Asel Luzarraga: “Liburua idazten hastean imajinatu nituen gauza batzuk errealitatea dira gaur egun”

Bioklik aurkezten duzu, zure zazpigarren nobela, euskaraz. Zer kontatzen du eleberri honek?

Bilbon gaude, 2044an. Unibertsitateko ikasle bati hurrengo ikasturtera pasatzeko proba oso gogorra jarri diote. Familia baten kasua eman diote eta, Unibertsitatetik bidaltzen dizkioten bideoetan oinarrituta (ordurako ez dago Unibertsitate fisikorik ia), txosten bat egin behar du, teorian ikasitakoei lotzeko. Liburu gehiena, beraz, ikasle horrek txostenerako egindako lehen zirriborroa da. Haren bidez, Txetxu Urruti eta Nere Poza senar-emazteek eta Aiora, Xabier eta Naomi haien seme-alabek osatutako familiaren inguruko gertaeren berri ematen zaigu. Txetxu Urruti mekanikaria da, ikasketa urrikoa, eta Nere Poza enpresa bateko zuzendaria. Egun batean, etxean bakarrik geratu ondoren, hilik agertuko da Nere, eta Txetxu atxilotuko dute automatikoki, hiltzailea delakoan. Txostenean, Txetxuren epaiketa izan arteko gorabeherak jasotzen dira eta, horren bidez, garai horretako gizartearen berri ematen zaigu: lana, eskola, kartzela, justizia… Gizarte bioteknologikoa da hura, biodemokrazian oinarritutakoa. Itxura batean, gizarterik askeena, herritarrek edozertarako eman baititzakete euren biobotoak, baita, esaterako, Txetxu epaitzeko ere. Nahi beste bioboto eman daiteke, honen alde zein haren kontra, baina biokredituak behar dira biobotoetarako. Esan dezakegu hori dela hari nagusia, gero txostenetik kanpoko beste hari batzuk zabaltzen badira ere.

Zientzia fikzioaren generoa ez da asko landu euskaraz, ezta?

Egia esan, oraintxe bertan oso liburu gutxi datozkit burura, Fernando Morillok idatzitakoren bat, gazte-literaturako beste bakanen bat… Nire bigarren eleberria ere, “Karonte” zientzia fikzioaren generoan kokatzen da. Baina esango nuke euskal idazleok, oro har, gure orainari eta iraganari gehiago begiratzeko joera daukagula, etorkizunari baino, eta errealitateari oso lotuta idazteko. (Irakurri +)