen, beti bazterrak endredatzen ibiltzen dela leporatu behar badiote ere.
Aurkezpena: urriaren erdian

RITA ETA ZILARREZKO TXORIA Mikel Valverde / Ramon Olasagasti (itzultzailea)
10 urtetik aurrera
Bere auzoko biltegi zahar batean zerbait izugarria ikusi du Ritak: zilarrezko txori bat. Etxera itzultzean, osaba Danielek kontatzen dio, elezahar batek dioenez, zilarrezko txori bat ikusten denean, desio bat eskatzen bada, bete egiten dela. Ritak ez du ezer eskatu eta txoria ikusi nahi du berriro.
Aurkezpena: urriaren hasieran

HAUR INGENIARIA J. K. Igerabide / Jokin Mitxelena (ilustratzailea)
8 urtetik aurrera
Haur ingeniaria ipuin-liburua, xarmaz eta magiaz beteriko hamar ipuinek osatzen dute. Hauek dituzue horietako batzuk: sudurra okertzen zuen aitonarena, haur aurreratuak baino joaten ez diren eskolarena, Lurraren ardatza aldatu zuen haur eskimalarena, ipuinak amaitzen ez zekien aitonarena, oiloak oilartu zirenekoa…
Aurkezpena: azaroaren erdian

ZABALEKO TXORIMALOA J. L. Zabala / Maite Gurrutxaga (ilustratzailea)
8 urtetik aurrera
Iker herri handi samar batean bizi da bere amarekin, eta eskola etxetik urrun samar dagoenez, amak eramaten du egunero kotxez, harik eta erabakitzen duen arte, Ikerrek eskolara oinez joan behar duela. Horretarako, mendi muino bat zeharkatuz dagoen bide bat erakutsiko dio. Eta hantxe aurkituko du bere lagunik onena izango dena.
Aurkezpena: azaroaren erdian

NIRE AITA IKUSEZINA DA Julen Gabiria
10 urtetik aurrera
Mikel Zarate Saria
Elene neska azkar eta alaia da, anaia txiki bat jaio berri zaiona. Denak daude pozik eta apur bat urduri aldaketekin, baina Elenek badu kezka bat ere: aita ikusezina bihurtu da; izan ere, jaioberriarekin doazenean, jendeak umea ikusten eta txalotzen du, ama ikusten eta zoriontzen dute… baina aita ez du inork ikusten, nonbait.
Aurkezpena: azaroaren erdian

MOTOZERRA Xabier Mendiguren Elizegi / Aitziber Akerreta (ilustratzailea)
12 urtetik aurrera
Ttarttaloren herri-ipuina, edo Polifemoren mito klasikoa, terrorezko film baten gisa kontatua: bi gazte, basoan galduta, etxe bakarti batera iristen dira, eta begi bakarreko gizon beldurgarri batek zabaltzen die atea…
Aurkezpena: azaroaren erdian

SCOTT BARBERENA sail berria
8-12 urte artekoentzat
Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak Pako Aristi / J. L. Zumeta (ilustratzailea)
Scott Barberena bakarrik dago bere gelan; ahulak ditu hankak, eta ezin du handik mugitu; gainera, aita etxetik betiko joan dela uste du. Bere gelako gauzekin hasi da hizketan (barku bat, gizontxo bat, itsasargi bat, kandelak, paperezko txori ba…) eta haiekin plan bat egiten aitaren bila joateko, Pernambucora.
Aurkezpena: azaroaren hasieran

HERIOTZAK Josu Waliño
(13 urtetik aurrera)
Josu ospitalean igarotzen ari da bere azken egunak, ustez, bere azken egunak izango direnak, gauero Heriok bisitatzen baitu. Josuk, ordea, ez du hil nahi. Eta saiatzen da zer edo zer asmatzen Herio engainatzeko. Horrenbestez, heriotzari buruzko istorioak kontatuko dizkiote elkarri gau batean bai eta bestean ere bai.
Aurkezpena: irailaren hasieran

DESIO IZENEKO TREN BATEAN Iñaki Serrano Lasa
Bi lagun, Inter-rail txartelarekin, Europan zehar bidaian: hainbat abentura, pasadizo eta bitxikeriaren protagonista izango dira, eta umorez kontatuko dituzte horiek denak; batez ere, ligatzeko nahi, gogo, premia… eta ezina.
Aurkezpena: irailaren hasieran


HELDUEN LITERATURA

ARGI-ITZALEN NEURRIA Xabier Artola
Euskal Herria geltoki eta Paris helmuga duen Marrakexeko urketari gaztearen bidaia iniziatikoa; politikak eta gerrak elkarrengandik bereizi eta urrundu zituen anaia bikien tragedia; garai bateko amets iraultzaileak udan etxean umezurtz bat hartuz konpentsatzen dituen familia; maite duen horri zenbateraino hurbildu, noiz urrundu, dabilenaren zalantzak…
Aurkezpena: irailaren erdian

UR ARREAK, UR GARBIAK Joan Mari Irigoien
Urgain, Nafarroako ipar-ekialdeko alegiazko herri bat da, garapen zoroaren beharrek urtegi baten azpian utzi zutena. Han bizi izandakoek ez daukate ahazteko ordea. Horregatik biltzen dira txikitako lagunak, eta bazkalosteko solasean, garai bateko ohiturak, pertsonaiak eta gertakariak oroitu.
Aurkezpena: irailaren bukaeran

ZWEI FRAUEN (bi emakume) Joxean Agirre
Literaturarekiko eta emakumeenganako pasioek bat egiten dute eleberri honetako protagonista izengabearengan. Gaztetxotan hasi eta zahartzaroaren atarian, maite dituen andreenganako hainbat esperientzia azalduko dizkigu lau ataletan zehar, miresten dituen beste hainbat idazleren imitazioak egitearekin bat. Augustin Zubikarai bekaren irabazlea.
Aurkezpena: urriaren hasieran

PANTALEON ETA BISITARIAK Mario Vargas Llosa / Santi Leone (itzultzailea)
Pantaeon Pantoja kapitainak hiriburuko destino batekin egiten du amets, baina oihanera bidaliko du Armadak, eta han, beti bezain zintzo eta zorrotz, “bisitari” zerbitzu bat antolatuko du, bestela emakumerik ikusterik ez daukaten guarnizio urrunetako soldaduen beharrak asetzearren.
Aurkezpena: azaroaren bukaeran

LITTERAE VASCONIAE Joseba Sarrionandia
Joseba Sarrionandiak 1980ko hamarkadan idatzitako hiru ipuin liburuak: Narrazioak, Atabala eta euria eta Ifar aldeko orduak, goitik behera berrikusi eta zuzendu dira edizio honetan. Horrez gain, 80ko atxiloaldiaren aurretik idatzi eta bere liburuetan inoiz kaleratu ez diren hainbat ipuin plazaratuko dira.
Aurkezpena: azaroaren bukaeran

BIZIEN GAUBEILAN J. M. Olaizola “Txiliku”
Hogeita hiru ipuinek osatzen dute narrazio liburu hau, tonuz eta estiloz guztiz ezberdinak, batzuek herriko pasadizoen tankera dute, beste batzuei elezaharren itxura hartzen zaie, bat edo beste ipuin motzak dira; guztiak daude, halere, gau beilan idatziak, eta hala komeni da irakurtzea ere.
Aurkezpena: irailaren bukaeran

ZAKURRAREN POEMA ETA BESTE IPUIN BATZUK Martin Etxeberria POESIA
Itsasertzean pausatuta, uraren arrastoari jarraituz, hitzaren ametsaren zain dago poeta liburu honetan, eta bien bitartean, iluntasunak zerua betetzen duen tarte horretan, kaleko paisaia argi-itzalez betetzen den tenore horretan, bizitzaren haraindikotasunaz idazte digu.
Aurkezpena: irailaren erdian

ETAkideen AMETSAK Markos Zapirain
Borroka armatuak dudarik gabeko eragina izan du geure bizitzetan eta, horren isla gisa, baita gure literaturan ere. Egileak, etakide protagonistak dituzten bederatzi nobela gailen hartu ditu ikergai, gure puntako egileenak (Atxaga, Saizarbitoria, Izagirre, Sarrionandia, Cano, Txillardegi, Urretabizkaia), eta haietan, pertsonaia horiek egindako ametsak aztertzen ditu, ondorio harrigarrietara iritsiz.
Aurkezpena: irailaren bukaeran

AHULAREN INDARRA. OROITZAPENAK: LABORARI SEMEA, ESKULANGILEA Daniel Landart
Daniel Landartek bere haurtzaroa eta lehen gaztaroa kontatu zituen liburu autobiografiko honetan, eta Iparraldeko belaunaldi oso batentzako erreferentzia bihurtu zen: baserri mundutik hirira joatea, euskaltasunaren zapalkuntzatik kontzientziara, garai berriek zekarten aldaketa eta krisia…
Aurkezpena: azaroaren hasieran

DE RERUM NATURA 4 Patxi Uharte (Zaldi Eroa)  KOMIKIA
Berria egunkariko bere zintei esker, Zaldi Eroa, jenialtasun txinpartak dituen artista gisa ez ezik, euskal gizarteak oso aintzat duen pentsalari ere bihurtu da. Liburu honetan, azken bi urteetako eguneroko kolaborazio onenez gain, Ortzadar kultur gehigarriko marrazkiak bilduko ditu, baita Serio Demonio atalekoak ere.
Aurkezpena: azaroaren hasieran

EUSKAL HERRIA: UTOPIA ETA ERREALITATEA Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako bat izan da hau, gure herriaren egoeraz eta geroaz gogoeta egiteko, puntako protagonisten eskutik; txostenak idatzi dituztenak: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Brian Currin bitartekaria, Joseba Zulaika antropologoa, Joxe Azurmendi filosofoa, Pako Aristi idazlea. Currin-en hitzaldia ez beste guztiak euskaraz sortu eta eman dira.
Aurkezpena: urriaren erdian

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario