Iker Sancho, Zaitegi Sariaren irabazle
Errusieratik itzuliko du Svetlana Aleksievitx nobel saridunaren kronika liburu bat.
Iker Sancho Insausti lazkaotarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Ainhoa Ayerbe Zabaletak, Jose Inazio Basterretxeak eta Roberto Serranok osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamabost lanen artean (horietatik erdiak errusieratik zuzenean aritu dira). Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat (Gerrak ez dauka emakume aurpegirik) euskaratu beharko du itzultzaileak urtea bukatzerako, eta 2017 urte hasieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta hamaika urtez hauexek izan ziren sari horri esker itzulitako liburuak:
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Iñigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
Itzultzailea: Santi Leoné
2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta
2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!
Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka
Ordura arte sari hau diruz lagundu izan zuen Kutxak bere laguntza erretiratzea erabaki zuen, eta urte batzuetan etenda geratu zen, babeslerik ezean. 2013an Alice Munrok irabazi zuen Nobel saria eta 2014an Patrick Modiano. Horiek ez zuten izan Zaitegi bekaren bidezko itzulpenik, nahiz zorionez biek duten libururik euskaraz. Orain Arrasateko Udalak erabaki du saria laguntzea, eta horri esker jarri da berriz ere martxan.
Iker Sancho Insausti (Lazkao, 1975). Eslaviar Filologian lizentziatua eta Itzulpengintzan doktorea. Moskuko Lomonosov unibertsitatean euskarazko irakurlea izan zen, eta gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUren Letra Fakultatean. Berak itzuliak dira Andrei Platonov-en Lubakia eta Sergei Dovlatov-en Konpromisoa.
Noticias Relacionadas
- ← Jon Ariza de Miguelen “Ohe hotzak” liburuaren hitzaurrea, Angel Errok idatzita
- Erotismoarekiko eta literaturarekiko pasioa →