Eresbilentzat Ibilbideari elkar saria

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarentzat izango da elkar Fundazioak emango duen Ibilbideari elkar saria 1974tik euskal musika bildu, landu, gorde eta euskal gizartearen esku jartzen egindako lanagatik.

Ostegunean, Martin Ugalde kultur parkean elkar sariak emateko ekitaldia izango da, eta bertan, Ibilbideari eta Proiektuari elkar sariak emango dira. Duela egun batzuk jakinarazi zen bezala, Jakinen “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” egitasmoak jasoko du Proiektuari elkar saria.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin. Musika Ondarea ikertu, bildu, kontserbatu eta jakitera ematea du helburu, bereziki euskal konpositoreen lanak.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak musika ekoizpenak kontserbatzen ditu, euskarri guztietan – testuak, ikus-entzunezkoak edo ikonografikoak-. 2000 urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko partituren eta soinuzko grabazioen Lege Gordailuko kopia bat gordetzen du.

Hasieratik gordetzen ditu pertsona zein instituzioen fondoak, 170etik gora gaur egun, horietan aipagarrienak euskal konpositoreen fondoak izanik. (Irakurri +)