Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak

Euskaltzaindiaren hiztegia2000. urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua. Hogei bat mila hitzeko hitz zerrenda zen, hitz horien ortografia batua adierazten zuena batez ere. Esku artean duzun liburu hau 20.000 hitz haiei dagokien “hiztegi osoa” da, hots, haietako hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen duena.

 “Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak. Hona hemen, erabiltzailearen eskura, urte luzetan ondutako ahaleginen emaitza; euskararen akademiak moldatua eta itxuratua.” Honela dio Andres Urrutia euskaltzainburuak hiztegiaren aurre-hitzen hasieran.  Izan ere, Euskalkietatik nahiz egungo bizimodutik euskararen egunerokotasunean errotu diren hitzak sistematizatzen eta egokitzen saiatu da Euskaltzaindia etengabe, Hiztegi Batuan, alegia, estandar delakoaren hitz zerrenda erabilgarria osatuz. Orain beste pauso bat eman du euskararen normalizazio eta normatibizazio munduan: euskara-euskara hiztegia lehenengoz argitaratu du, euskararen hitzek dituzten adierak eta adibideak euskararen bidez emanik.

Euskaltzaindiaren Hiztegia ez da hizkuntzalarientzat, are gutxiago hiztegigileentzat, baizik eta idazle, irakasle edo teknikarientzat, futbolari nahiz ekonomialarientzat.

Hiztegi honetan, besteetan bezala, hitz bakoitzak sarrera bat osatzen du, eta sarrera horretan definizio bat edo gehiago ematen dira, adieren arabera. Adiera bakoitzak paragrafo bat osatzen du.

Euskaltzaindiaren Hiztegia, Hiztegi Batuaren osatze bat da, hura definizioz eta erabilera-adibidez hornitze bat. Hiztegi Batuak 36.000 sarrera ditu azken kaleratu den argitaraldian. Hitz horiek guztiak ez dira Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bertsio honetan sartzen: Euskaltzaindia dagoeneko prestatzen ari den hurrengo bertsioan sartuko dira. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegia, gainerako hiztegi ofizialak bezala, osatzen eta hizkuntzaren aldaketetara egokitzen edizioz edizio joango den obra da.

Izan ere hiztegigintza, bukaerarik gabeko jarduera baita, hizkuntza etengabe biziberritzen delako seinalea. Horretara dator hiztegi hau, erabiltzaile orori tresna berria eskaintzera, euskara bera gero eta erabilgarriagoa, gero eta ageriagoa izan dadin euskal gizartean.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario