Multibidaiariak: Unibertso berrietara jauzi egiteko istorioak

Fernando Morilloren gidaritzapean, liburu hauekin, denboraren eta espazioaren hesiak gaindituz, bidaia fantastikoak egingo ditu irakurleak gizateriaren historiaren aldi eta leku ezberdinetara. Eskarmentu handiko egilea da zentzu horretan Morillo, fikzioa, jakintza eta gaztetxoen intereseko gaiak eta jakin-minak uztartzen baitaki, hainbat liburu arrakastatsutan erakutsi duen legez: Sexu-egunsentiak, Izar-malkoak, Eta ni zer?, Dragoien orroa, Idoiaren agenda/Gariren agenda, Seximenduz, Gloria mundi, Ortzadarra sutan, Zure arimaren truke, Suminaren estrategia, Bilbo samurai.

Abentura, zientzia fikzioa eta historia maite dituen irakurleak ez du Multibidaiariak baino bidaia lagun hobeagorik aurkituko. Ordenagailu eta kristalezko kubo baten laguntza bakarrarekin bateko K.a. 480. urteko Greziara egingo du salto (Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola) eta besteko 1600. urteko Japonia feudalera (Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia). Multibidaiariek lagunekin nahiz etsaiekin egingo dute topo euren bidaietan, eta baita unibertso guztietan lekua duten maitasuna, gorrotoa, bizi-poza, beldurra eta heriotzarekin ere.

Urki, Olain, Harriet, Antton eta Rakel ditugu Multibidaiariak, onerako eta txarrerako elkarrekin egotea erabaki duen lagun-taldea. Urkik izaera matxinoa du, apur bat zinikoa ere bada, txantxazalea eta zeharo baldarra. Mundu errealak traba egiten omen dio, horregatik dabil beti burua liburuetan sartuta. Olainek haur baten poza eta txorotasun bizia ditu. Antzerkizalea da, zentzu askotan; esate baterako, paregabea da era guztietako faltsifikazioak egiten. Harriet, diziplinaren indarraz, haur gaixotia izatetik, arte martzial ugaritan nagusi izatera pasa da oso urte gutxitan. Borrokalari bikaina da eta oso isila. Normalean lasaia da oso, lehertzen den arte. Antton Urkiren anaia zaharra da. Gurasoen garajetik neskalagunaren etxera igaro den jenio informatikoa. Alaitasun ero kutsakorra barnean, azkartxo ari zaizkio tripa puzten eta burua soiltzen, gau eta egun unibertso paraleloak aztertzen diharduen bitartean. Rakel Anttonen neskalaguna da, txikitxoa, serio samarra, eta normalean arropa eroso eta apalez jantzia, baina betaurreko arrosa ikusgarri batzuk ibiltzen dituena. Neuronen eta programa informatikoen arteko harremana aztertzen du.

Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola

K.a. 480. urtean, Termopiletako gudan, Leonidas erregeak eta 300 espartarrek, Xerxes pertsiarraren armadari heriotzaraino aurre egin bazioten ere, greziarrei ezinezkoa izan zitzaien garaitzea. Edonola, Greziako herriaren izaera askeari esker iritsi dira gugana zibilizazio haren hainbat lorpen. Historiako pasarte erabakigarri horixe jaso du eleberri honek.

Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia

1600 urteko Japonia feudalean, leinu buruzagien gidaritzapean, bi gudaroste erraldoiek aurrez aurre borroka egin ondoren, garaileek bake garai luzea abiarazi zuten lurralde osoan. Ondorioz, nagusirik gabeko samurai asko, roninak, lanik gabe geratu ziren. Miyamoto Musashi izan zen ospetsuenetako bat. Haren bizitzaren pasarte zoragarri bat jaso du eleberri honek.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario