Nikolas Kazantzakis-en “Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak” lanaren hitzaurrea

alexis_zorbaren_hitzak_egintzakAskotan izan dut gogoa idatziz jartzeko Alexis Zorbaren –biziki maite nuèn langile zahar baten– hitzak eta egintzak.

Bidaiak eta ametsak izan dira nire bizitzako ongile handienak. Oso jende gutxi, biziak nahiz hilak, izan ditut lagun nire borroketan. Alta, behar banitu aukeratu nire ariman lorratz sakonena
utzi duten pertsonak, beharbada lau hauek aipatuko nituzke: Homero, Bergson, Nietzsche eta Zorba.

Horietatik lehena niretzat izan da nola begi lasai dirdiratsu bat, eguzkiaren begia bezalakoa, bazter guztiak argitu dizkidana bere bristada askatzailearekin; Bergsonek libraturik ezarri nau gaztetan torturatu nindutèn larrimin filosofiko askaezinetatik; Nietzschek beste larrimin batzuekin aberastu nau eta erakutsi dit nola bihurtu zoritxarra, nahigabea eta dudamuda, harrotasun; eta Zorbak irakatsi dit bizia maitatzen eta heriotzaren beldurrik ez izaten.

Baldin aukeratu beharko banu gaur mundu osoan gidari espiritual bakar bat –“guru” bat, Indian esaten duten bezala, edo “aita begiragarri” bat, Athos mendiko monjeek deitzen dioten bezala–, Zorba aukeratuko nuke, zalantzarik gabe.

Zeren Zorbak berekin baitzeukan tinta-xomorro batek behar duen guztia bere burua salbatzeko: begirada primitiboa, gezi baten antzera bere janaria goitik brauki harrapatzen dakiena; sorkuntzarako berezko sena, egunsenti bakoitzarekin berritua, gauza guztiak etengabe lehen aldiz bezala ikustera zaramatzana eta birjintasunez janzten dituena eguneroko elementu eternoak –haizea, itsasoa, emakumea, ogia–; eskuko irmotasuna, bihotzeko freskotasuna, bere arimaz trufatzeko ausardia, iduri baduela bere baitan indar bat arima bera baino handiagokoa; eta, azkenik, irri garden basatia, gizakiaren errai barrenenak baino sakonagoko iturri batetik sortua, Zorbaren bular jada zahartuaren barnetik une giltzarrietan askatzaile jaikitzen zena zalapartaka, eta halako indarrez lehertzen zena non gauza baitzen errausteko –eta errausten ere zituena– gizaki beldurti dohakabeak bere mundualdi hau gehiegizko minik gabe igarotzeko eraiki dituen barrikada suerte guztiak –morala, erlijioa, aberria…

Ikusten dudalarik nolako janaria eman dioten hainbeste urtez liburuek eta irakasleek nire arima hamikatuari, eta zer adimen lehoikara eman zidan jatera Zorbak hilabete pixar batzuetan, lanak ditut amorrua eta tristura hezteko. Errekaratua zegoen nire bizitza zeren zorteak nahi izan baitzuen beranduegi ezagut nezala “aita begiragarri” hori, jadanik deus gutxi zegoenean salbatzekorik ni baitan. Ziaboga handia, errotiko ikuspegi-aldaketa, “sutea” eta “erreberritzea” ez ziren obratu. Beranduegi zen horretarako. Eta, hala, Zorba bihurtu beharrean nire bizitza erregelatzeko autoritate-eredu jaso bat, literatur gai bat izatera endekatu zen, ezertarako ez zena salbu orri parrasta bat tintaz belzteko, ondikoz.

Bizitza arte bihurtzeko pribilegio triste hau hondamendirako bidea izaten da arima haragijale askorentzat. Zeren, bide horretatik, pasio kartsuak ihesbidea aurkitzen du, bularretik ateratzen da, eta arimak arindu bat hartzen du, ez da kixkaltzen gehiago, ez dauka gehiago premiarik buruz buru borrokatzeko, zuzenean parte hartuz bizitzan edo ekintzan. Hori egin ordez, atseginekin ikusten du bere pasio suharra airean gora joaten ezerezean suntsitzera, kea kiribiletan bezala.

Hitzaurrea osorik (.pdf)

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario