Xabier Mendigurenen “Alsina” liburuaren lehen kapitulua

Xabier MendigurenAlsina-probisionalaAZALA.jpgXabier Mendiguren idazleak aste honetan aurkeztuko du Alsina liburu berria. Lan honetan, bai hizkera bai kontaera malgutasun eta maisutasunez darabiltza idazleak, abil eta jostalari, irakurlea eleberrian sartu eta bere gogoeten partaide bihurtuz, kontakizunaren eraikuntzak dituen arazoez, batetik, eta euskal gizartea azken 30 urteetan baldintzatu duten gertakari nagusiez, bestetik.

Lehen kapitulua irakurtzeko aukera duzue:

Non gaude? Zer da hau? Jendearen joan-etorria, argi-panelak hormetan, etengabeko dei-hotsak, andre-gizon eta haurren berbaroa, maletak, gurditxoak, zakar-ontziak eta zakar-garbitzaileak, eserlekuak eta pasabideak… Ez dezagun igarkizunetara jolastu ordea: aireportu batean gaude. Nongo aireportuan? Horrek ez du garrantzi handirik, baina esan dezagun hala ere Ipar Amerikako aireportu batean gaudela. Erraza genuke orain halako edo holako aireportua dela esatea, sinesgarritasuna irabaziko luke gainera istorioak, kolorea erantsiko lioke kontakizunari, ñabartze aberasgarri bat… Baina ez ote litzateke dena inpostura hutsa, azken batean? Kontalaria bera inoiz Ipar Amerikako aireportu batean izan ez bada, zer dio orain, New Yorken gaudela esatea, edo Washington D.C.n, edo Chicagon edo Los Angelesen? Esan dezagun, hortaz, Estatu Batuetako aireportu batean gaudela, bestelako zehaztasunik gabe, zehaztasunak ere iritsiko dira eta, zehaztu beharra dagoenean.

Aireportu batean beraz. Xehetasun hau gogoan hartzea komeni da, historia honetan zehar atzera-aurrera ugari egingo baitugu, espazioan zehar ez ezik baita denboran barrena ere, alde-aldietan hara eta hona. Baina galdu gabe. Nahastu gabe, ahal dela. Hala, bada, segi dezagun zehaztapenekin eta esan dezagun 1980ko egun bat dela Ipar  Amerikako aireportu horretan. Baita planeta osoko beste edozein lekutan ere, noski: 1980ko egun bat, ez edozein egun, jakina, egun jakin bat baizik. Axola al du orain egun zehatza jakiteak? Egia esan, ez: gure historiarako berdintsu da azaroaren 30a edo abenduaren 15a izatea. Urte hondarrean gaude nolanahi ere, abenduaren bueltan gutxi gorabehera.

Badauzkagu, bada, tokia eta eguna. Non eta noiz. Nor jakitea falta zaigu orain, jakina. Edozein historiak behar du bere protagonista, bere pertsonaia, bere heroia, bere sujeta. Berdin da nola deitzen diogun, ez dugu eztabaida teorikoetan sartu nahi. Gure historia honetako nor zentral hori, istorioko muina eta gunea, esan dezagun behingoz, andrazko bat da, emakume adin mugagaitzeko bat, ez oso zahar ez oso gaztea, hor nonbait berrogei bat urtekoa, bizkorregi ajaturiko emakume gazteagoa ala urteen joanari ongi eusten dion dama adintsuagoa ote den jakin ez badezakegu ere. Zertan gabiltza, ordea, irakurlea nahastu nahian? Guk sortu badugu emakume hori, guk eman nahi diogun adina izango du, geuk erantsi nahi diogun itxura, geuk ezarri gura diogun aiurri eta izaera. Esan dezagun, bada, bestelako txorakerietan denbora galtzen ibili gabe, 39 urte dituela, oraintxe bete berriak, eta xehetasun hau ez da aurrekoen antzera arbitrarioki eta nolanahika erabakitako zertzelada ganoragabea, baizik eta istorioaren funtsa bere oinarrian eta mami-mamian ukitzen duen datu noraezeko eta baitezpadakoa. Euskara normalagoan esanda, inportante eta nahitaezkoa.

Zergatik? Zer gertatu zen ba 1941eko abendu aldean emakume honen jaiotzarekin batean historia hau halako modu sakonean baldintzatzeko eta bideratzeko? Nahikoa litzateke edozein urtekari edo entziklopedia zabaltzea, garai hartan hainbat gertakari gogor, gordin eta erabakigarri jazo zirela jakiteko; esate baterako, eta adibide bakarra aipatzearren, une hartantxe eraso zion Japoniako abiazio inperialak Estatu Batuetako itsas armadari Hawaii uharteetako Pearl Harbor basean, hegazkin-ontzi, destruktore eta bestelako guztiak ustekabean txikituz eta, gehiago dena, ordura arte aliatuen urruneko laguntzaile izandako Estatu Batuak gerran zuzen-zuzenean sarraraziz. Gertakari horrek, ordea, denik eta garrantzizkoena izanik ere, ez du zerikusi zuzenik gure historiarekin; bestelakoa da jaiotze-data horren muntaren arrazoia, eta barkatuko ahal gaitu irakurle prestuak xehetasun hori oraindik ere kontatzen ez badiogu; istorio orok behar du bere erritmoa eta bere misterioa, eta gurean ere ez da komeni guztia behar baino lehenago argitzea; hortaz, izan ezazu egonarri pixka bat, arren, ibai bat, jira eta buelta franko egin arren, bere helburura iristen den bezala, istorio honek ere izango baitu bere jomuga, bere itsaso hondargabea.

Kapitulua irakurtzen jarraitu

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario