Ikasleak behar dituen gaitasunak eskuratzeko ikasmaterial berria da eki

Mikel Arrizabalaga EkiNolakoa izan behar du ikasleak ikasketa prozesua bukatzean, alegia, zein da irteera profila? Profil horretara, Euskal Curriculumean definitutako oinarrizko gaitasunez eta ikasarlo ezberdinei loturiko gaitasunez jabetuta, iristeko bitartekoa da EKI. XXI mendeko ikasmaterial berritzailea da, Europako hezkuntza erreformak agindu bezala, bizitza osorako konpetentzietan oinarritzen da, eleaniztasuna integratzen du eta informazio eta komunikazio teknologiak (IKT) erabiltzen ditu.

2013-2014 ikasturterako DBHko lehen mailari dagokion materiala eskuragarri dago jada (Matematika, Gizarte Zientziak, Naturaren Zientziak, Lengua Castellana y Literatura, Ingelesa eta Euskara eta LIteratura), eta datozen urteetan osatuko da DBH osoa.

Mikel Arrizabalaga, Ikaselkar argitaletxearen edizio arduraduna mintzo da.

Zein dira EKI ikasmaterialaren ezaugarri nagusiak?
EKI izenaren akronimoan biltzen dira ezaugarri nagusienak. “E” Euskal Curriculumaren garapen diren ikasmaterial berriak eta berritzaileak dira, “K” Konpetentzietan oinarritutako ikasmaterialak dira, ikaslearen irteera-profila proiektu honen abiapuntu eta helmuga delarik, eta azkenik “I”, Integrazioaren pedagogia hautatu dugu.

E -Euskal Curriculumean oinarrituta, beraz, bertatik eta bertarako sortutako ikasmateriala da?
2008an eta 2009an Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma da abiapuntu nagusia, baina ez dugu ahaztu behar oinarrizko gaitasunen garapena nazioarteko eskakizun bat dela, beraz, esan dezakegu Europako goi erakundeek abian jarri zuten hezkuntza-erreforma ere badela abiapuntu. Erreforma horren osagai nagusiak eskaintzen ditu EKI proiektuak: bizitza osorako konpetentzietan oinarritua, eleaniztasuna integratzen duena eta informazio eta komunikazio teknologiak (IKT) erabiltzen dituena.

K – Zer da konpetentzietan oinarrituta egotea, zer suposatzen du?
Konpetentzia edo gaitasun hauen bitartez, ikasleak bizitzaren edozein egoeratan konpetente izatea lortu behar du: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du. Labur esanda, oinarrizko gaitasunak eskuratuz ikaslea bizitzarako prestatzea da erronka edota helburu nagusiena. Eta gaitasun hauek lantzeko testuingurua Euskal Curriculuma da.

I – Integrazioaren pedagogia, zer da?
Ezagutza gaitasunak garatzeko baliabidea da, beraz, bere oinarria gaitasunen araberako ikuspegia da. Integrazioaren pedagogia, egoera arazo bat konpontzeko baliabideak mobilizatzea da, baliabide horiek mugitzen ikastea. Lehen edukiak helburu soil ziren; orain, aldiz, bitarteko dira bizitzan erabili ahal izateko. Arlo guztietarako komuna den unitate didaktikoaren egitura bera sortu da. Hasieran, egoera bat dago; ekintza planifi katu egiten da ondoren…

Zenbateraino da paper hutsezko materiala, zenbateraino digitala?
Ikaselkar-ek, EKI proiektuaren bidez, edizio euskarrien konbinazioa landu du hasieratik, papera eta digitala batera. Paperean hainbat material ekoitzi ditu: unitate didaktikoa jasotzen dituen ikaslearen liburua, ariketa sistematikoen multzoa eskaintzen dituzten lan koadernoak, unitate didaktikoetako jarduerek eskatzen dituzten adierazpenak eta ariketak egiteko jarduera-fitxak eta portafolioa. Bide digitala egin nahi duenarentzat, berriz, ikaslearen liburu digitala elementu desberdinez aberasturik eskaintzen da. Paperean egiten dugun eskaintza ekigunea.com web gunearekin osatu dugu. Bertan, ikaslearen liburu inprimatuan jaso ezin diren euskarriak eskaintzen ditugu, modu librean.

Eskolak emateko moduan aldaketa handia eragingo al du? Ikaselkar-ek eskainiko al du ezarpenerako laguntzarik?
Irakaskuntzako profesionalak EKI ikasmaterialak bere jardunean erabiltzean paradigma berri baten aurrean aurkituko dira, hezkuntzaren berrikuntza osoa dakar eta irakasle horien prestakuntza plan bat garatzea ezinbesteko baldintza izango da. Hori horrela izanik, Ikaselkar-ek, datorren ikasturterako, hiruhilero EKI ikasmaterialen erabilpen ikastaroak antolatuko ditu, uztailean lehena, 2013ko azaroan gero eta 2014ko otsailean azkena.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina