Mikel Ayllon “Ez tiro egin anbulantziei” Solasaldia.
Poza Lizentziatuaren Kalea
14, 48009 Bilbo, Bizkaia
España
Mikel Ayllón laudiotarraren lehen nobela da Ez tiro egin anbulantziei, XVI. Igartza Saria jaso
duena. Kartzelan azaldu da bat-batean Gerard, zergatik ez dakiela. Sartu duten mundu krudel hori ulertu ezinik emango ditu egunak, banaka desagertzen hasiko diren kidez inguraturik: Fred, Karim,
Telmo, Montag… Guztien arteko lokarria eta egoera ulertzeko giltza dirudi Sylviek, Gerardek arestian ezagututako emakume misteriotsuak. Nor dira mundu zaharra lurperatu nahi luketen horiek? Mundu
berria jaio ezinik dabilen argiilun honetan, ez ote da munstroz beteko ingurua? Eleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi
diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera
ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da
irakurlea.
Mikel Ayllon (Laudio, 1980). Itzultzailea da ogibidez. Aurretik, kazetari eta kultur programatzaile lanetan ibilia da. 2006an, Gerezi gorrien garaia kronika-liburua
argitaratu zuen (Paul Asensiorekin batera), bera eta beste hamarka gazte kartzelara eta Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkira eraman zituen prozesuaren inguruko gorabeherez. Hauxe du lehenengo
nobela.
Bilbon egingo duen aurkezpen-solasaldi honetan Leire Palacios kazetari basauriarra izango du lagun.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Katixa Agirre “Atertu arte itxaron” Prentsaurrekoa
- Martin Abrisketa “La lengua de los secretos” Encuentro y firma de libros. →