Xabier Mendigurenen “Alsina” liburuaren lehen kapitulua

Xabier MendigurenAlsina-probisionalaAZALA.jpgXabier Mendiguren idazleak aste honetan aurkeztuko du Alsina liburu berria. Lan honetan, bai hizkera bai kontaera malgutasun eta maisutasunez darabiltza idazleak, abil eta jostalari, irakurlea eleberrian sartu eta bere gogoeten partaide bihurtuz, kontakizunaren eraikuntzak dituen arazoez, batetik, eta euskal gizartea azken 30 urteetan baldintzatu duten gertakari nagusiez, bestetik.

Lehen kapitulua irakurtzeko aukera duzue:

Non gaude? Zer da hau? Jendearen joan-etorria, argi-panelak hormetan, etengabeko dei-hotsak, andre-gizon eta haurren berbaroa, maletak, gurditxoak, zakar-ontziak eta zakar-garbitzaileak, eserlekuak eta pasabideak… Ez dezagun igarkizunetara jolastu ordea: aireportu batean gaude. Nongo aireportuan? Horrek ez du garrantzi handirik, baina esan dezagun hala ere Ipar Amerikako aireportu batean gaudela. Erraza genuke orain halako edo holako aireportua dela esatea, sinesgarritasuna irabaziko luke gainera istorioak, kolorea erantsiko lioke kontakizunari, ñabartze aberasgarri bat… Baina ez ote litzateke dena inpostura hutsa, azken batean? Kontalaria bera inoiz Ipar Amerikako aireportu batean izan ez bada, zer dio orain, New Yorken gaudela esatea, edo Washington D.C.n, edo Chicagon edo Los Angelesen? Esan dezagun, hortaz, Estatu Batuetako aireportu batean gaudela, bestelako zehaztasunik gabe, zehaztasunak ere iritsiko dira eta, zehaztu beharra dagoenean. (Irakurri +)