Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioari

Euskal Memoria Fundazioa saritzea erabaki du aurten elkar Fundazioak, hark egiten duen lana ere herri honentzat ezinbesteko ekarpena dela baloratzen dugulako.

Euskal Memoria Fundazioaren aurkezpenean irakur daiteke oroimena bildu eta zabaltzeko sortu zela, “geure historia guk geuk kontatzeko asmoz”, diote hitzez hitz. Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.

Bi balio ikusten ditu hor elkar Fundazioak, bere egiten dituenak eta oso garrantzitsu jotzen dituenak. Batetik, geure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea. Bestetik, transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena.

Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin.

Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin, 2018ko Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioarentzat.

elkar Sariak 2017 banatu dira

Ibilbideari elkar sariaren irabazlea  Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa izan da aurten

Jakin-ek Proiektuari elkar saria jaso du

2017.04.27 - elkar sariak - sari emate ekitaldia

Atzo arratsaldean elkar sarien bigarren emate ekitaldia ospatu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak ekitaldira inguratu ziren hainbat gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza, Kultura sailburua), Ana Ollo (Nafarroako Gobernua, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria), Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia) Iñaki Soto (Gara), eta kultura eta euskararen munduko hainbat: Martxelo Otamendi, Jose Luis Ansorena, Nerea Mujika…, baita alderdi politikoetako hainbat ordezkari ere. (Irakurri +)

Eresbilentzat Ibilbideari elkar saria

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarentzat izango da elkar Fundazioak emango duen Ibilbideari elkar saria 1974tik euskal musika bildu, landu, gorde eta euskal gizartearen esku jartzen egindako lanagatik.

Ostegunean, Martin Ugalde kultur parkean elkar sariak emateko ekitaldia izango da, eta bertan, Ibilbideari eta Proiektuari elkar sariak emango dira. Duela egun batzuk jakinarazi zen bezala, Jakinen “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” egitasmoak jasoko du Proiektuari elkar saria.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin. Musika Ondarea ikertu, bildu, kontserbatu eta jakitera ematea du helburu, bereziki euskal konpositoreen lanak.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak musika ekoizpenak kontserbatzen ditu, euskarri guztietan – testuak, ikus-entzunezkoak edo ikonografikoak-. 2000 urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko partituren eta soinuzko grabazioen Lege Gordailuko kopia bat gordetzen du.

Hasieratik gordetzen ditu pertsona zein instituzioen fondoak, 170etik gora gaur egun, horietan aipagarrienak euskal konpositoreen fondoak izanik. (Irakurri +)

elkar SARIAK

IMG_1505elkar Fundazioaren helburu nagusia euskal kultura sustatzea da.

Testuinguru horretan aurkeztu genuen 2015eko irailean Joseba Jaka bekaren bigarren aldia. Beka horren bidez kultur sorkuntza sustatzea da helburua eta. Sortzaile bati, bere lana egiten laguntzeko beka da, bi urtetik behin deituko dena. Aurten nobela edo ipuin bilduma bat laguntzeko aukera zabaldu du, eta deialdi bakoitzean definituko da zein disziplinatako lana laguntzeko izango den, asmoa literatura ez ezik beste lan arlo batzuetara ere zabaltzea baita. Beka 10.000 eurokoa izango da. Aurtengo deialdira 35 lan aurkeztu dira eta epaimahaia horiek aztertzen ari da. (Irakurri +)