Joxe Azurmendiren hitzaldia Eusko Ikaskuntza saria jasotzeko unean

Joxe Azurmendi elkar Fundazioko Ohorezko Patronatu Kideari aurtengo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Humanitate, Arteak eta Gizarte Zientzien 2012ko saria eman diote. Saria euskal liburugintzan egin duen ibilbide luze eta oparoa saritzeko helburuarekin eman zaio.

Azaroaren 8an, ostegunean, izan zen sari emate ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian. Saria jasotzerako orduan Joxe Azurmendik esandako hitzak bildu ditugu bertan. 

 

 

 

 

JOXE AZURMENDIREN HITZALDIKO PASARTEAK

(…)

Herri bat gauza askok egiten du, eta oroz gain hizkuntzak eta lanak. Lana ez dugu izaten gogoko. Bizkaieraz beharra esaten da, eta trabaju/trabailu ere, latinezko tripalium-etik, torturako tresna bat. Honek esan gura du lana gizatiartzen oraindik lan asko daukagula. Lana gizatiartzea izan da Arizmendiarrietaren proiektuaren xede nagusia.

(…)

Ernazimentuan lanaren kalitatea altxatu denean deskubritu da lanaren duintasuna. Handik ondoriatu da denek lan denak egitea, hori lanaren kalitatea jaisteko baita hobea jasotzeko baino. Hala ere arazoak Marx eta Engels kezkatu ditu. Gaur berton Estatuak, Unibertsitateak, enpresa handiak, sindikatuak, Robin Hahnel bezalako anarkistak, lanaren antolaketa nola gizatiartu arduratzen dira. Kezka horri erantzuten dio lan kooperatiboaren ereduak, Euskal Herrian tradizio handia duenak, auzo-lan zaharretatik espiritu horren gaurko bertsioetaraino. Kooperatibismo arizmenditarra, noski, eta beste kooperatibismo batzuk. Gaurko egun honetan zilegi bekit gogoratzea, Elkar Fundazioa ere ideia horretatik sortu zela eta bizi dela. Elkarrek eta Elkarreko langile guztiek lana eta kultura elkartzen dituzte, esku-lana eta buru-lana, euskal kulturaren zerbitzuan. Aprobetxa dezadan Elkar Argitaletxeari eta Elkarreko lankide guztiei eskerrak emateko, merkatuko legeen arabera inposible litzatekeena, hainbat saio  euskaraz argitaratzea, posible egiten dutelako euren lan isilarekin.

(…)

Aitaren, edo amaren, gure etxea euskara da. Hau zen azpimarratu nahi nuen bigarren puntua. Nire obra ia dena euskaraz dago. Zergatik? Erabaki pertsonala da. Baina holako erabakiak hartu eta bai gero eutsi, lagunartean egiten da. Euskararen lanetan ni Jakinen hasi nintzen, Joseba Intxausti eta Kepa Enbeitaren eskutik, eta Arantzazuko espirituan: herri pobre eta baztertu baten zerbitzu bezala, hala ulertzen zen Arantzazun euskaltzaletasuna; hala Gandiagak, Salbatore Mitxelenak, eta Jakinek. Segurarrari eskertu behar diot, berak sartu zuela zegamarra euskararen munduan; bizitza osorako norabidea markatu zidan horrela. Jakin taldean karakter, pentsaera eta formazio diferenteeneko ekipo bat euskal kulturaren alde aritzeko elkartu da. Denon artean ikusi eta ikasi dugu, eztabaidatu ditugu gure ideiak, landu eta gauzatu ditugu gure proiektuak. Intelektualki Jakin izan da nire etxea eta familia

(…)

Hizkuntzaren hautua substantziala da gure kasuan. Herri bat gauza askok egiten du: lanak, historiak, musikak, tradizioek, klimak eta lurrak (mendiek, itsasoak, lautadak), eta batez ere hizkuntzak. Hizkuntzak egiten duela baino gehiago, herri bat bere hizkuntza dela, esan izan da. Izan ere hizkuntza ez dago lurralde, tradizio edo ekonomiaren maila berean, faktore bat gehiago besteen alboan. Alderantziz, beste faktore guztiek hizkuntzaren barruan dute beren lekua; hizkuntzaren barruan dira eraginkorrak herria egiten. Lurraldea bera hizkuntzak bizigirotzen du: mendiek eta errekek izenak dauzkate, izenokin josten ditugu arbasoen ipuinak eta mitoak eta geure haurretako oroipenak. Aizkorri, Aketegiko Damea (Mari), Sandratiko mendilapurrak, Saadarko jentilak, Tartaloetxe, Astregi errekako lamiak gauean, Ama Birjina Harri Urdingo jarlekuan eserita gona barrena ihintzetan bustita. Kaleak, plazak, bideak, izenez jazten ditugu; hizkuntzak ematen dio lurraldean leku bakoitzari bere nortasuna, diferentzia. Berdin, tradizioak, ekonomia, lana, borroka, hizkuntzaren barruan egituratzen dira.

Hain zuzen gure arazo gaitzena da, gure lana eta borroka, politika, ekonomia, informazio trukea, artea, ez direla gure hizkuntzaren barruan gertatzen ari. Herri bat bere barrutik puskatua gara. Gure identitatea puskatua dago. Horregatik euskararen hautua ez da hizkuntza bat ala besteren hautu soila. Jende baten eta herri baten hautua da; edo, hobeto, herrigintzaren hautua, herri desegindu bat birregitekoa. Nahi duguna funtsean normalizazioa besterik ez da: euskal herriko komunitatea berriro bakean eta elkarren laguntasunean bizi ahal dadila, h. d., denok denekin eta denek denei elkar ulertuz. Hori da euskaltzaleon helburua. Niretzat pozbide luze bat izan da eta da helburu horrekin euskaltzale guztiekin batera jardutea.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario