Mikel Etxaburu, kartzelaz, maitasunaz eta utopiaz

Elkarrizketaren egilea:
Xabier Mendiguren Elizegi
 

 

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehen liburua kaleratu du: “Zu zara orain txoria”, 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poema-sorta, hiru gai nagusiren inguruan ardaztua: kartzela, maitasuna eta utopia.

Berria zara idazleen esparruan; beraz, hasteko, aurkeztu ezazu zeure burua: Nor da Mikel Etxaburu, zertan ibili zara orain arte?
Ez da oso txukuna norbera norbere buruaz aritzea, eta beraz, ez dauka galderak erantzun errazik, ez behintzat niretzat. Nor da Mikel Etxaburu? Gauza bat bakarra naizenik ezin esan, ez naiz gauza bat edo beste. Gainontzeko guztion moduan hainbat ardatzen inguruan garatu izan dut neure egunerokoa eta horien guztien batuketa naizela esango dut. Hasteko, ondarrutarra naiz, arrantzale familia baten seme. Institutua bukatu nuenean Irakasle ikasketak burutzera joan nintzen Bilbora, ondoren Euskal Filologian lizentziatu eta handik urte batzuetara doktorego tesia aurkeztu nuen Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun irakasle lanetan ari naiz Huhezin; Lur alabatxo jaioberriaren aita naiz, eta finean, kartzelara eroan aurretik egiten nituen gauza oso antzekoak, edo hobeto, egiten saiatzen naiz. Hori, behintzat, banaiz.

2008an kartzelara eraman zintuzten, Batasuneko Mahai Nazionalekoa zinelakoan, eta bi urte eman zenituen bertan. Egin diezagukezu aldi horren balorazio bat, ez politikaren aldetik, baizik eta alderdi pertsonaletik?
Zaila da, ezinezko ere esango nuke nik, kartzelako gaiak alderdi pertsonal hutsetik adieraztea. Ezin baitu inork ere ahaztu zein den halako leku batean eduki izanaren abiapuntuko arrazoia. Goizaldean etxean sartu eta eraman egiten zaituzte, beste nonbaitera, lehenengo komisaldegira eta ondoren kartzelara; Soto del Real eta gero Alcalá-Meco. Bi urte izan dira, ez-lekuetan, egun bat ere gehiegi den tokian. Lehenbailehen egokitu beharra dago bertara. Ez da lan xamurra. Mundu arrotza da, biziki bortitza eta bitarteko guztiak dituena pertsona moduan neutralizatzeko. Holakoetan, berebiziko garrantzia dauka zure inguruak: bikotea, familia, lagunak, ezagunak, kideak… horiek ondo badaude, daukazun indar apurra zeuretzako baliatu ahal duzu eta lau paretek ere badituzten zirrikituetatik arnasa hartu ahal duzu.

Nik bilatu nituen zirrikituak, kostata baina hantxe zeuden, funtzionarioen begiradetatik urrun eta zerbitzu buruaren atzaparrek ezin harrapatu ahal zituztenak. Ikasi egin nuen, Filosofia karrerako bi kurtso; arabiera ezagutu eta zenbait presorekin komunikatzen ikasi nuen; asko irakurri dut, autore klasikoak batez ere; eta idatzi egin dut, poemak asko. Ez da, baina, idatzi dudan molde bakarra. Bazegoen niretzako oso ariketa literario dibertigarria zena eta atsegin handiz egiten nuena. Halako ez-lekuetan badira hainbat eta hainbat preso irakurtzen justu-justu jakin eta berba bat ere idazteko gai ez direnak. Baina ia denek daukate kanpoan neskalaguna, emaztea, emaztetzat nahiko luketen emakumeren bat edo beste… Haietako zazpi edo zortzi emakumerekin gutun bidezko harreman estua izan nuen bi urte horietan. ¿Mikel, le escribes una carta a mi mujer?; si, cómo no; dime cómo se llama, dónde vive y qué cosas le pueden gustar. Behin datu horiek jaso ondoren, ¿y qué quieres que le ponga? Galdetzen nien, eta denek gauza berdina erantzuten zidaten; eso tú, tú que escribes bien, ya se te ocurrirá algo. Eta horrela ematen nituen arratsaldeak ezagutzen ez nituen emakumeei maitasun gutunak idazten. Dibertigarria, eta atsegina… hiru aldeentzako, uste dut nik. Baina hoberena, erantzunak izaten ziren, harrituta erantzuten baitzuten emakumeek, Neruda ea nor zen eta ea hainbeste non ikasi duen galdetzen zidaten/zioten gehienek. Atsegin nuen ariketa. Nire falta sumatuko zuten handik atera nindutenean, ziur, batez ere gutunen hartzaileak ziren emakumeek.

Horrela, edonon dira zirrikituak, bilatzen jakin behar da. Nik bilatu nituen, eta han sartu nindutenen helburuak betetzetik urrun, lehen baino indartsuago atera nintzen. Oraingoan gai positiboetan egin nahi izan dut indar, horiek baitira kartzelak berezko dituen bakardade, herrimin, urruntasun, umiliazio, zigor, burdinazko giltza zaratei… aurre egin ahal dieten indargune bakarrak.

Eta hor sortzen da liburu hau. Sortuko zen bestela?
Aipatu ditudan zirrikitu horietako bat izan da niretzako liburu hau. Inork ez dezala pentsa, ordea, lau pareten artetik neure burua erreskatatzeko modu bat edo izan denik, ez. Nik neure buruarekin egiten ditudan bakarrizketak, gehienak, neuretzako dira soilik, ez nituzke inoiz ere argitaratuko. Banuen, baina, komunikatzeko behar bat, kartzelari buruz, maitasunari buruz, herri berri baten alde poesia bidez mintzatzeko gogo bat. Horrela egin nuen, ziega barrutik esateko neuzkanek beste hainbat pertsonaren sentimendu, beldur eta itxaropenekin bat egingo duten segurantza nuen, eta daukat. Bestalde, bi urteko kartzelaldira behartu ez banindute, ziur nago ez zela liburu hau existituko, ez, behintzat eduki hauekin. Liburu honetako edukiak kartzelak baldintzatu ditu erabat.

Liburuko gaiak
 

Nolakoa izan zen sortze prozesua? Liburu bat izango zela ikusten zenuen?
Abstrakzio ariketa izugarria egin behar da horrelako ez-lekuetan sormenari ateak zabaldu nahi badizkiozu. Eta horretarako, zuk kontzienteki aukeratutako norabideetara behartu behar duzu burua. Nire kasuan, poesia idaztera. Urte asko daramat poesia idatzi eta koaderno galduetan biltzen. Gustura sentitzen naiz holako moldean, eta nahi nuen poema bidez adierazi han barruan sentitutakoa. Halaxe egin nuen. Eta ez, nire helburua, ez zen izan liburu bat argitaratzea. Gauzak joan diren moduan joan dira, ordea, eta asko poztu ninduen argitalpen eskaintzak.

Liburuaren lehen partea oso loturik dago espetxeko geografiari eta bizikizunei; izenburua ere aproposa du: “Ez-lekuak”.
Hori da kartzela niretzat, ez den lekua, han dagoen inork, ezta funtzionarioek beraiek ere, egon nahi ez lukeen gune itogarria. 29 pauso luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, “zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa”. Poema liburuaren abiapuntua, halabeharrez, kartzelak behar zuen izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.

Gero, berriz, “Leku pribatuak” bigarren atalean, maitasunari egiten diozu leku, modu esplizituki erromantikoan gainera. Kontrastea bilatzen zenuen ala nondik nora izan da horrela?
Ez, ez dut kontrasterik edo antzekorik bilatu nahi izan. Liburuaren atalak eta hauen garapena askoz ere modu naturalagoan egin ditut. Poesia, niretzako, zintzotasunetik abiatzen da, “egia” esan beharra dago poemetan –bai, behintzat, nire kasuan–, eta egiek zerikusi oso zuzena daukate sentimenduekin. Nik maitasunaz aritu nahi nuen, ez-lekuan egonda faltan botatzen nituen horien guztienganako sentimenduez, maitasunaz, alegia. Baliteke, atal honetan idatzitako poemetako bat edo bestek irakurlea deseroso-edo sentiaraztea. Ez gaude oso ohituta gure sentimenduak datozen moduan adieraztera, “maite zaitut” bat entzuteak lotsarazi egiten gaitu askotan. Gauzarik ederrenak ere lotsaren iragazgailutik pasatzen dituena ez dabilela ondo iruditzen zait. Nire ustez, bigarren atal honek ere han barruan dituzun sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten dio: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu.

Azken partea, “Leku posibleak” heterogeneoagoa da; besteetan kabitzen ez ziren gaiak sartu dituzu hor, ala badu hari bat?
Bai, heterogeneoagoa da, baina ez daude hor beste bi ataletan kabitzen ez diren gaiak. Haria utopia da, herri berri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira pertsona batzuk amets egin eta ondoren zer amets egin duten gogoratzen ez direnak; badira, ordea, beste batzuk ametsak kontuan hartu eta hauekin konpromisoak hartzen dituztenak. Hauetako asko ezagutzen ditut. Eta arrisku handia daukate horrela aritzen direnek, subertsiboak baitira beti ametsak, eta subertsioarekin konprometitzea deserosoa da dena dagoen moduan utzi nahi duenarentzat. Nire ametsak eta hauekiko nire konpromisoa daude hirugarren atalean, herri berria da utopia, eskura daukaguna.

Musikaltasuna eta beste

Zure poemen ezaugarri bat da oso errezitatzeko edo kantatzeko modukoak direla; baduzu asmorik aurrez aurreko emanaldietarako?
Nire ustez, poema baten ibilbide naturala da kanturako baliatzea. Gauza handia da zuk idatzi duzuna beste norbaiti gustatu eta honek musika jartzea poemari. Borobildu egiten du poema, osotasun bat ematen dio, eta, batez ere, poesiak daukan komunikatzeko gaitasuna biderkatzen du. Musikaren bidez poemak kristoren indarra hartzen du, milaka belarritara iristen da, ehunka sentimendu eta zirrara sortzen ditu, bakoitzari iradokitzen dizkionak. Saiatu naiz idatzi ditudan poemetan hurrengo urrats hori emateko baldintzak ezartzen. Eta bai. Gustuko dut errezitatzea, poesia entzutea. Aurrean esan dudan moduan, poema liburu honen helburuetako bat komunikatzeko beharrari erantzutea izanik, aurrez aurreko emanaldiak oso leku aproposak direla uste dut horretarako. Bai, saiatuko naiz aurrez aurreko zenbait emanaldi egiten; hortik aurrera, ikusiko dugu.

Aurrekoaren ildotik, nabarmenak dira zenbait teknika: paralelismoa, biribiltasuna (hasierak eta itxierak zirkulua osatzea), ahapaldien arteko jokoak… Bilatutako prozedurak dira? Intuizioz topatu dituzun baliabideak…?
Hasiera batean guztiz intuitiboak izan dira idatzi ditudan poema guztiak. Egia da baita ere, behin intuizioari bide egin ondoren, erritmoa eta soinua izan ditudala kontuan. Garrantzi handia eman nahi izan diot ozen irakurtzean poemaren soinuari, letraren kadentziari. Hitzen bidez erraz identifikatzeko moduko irudiak sortzen saiatu naiz paralelismoen eta ahapaldien antolaketen bidez. Nire senak, intuizioak, molde horretan idaztera bultzatzen nau.

Mikel Etxaburu idazlea deskubritu dugu hemen. Idazleen munduan segitzeko asmotan, ala sartu-irten bat izan da hau?
Ezin da jakin. Nik, momentu honetan, “Zu zara orain txoria” daukat esku artean. Hori da dagoena. Honi bide egiten eta bere bidez dibertitzen saiatuko naiz. Bien bitartean idazten jarraitzen dut, ezer argitaratzen ez nuenean bezala, gogoak ematen didalako. Ez dut, ordea, idazleen munduan kokatzen neure burua, nik beste hainbeste mundu ere maite ditut. Idaztea oinarrizko zerbait da niretzat, ez dago beste ezeri lotuta. Eta egunen batean, orain moduan, idatzitakoak eta nire gogoak bat egiten badute, oso posible da hurrengo batean ere nire berri izatea, hala nahi duenak idazten dudana irakurtzen jarrai dezan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina