Jon Maia eta Amets Arzallus ‘Berriak jaio ginen’ Solasaldia.
Fermin Calbeton Kalea
21, 20003 Donostia, Gipuzkoa
España
Amets Arzallusek gidatutako solasaldia Jon Maiarekin, ‘Berriak jaio ginen‘ liburuaren inguruan.
80. eta 90. hamarkadak bertsolaritzaren eraberritze sakon baten hasiera izan ziren: bertso eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara iristen hasi ziren, bertsoa erdal eremuetan sartzen, espazio berrietara, garaikideak ziren beste kultur adierazpen batzuekin harreman artistikoak sortu ziren eta horrela, gaur egungo bertsolaritzaren argazkira iritsi arteko eboluzio bati hasiera eman zitzaion.
Jon Maia bertsolariak liburu autobiografiko honetan berak lehenengo pertsonan eta lehenengo lerroan bizi izan zuen garai haren eta eraldaketa horren argazki pertsonala egiten du. Lehen pertsonan idatzia, bizipenak eta hausnarketak tartekatzen ditu, bertsolaritza modernoaren eta orduko garaiaren erretratu bat eginez. Egileak berak ‘lehenengo bertsolari in vitroen belaunaldia’ deritzonaren bizipenak eta kezkak hainbat gaietan ematen dira: jardun artistikoa, identitatea, tradizioa eta modernitatearen arteko talka, hizkuntzarekiko esperientzia pertsonala, politika, giza-harremanak…
Bertsolaritzarekiko interesa gainditzen duen entsegu autobiografikoa osatu du egileak, euskal kulturaren garai hartako esparru eta adierazpide ugari ukituko dituena.
Belaunaldi bereko bertsolarien arteko lankidetza modura, liburua Unai Iturriagaren ilustrazioekin osatuta egongo da.
Jon Maia Soria, euskal kultur sortzaile ezaguna da, hainbat alor eta esparrutan lan garrantzitsuak egin dituena (bertsolaritza, musika, liburugintza, dokumentalak…). Bereziki bertsolari bezala nabarmendu da, baina, esan bezala, bertsoez gain, sorkuntza lan ugari egin ditu azken urteotan. Ikasketaz, Euskal Filologiako litzentziatua da.
1972an jaio zen Urretxun, baina sei urte zituenean Zumaiara joan zen bizitzera bere familia osoa.
Oso gaztetatik izan zuen bertsolaritzarekin kontaktua, 1983an (9 urte zituela) hasi baitzen Zumaiako bertso eskolan, Joanito Dorronsoro irakaslearen gidaritzapean. Hasiera-hasieratik erakutsi zuen bertsolaritzarako gaitasun handia, eta sari ugari eskuratu zituen gaztetatik, Eskolarteko Txapelketak edo Xenpelar sariak medio. 1987an hasi zen plazetan bertsoak abesten, eta 1991n eta 1995ean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara iristea lortu zuen.
1997an, lehen aldiz iritsi zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final handira eta hurrengo hiru txapelketetako (2001, 2005 eta 2009) finaletan ere errepikatu egin zuen, 2009an meritu handiko hirugarren postua erdietsiz. Bertso Eskoletako irakasle gisa ere aritu izan da lanean.
Bertsoez harago, literaturaren munduan ere hainbat lan argitaratzea lortu du, bakarka edo elkarlanean:
- Irudika Idurika (Gatuzain)
- Zikloak (Arabera)
- Mende baten aldarriak (Lanku)
- Riomundo (Txalaparta)
- Apaizac Obeto (Elkar)
Ikus-entzunezkoetan, Bidaia intimoak, Apaizac Obeto, Gazta zati bat eta Gutik Zura dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu.
Musika munduari dagokionez, Karidadeko Benta taldearen sortzailea, letren idazlea eta abeslaria da, eta hamaika talderentzako eta kantarirentzako letrak ere idatzi ditu horrezaz gain: Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Esne Beltza…).
Azkenik, gidoilari bezala ere aritu da telebistako hainbat saiotan (Mihiluze, Martina, Udazkeneko Loreak…) eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du (egunkari, irrati, telebista).
Erlazionatutako Albisteak
- ← Posta-txartel tailerra. Haurrentzako tailerra.
- Erik Zubiaga ‘La huella del terror franquista en Bizkaia’ Presentación del libro + Tertulia. →