“Zer gertatuko litzateke Mikel Laboak talde elektroniko batekin grabatuko balu?

Donostiako Udalak Mikel Laboari emandako Adarra sariaren harira jasotako enkargua diskoan bildu du Deloreanek. Ez da bertsioen ohiko disko bat, esan bailiteke Laboaren obra inspirazio iturri gisa erabili duela taldeak konposizio berriak sortzeko.

Diskoan Laboaren kantuen bertsioak entzutea espero duenak dezepzioa jaso dezake. Zenbait kasutan (“Denbora galduaren bila”-n, esaterako) apenas dago jatorrizkoaren arrastorik. Abestien egokitzapenak direla diozue. Zergatik erabaki zenuten bide hori hartzea?
Mikel Laboak beti izan zuen esperimentaziorako jarrera erradikala, eta guk jarrera hori nabarmendu nahi genuen. Esperimentazioarekiko maitasun hori hartu dugu zubitzat gure mundua eta Laboaren munduaren artean. Aipatzen duzun kasu horretan, jatorrizko abestiaren akorde progresioa errespetatu dugu %100ean, baina produkzio guztiz libre eta esperimentala eman diogu. Agian lehen entzunaldi batean arrastorik ez da somatzen, baina abesti berbera da. Hala ere, entzuleak Laboaren abestiak kantatu ahal izango ditu. “Kantuz” edo “Bentara noa”, adibidez, ahotsean oinarritu ditugu, instrumentazioa bakarrik aldatuz.

Hain zuzen, Laboaren grabazioetatik ahotsa baino ez duzue erabili, ez da entzuten haren gitarra ezta Laboaren diskoetako beste instrumenturik ere.
Diskotik kanpo gelditu diren beste adaptazio batzuetan erabili genituen Laboaren sintetizadoreak, baina nolabait azken hautaketa ez zuten pasa. Ez genuen Laboaren ahotsa ordezkatu nahi, hain da errepika ezina. Elkarrek estudioko grabaketak pasa zizkigun eta audio laginak hartuz gure abestiak sortu ditugu. Zer gertatuko litzateke 2017an Mikel Laboak bere abestiak talde elektroniko batekin berriz grabatuko balitu? Galdera horri erantzuna ematen saiatu gara.

Diskoaren erdia Lekeitioen adaptazioak dira. Hori da talde gisa gertuen sentitzen duzuen Laboaren alderdia?
Bai. Lekeitioen izaera erdiabstraktu hori gure esperimentaziorako oso aproposa iruditu zitzaigun. Laboaren abesti ezagunenak gustuko ditugu baina bere alderdi esperimental eta arriskutsuena ez da hain ezaguna gaur egun. Hori aldarrikatu nahi genuen, arriskuarekiko beldur gabezia hori. Laboaren artea ez da inolaz ere argia, nolabaiteko iluntasuna dauka. Batzuetan, beharbada, ilunegia da sen onarentzat. Ironikoa ere bada, umorea konfusio horren kontrako azala balitz bezala. Era berean, ez da ulergaitza, ez da arbitrarioa. Horrek guztiak egiten du interesgarri guretzat.

Nola ikusten duzue lan hau Deloreanen diskografian: salbuespen gisa edo lehen diskotik izandako bilakaerarekin eta, ondorioz, taldearen gaur egungo une artistikoarekin lotuta?
Guk nahi duguna libreki egiteko garai bat zabaltzen du. Lehen gure proiektuaren norabidea argiagoa zen nolabait. Orain ez dago bide argirik eta horrek askatasun handiagoa ematen digu, gure ibilbidearen zama sentituko ez bagenu bezala.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario