Jainko txiki eta jostalari hura – ELKARRIZKETA
Azken hamar urte hauetan lagun batzuk galdu ditugu eta heriotzari “ez” esatea bezala izan da guretzat, “gu behintzat batu egingo gara eta lagunek elkar zainduko dugu” mezua indartu nahi izan dugu.
Zaharregia, txikiegia agian proiektutik hamar urte igaro direnean, Kirmen Uribe idazlea, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel Mendizabal musikariak eta Mikel Valverde artista plastikoa elkartu dira berriro Jainko txiki eta jostalari hura izeneko lana abian jartzeko asmoz. Honako ikuskizuna, aurrekoa bezala, diziplina artistiko ezberdinen espresibitatean oinarrituko da. Azaroaren amaieran ikusiko du argia disko-liburu formatuan hala nola zuzeneko ekitaldietan. Kirmen eta Mikel Urdangarinekin Gasteizko entsegu lokalean elkartu gara xehetasunak ezagutzeko.
Hamar urte joan dira Zaharregia… sortu zenutenetik. Nolatan orain Jainko txiki eta jostalari hura proiektu berria?
Kirmen– Nik uste dut elkarrekin egoteko gogoa zegoela. Gauza gehienak hortik sortzen dira, elkarrekin egoteko gogotik. Joxean Lizarribar gaixotu zenean Mikelek eta biok lagunak batzea pentsatu genuen. Azken hamar urte hauetan lagun batzuk galdu ditugu eta heriotzari “ez” esatea bezala izan da guretzat, “gu behintzat batu egingo gara eta lagunek elkar zainduko dugu” mezua indartu nahi izan dugu. Oso gauza soila da, baina horixe da azken finean.
Mikel– Nik horri gehituko nioke, gure bizitzetan bazegoela subliminalki elkartzeko gogoa, gure bizitzek norabide ezberdinak hartu baitituzte (Kirmen Ondarroara, besteak hona eta hara…) eta elkarrengandik urrundu egin gara. Bazegoen elkartzeko eta disko berria egiteko gogoa, baina garbi utzi nahiko nuke Joxean hil izan ez balitz gu ez ginatekeela orain egitasmo honekin elkarlanean egongo. Hiletan elkartu ginen denak. Proiektu honen sorreran bera egon zen, beregatik ez balitz ziurrenik ez ginateke hemen egongo.
Zer aldatu da hamar urte hauetan? Zertan aldatu zarete zeuok?
K– Hasieratik kointzidentzia handia egon zen. Mikel eta biok bildu ginen hasiera batean, gero besteekin elkartu ginen eta denok sentitu genuen zerbait egiteko beharrra. Nik uste dut denak beste heldutasun batekin gaudela, sendotasuna irabazi dugu. New Yorkera joan ginenean oso keinu xaloa izan zen, injenuitate horretatik sortu zen proiektu hura. Injenuoa izatea ausarta izatea da, gazte izatea. Eta eskerrak izan ginen! Orain beharbada gure indarra ez dago gaztetasun horretan, baina bai heldutasunean, eta umiltasunean baita ere. Nik uste dut lan hau kalitatez hobea izango dela.
M– Nire iritziz denboraren joan-etorriak apaldu egiten zaitu. Neu oraindik oso nerabe sentitzen naiz, eta Kirmen ere aita izan arren, oraindik oso bizirik dago. Rafa, Bingen eta Mikelek ere ume txikiak gordetzen dituzte hor azpian. Zorionez nerabe horri ez diogu agur esan nahi eta horri eskerrak gaude hemen. Orain dela hamar urtekoa ez da errepikatuko, beste zerbait emango da orain. Bidaia, lekuak errepikatuko ditugu, biana beste pertsona batzuk gara.
Gatozen proiektu berrira. Zer da Jainko txiki eta jostalari hura? Zer ikusiko du publikoak lan berri honetan?
K– Publikoak liburu bat ikusiko du, Mikel Valverderen irakurketa ilustratuekin, eta CD bat. CDan kantak, poemak eta hibridoak joango dira. Eta liburuan CDan dauden testuez gain beste poema batzuk ere joango dira, zabalagoa izango da
Eta izenburuaren jatorria? Oraingoan ere poema batean oinarritua?
K-Bai, poema batean oinarritua dago. Zer da jainko txiki eta jostalari bat? Existitzen al da? Agian gizakia bera da, pertsona, norbera. Lanak gizabanakoaren ikuspegia azaldu nahi du, bere alde on eta alde ahulak azalduko ditu poemetan…umorea dago testuetan, oso bitala da, Joxean Lizarribar zen moduan. Poema goibelak ere badaude. Eta gure herriari buruzkoak ere dezente. Planteamendua oso zintzoa dela uste dut, Euskal Herriko gizabanako batzuek sortutakoa. Ukitu bihurri hori ere badu, izenburuan azaltzen den moduan.
M-Neuk gehituko nuke ez dela erraza definitzen lan hau, ez da antzerki lana, ez du sistema narratiboa jarraitzen (hasiera-garapen-bukaera). Belo batek estaltzen du dena, non Kirmen den letren egile eta musika geuk jartzen dugun. Jainkoak ez dira txikiak izaten, handiak dira, beraz hor mezu iraultzailea ere badoa, aldarri bat dago. Itxuraz izenburuak txolina dirudi, baina jainkorik badago norbera da, bakoitzaren barruan dago. Beraz badago joera humanista bat guzti honetan. Giza harremanek gai askoren gainetik arduratzen gaituzte, eta hemen ere agertzen dira. Norbanakoa kolektibo baten barruan, gure herria izan daitekeen hau, eta gure herri hau munduaren barruan. Hau aurreko proiektuan ikusten zen, azken finean oso lotura estua dago aurreko lanarekin. Nik uste dut oso izenburu egokia dela pentsamendu hori adierazteko.
K– Lana ez da batere iragankorra izango. Nik uste dut lan honek jendea harrapatu egingo duela. Bai musikak, marrazkiak eta testuak, jainko txiki horren moduan jendea sorgindu egingo dute. Eduki handiko lana dela uste dut.
Hiru diziplina landu dituzue proiektuan. Ze tresna erabili dituzue bakoitzean, aipatzen dituzuen helburuak lortzeko?
M– Musikaren kasuan, nik letrak erabili ditut. Hasieran banuen asmoa musika emateko Kirmeni eta berak idazteko, baina aurreratu egin da, eta neuk konposatu dudana letren gainean izan da. Ez da nire ohiko joera, normalean nik musika egiten dut lehendabizi. Musika ikuspuntutik hiru elementu daude: Bingenen biolin elektrikoa (ez du txeloaren goxotasuna baina bai ordea sekulako indarra), Rafaren gitarra elektrikoa eta nere gitarra akustikoa eta ahotsa. Folka noski hor dago, baina rocka ere hor dago. Guri gustatzen zaizkigun musiken kutsuak daude, eta guri danetatik gustatzen zaigu
K– Letra forma asko aurkituko ditu publikoak. Bertso askean idatzitako poemak daude, baita ere errimatuak. Koplak daude, eta zortzikoak baita ere. Errima edo neurrian idazten asko gozatu dut. Bitxia da, neurrian idatzitako testuak umorezkoak dira, eta bat egiten da bertsolaritzarekin… Oso mundu ezberdinak azaltzen dira letretan. Badago Agirre lehendakariari buruzko poema bat, baita txikitako oroitzapen bat… Ahots bat dago, baina kolore askotako letrak daude, bai formaz eta bai edukiz. Formak indar handia dauka. Nik uste dut hor heldutasun bat nabari dela.
New Yorken lehen emanaldia. Zergatik han?
K– Aurreko lanaren aurkezpena ere han izan zen, Bowery Poetry Clubean egon ginen 2003an, eta oihartzun moduan erabaki dugu han hastea. Berriz hastea bezala. Balio sinboliko handia du. Euskaraz egindako zerbaitek munduan lekua duela erakutsi nahi dugu, aurrekoan bezela. Joxeanek zioen moduan, konplexurik gabe. Eta horri omenaldia egin nahi diogu nolabait.
Mikel Valverde ilustratzaile eta idazleak proiektu honetan marraztu eta margotzeko askatasun handia aurkitu duela dio. “Ohituta nagoen esparrutik guztiz at egon naiz; hemen sujerentziarekin jokatzeko aukera izan dut, musika eta poesiarekin batera irudi bat sortu behar izan dut”.
Proiektuaren azala oso modu sinple eta inprobisatuan jaio zen. “lustrazio bat eskatu zidaten, eta sagar bat margotzea pentsatu nuen. Nire auzoko dendara joan, eta sagar berde baten bila hasi nintzen. Sagarra aurkitu eta haren inguruan interpretatzen hasi nintzen. Zerbait falta zitzaiola konturatu eta etxea ipini nuen. Kontziente nintzen baserri bat egin behar nuela. Teilatuak gorria behar zuen, kolore hau berdearen osagarria delako. Eta sagarraren eskuin muturrean ipini nuen, honek eskuin aldera orekatzen zuelako irudia. Azkenik, mezuari forma eman nion. Irudi poetikoa: New York, Euskal Herria”.
Noticias Relacionadas
- ← Los mejores especialistas elijen las 50 maravillas naturales de Euskal Herria
- Garbiñe Ubeda: “36ko gerra itxi gabeko kapitulua da etxe gehienetan” →