“Hariak” Yoseba Peña

 

Yoseba Peña “Nahiz eta hiru egoerak zeharo ezberdinak izan, badago hariok lotzen dituen bilbe potente bat: kemena”

Hiru emakumeren begirada baliatu du Yoseba Peñak bere nobela berrian, Hariak (Susa, 2018), XX. mendeko  50 urteko historia istorioen bidez jorratzeko, Errepublika garaian hasi eta 1980 urte aldera arte. Ezarritako mugetatik harago doazen emakumeen kemenak gidatzen du irakurlea memoria historikoan barrena.

Hariak” 36ko gerra aurreko giroarekin hasi eta Juan Paredes Txikiren fusilamenduen osteko garaietara iristen da. Zergatik jorratu duzu hain tarte luzea?

Emakumez betetako familia batean hazi nintzen: birramama, amama eta haren ahizpa bikia, beste amama, ama… eta txikitatik liluratu izan nau haien arteko alde eta berdintasunak bilatzeak, nondik sortu ziren ulertzeak.

Gainera, gizaldi oso bat kabitzen da 1930etik 1990era eta, Hegoaldean behintzat, seguruenik izango da gehien markatu gaituen denbora-tartea, Karlistaldiekin batera. Horren inguruan eman zaigun kontakizunak, ordea, ez nau inoiz asebete, zerrenda luze bat besterik ez baita: jeneralak, heroiak, eroriak, gerrak, dominak, balentriak eta abenturak, gehien-gehienek gizasemeren bat protagonista dutenak. Pertsona anonimoen bizimodua eta bizialdia aztertu behar dira intrahistoria ezagutzeko, hots, Danilo Kiš-en Hildakoen entziklopedian agertzen direnen horiena. Proiektuarekin ibili naizen urteotan, etengabe izan dut gogoan Bertolt Brecht-en poema hura, Joxe Azurmendik euskaratu eta Mikel Laboak kantatu zuena:

(…) Lima distirant hura

eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren?

(…) Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada

 urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?

Nire ustez, estu lotuta daude Espainiako Gerra Zibila, frankismoa eta 80ko hamarkadako hilketak Euskal Herrian. Lehenagotik datorren gatazka baten aroak dira eta, hura bere osotasunean ulertu ahal izateko, beharrezkoa da garai guztietako bizitza anonimoak arakatzea, xehatzea, atzematea.

Gatazka ageriko aro bi dira, hasiera eta amaierakoa; erdikoa, berriz, ustezko bakea, garaileek inposatutakoa…

Gerra bukatu egin da, baina / ez dira egin bakeak idatzi zuen Tximela kapitainak. 1937an, mundu-ikuskera ordezkatzera behartu zituzten galtzaileak, hau da, baloreak goitik behera aldatzera, kode kulturalak, sinesmenak, hizkuntza bera. Ehun urte atzera eraman zituzten emakumeak, hiru aldiz zapalduta gerra galtzeagatik, euskalduna eta emakume izateagatik. “Bakea”? Hitz toxikoa da: legeak errespetatzen direla dio, baina ez zeinek idatzi dituen legeok.

Aro horietako bakoitzari Irene, Xexili eta Olatzen bidez begiratu diezu. Oso begirada desberdinak dira, gizartea ere aldatuz doan bitartean…

Fotogramak balira bezala erakutsi nahi izan ditut. Hiru emakume indartsuren istorioak dira, gizarteak tiradera batean bizitzera kondenatuta eta handik ateratzeko borrokatzen direnak. Hasierako zatian gerrako atzeragoardia ikertu dut. Birramama-eta obsesionatuta zeuden orduko kalbarioarekin eta arakatu nahi izan dut nola iritsi zen euskal gizartea auzokoari den-dena lapurtzera, senideak salatzera, ezagunak hiltzera.

Frankismoko zatian, ordea, amnesiaz ari naiz, eta gogoratzen zutenei inposatutako isiltasunaz. Azkeneko zatiak galdera mingarri bat du ardatz: zergatik sartu zen gazte mordo bat tiroak jotzera, eta haiekin zer gertatu zen. Kontatu beharra dago zerk eraman zituen bizia arriskuan jarri eta besteen bizia kentzera.

Nahiz eta hiru egoerak zeharo ezberdinak izan, badago hariok lotzen dituen bilbe potente bat: kemena. Patuari kontra egiteko, gizarteko moldeak apurtzeko, nahieran bizitzen saiatzeko.

Gizon askok ere pairatu zituzten gerrako atzeragoardia eta frankismoa. Halere, emakumeen perspektiba aukeratu duzu.

Ados nago Svetlana Aleksievitxek Gerrak ez du emakume aurpegirik obran esaten duenarekin: emakumeek era humanoago, errealago batean gogoratzen dute. Nire kasuan, horixe zen aukera naturala, istorioak eta ez Historia. Gainera, gure familian, frankistei ez zitzaien oroitzea gustatzen. Galtzaileek irabazi zuten oroimenaren bataila.

Memoria historikoan eta berari lotutako arloetan (justizia, errua…) murgildu zara. Zergatik?

Memoriarik gabe, herriek ez dute izaterik. Euskaldunok Alzheimer-sintoma larriak dauzkagu dagoeneko. Ildo horretatik, Sartrek galdetzen zuen bezala, zer da gizakia? Harekin egin zutenarekin egiten duena. Ez badakigu zer egin zuten gurekin, nekez proiektatuko gara etorkizunerantz. “Gurekin egin zutena”, baina, ez da jeneral, heroi eta bataila-zerrenda bat, baizik eta intrahistoria: garaian zer pentsatzen zen, zer sentitu, nola bizi ziren. Zume xumeen bitartez osatzen da otarrea.

Eleberria Zarautzen dago girotuta. Leku bereziki egokia da harietarako?

Zalantzarik gabe. Errealak dira nobelan aipatzen diren gertaerak: tirabirak 30ko hamarkadan karlista eta jeltzaleen artean, udatiarren manifestazio faxista, bonbak, hilketak…

Euskalki garbiya izan da beste pisuzko faktore bat. Pertsonaiek batuaz egiten dute, jakina, baina herriko hizkerako kutsua dute. Eta, amaitzeko, dokumentazio-lanetan, gerra eta gerra aurreko garaiari dagokienez, laguntza ikaragarria izan dut Amagoia Gurrutxagak idatzitako Zarauzko postalak ikerketari esker.

Hau zure hirugarren nobela da. Oso gai desberdinak landu dituzu orain arte: hiri giroko “Hodeien adorea”, distopia “Kaosaren ederra”n …

Tira, “Hodeien adorea” argitaratu nuen aurrena izan zen. Gero, gazteentzako bi nobela atera ditut, “Kilimanjaroko diamantea” eta “Xirei”, eta gazte-helduentzako “Kaosaren ederra”. Eskola polita izan dira hirurak “Hariak” idatzi aurretik zein bitartean, urteotan ibili bainaiz proiektu honekin esku artean.

Edonola ere, nahiz eta printzipioz bestelako gaiak jorratu, mamian lotuta daude “Hodeien adorea”, “Kaosaren ederra” eta “Hariak”. Lehen aipatu dudan Sartreren esaldiak batzen ditu: “gizakia da harekin egin zutenarekin egiten duena”. “Hodeien adorea”n egiten dugunaz ari naiz; “Kaosaren ederra” eta “Hariak, berriz, gurekin egin zutenarekin.

Teknika aldetik ere nabarmena da zure lanetan ikuspegi desberdinak eta ezohikoak jasotzeko apostua. Garrantzia handia ematen diozu kontatzeko moduari… 

Nabarmena zen hautua “Hodeien adorea”n, kontatzeko moduak ia istorioak berak baino pisu handiagoa baitzuen. “Kaosaren ederra” ederki definitu izan dute “thriller filosofiko” bezala eta gazte-heldu literaturaren estilo barruan idatzi nuen. Forma aldetik, konbentzionalena da “Hariak”; pertsonaien psikologian kontzentratu naiz gehienbat, giroan eta hizkuntzan. Politzen eta politzen ibili naiz azken urtean, hitzen jario uniformea lortzeko. Banan-banan aukeratu ditut garaian garaiko perfumea izan dezaten, baina aldi berean, irakurlearen atentzioa bakarrik erakar dezaten beharrezkoa zen lekuetan.

Psikologia eta hizkuntza zaindua izan dira nire erronkak “Hariak”en . Eta zainduarekin ez dut esan nahi hitz jasoak edo inork ezagutzen ez dituenak erabiltzea, zoritxarrez euskal literaturan askotan egiten den bezala, baizik eta hitz egokia bilatzea, bai erregistroaren aldetik, bai egoera, garai eta hizlariaren aldetik. Adibidez, “reinsertzioa” hobetsi dut eta ez “birgizarteratzea”.  Euskaldun gehienok errazago ulertzen dugu lehena bigarrena baino eta, nobelako momentu kritiko batean “birgizarteratze” erabiliz gero, irakurlearen arreta desbideratuko da hitza deszifratzeko. Beraz, “Hariak”en ez dago teknikaren aldetik mozketa ikusgarririk; puntada ikusezin ugari bai, ordea.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario