Disko-gomendioa: Lucinda Williamsen “Down where the spirit meet the bone”

Lucinda-WilliamsXabier GartziaLouisianako abeslariaren lan berria disko luzea da, 100 minutu baino gehiago irauten du. Eta ez dago minutu bakar bat ere soberan. Lehenengo abesti akustiko biluzia (lanari izenburua ematen diona, bere aitak idatzitako poema batean oinarrituta) eta diskoari amaiera ematen dion azkenaren artean (JJ Cale-ren bertsio zoragarria) Williams-ek emozioz betetako kantu sorta aberatsa eskeintzen digu: countrya, bluesa, soula, folka eta rock & roll zuzena maisuki nahasiak. Bere ahots urratuari talde bikain baten laguntza gehitu dio ekoizpen garbi eta trinkoa gauzatzeko, kitarra solo anitzez eta melodía gozagarriez zipriztinduta.

Esan ohi da Townes Van Zandt-en musika entzutera bazoaz, bihotza apurtuko dizun arriskua kontutan izan dezazula, bere letrak hain dira tristeak. Texaseko maisuek ohi duten moduan, Williams, damuaz, desamodioaz, galdutako aukerez zein itxaropenaz dihardu bere kantuetan. Eta galdera da: nola lortzen du halako edertasuna suntsiketaren hondakinetatik? Hori izango da benetako artelanaren misterioa.

Nire ustetan Lucinda Williams-ek dagoeneko Bob Dylan edo Joni Mitchell handiek ongi irabazitako ohorezko maisuen statusa erdietsi du. Ez galdu emozioz betetako perla ahaztezin hau entzuteko aukera.

Hasier Oleagaren musika-gomendioa

Hasier Oleaganorah_jonesNorabide bakarreko diskoa dugu Norah Jones kantariaren bosgarren lana: Little Broken Hearts, edo “apurtutako bihotz txikiak”. Ez dakit txikiak diren edota apurtuta ote dauden, baina zalantzarik gabe hamabi istorio hauek bihotzera zuzenduta daude.

Lehenengo entzunaldian sinpleak diruditen arren kantu hauen barnealdean esanahi sakona dago. Norah Jones-ek berak bizitako uneak baldin badira, diskoa benetakotasunaren pisuarekin jantzita dagoela esango nuke.

2012ko apirilean Blue Note diskoetxeak argitaratua eta Danger Mousek ekoiztua izan zen. Doinuak eta erritmoak hitzen esanahien kontrako koloreekin jolasten dira. Happy pills izan zen lehen singlea. 2002an Come away with me argitaratu zuenetik jazzeroagoak diren moduetatik, countryagoak diren eremuetara hurbilduz joan da Jones. Green Day taldeko kantari izandako Billie Joe Armstrong-ekin batera egindako lanak edota Puss´n boots bere talde berriarekin egindakoak argi uzten duten bezala, disko honetan ere usaintzen dira country lurrinak.

 

Juantxo Zeberio musikariaren disko-gomendioa

Ura patrikanJuantxo ZeberioBibolin barrokoak Hernanitik Utrechera eraman duen bidaia luzean geldialdi berezi bat egin digu Maite Larburuk: Ura Patrikan, Josh Cheatman holandar Neighbor-a lagun.

Melodia lasaiak, baina baita bihurri eta jostariak batzuetan. Pauso azkarrez zenbaitetan, eta bestetzuetan nota horiek airean betirako zintzilik uzti nahiko balitu bezala. Pieza bakoitza bestearekin mimoz uztartzen duten puzleak. Bidaiaren omnipresentzia eta herriminaren gazi-gozoa. Bere kantaerak sutraietatik edaten du eta halere batzuetan Bossa Nova kantarien ufadek sustrai horietatik luzatzen diren adarrak dardarka jartzen dituzte.

Eta hau guztia Hernaniko gipuzkera goxoan; eta ingelesez, eta baita gazteleraz ere. Eta Maialen Lujanbiorekin akordatu naiz. Eta euskararen Emeaz. Eta herri honetako hainbaten begietan existitu ere egiten ez diren Maite bezalako hainbat sortzailez. Euskaratik, euskaraz, ingelesez eta baita txineraz ere sortzen duten artistez. Kosmopolitak. Omen. Beraiek.

Hernanitik Utrechera eta berriz ere buelta goxo-goxo egin nahi baduzu…Sartu Ura Patrikan.