Ene Kantak, jai erraldoia Gabonetan

Jai Erraldoia da Ene Kantak taldearen disko berriaren eta ikuskizunaren izena. Erraldoia, benetan, Nafarroako zazpi konpartsetako erraldoiak tartean direlako eta eszenatokirako aretorik handienak hautatu dituztelako: Anoetako belodroma (abenduak 27), Navarra Arena (abenduak 29), Barakaldoko BEC (urtarrilak 2, eta Buesa Arena (urtarrilak 4).

Ene Kantak egitasmoa 2011n sortu zuten Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk. Bost disko eta ikuskizun argitaratu ostean, proiektu berria jarri dute martxan. Urko Oskozek kontatu dizkigu nondik norakoak.

2011an sortu zenuten Ene kantak, nola sortu zenuten eta zein helbururekin?

Ene Kantak Nerea Urbizurekin batera sortutako proiektua da. Aspaldi elkar ezagutzen genuen. Oso ondo moldatzen ginen eta banekien musikaz asko zekiela. Orduan nik haur bat izan nuen eta euskarazko material gutxi edo zaharkitua zegoela konturatu nintzen. Pirritx eta Porrotx baino ez zegoen, zoragarriak, oso onak, baina pailazoak dira. Nik uste nuen zerbait gehiago ere behar zela. Nerearekin batera euskaraz kantak sortzen hasi ginen diskoa osatzeko asmoz. Biak irakasleak garenez, lehenengo lanarekin ateratako dirua euskara hedatzen duen elkarte bati ematea pentsatu genuen. Etekinak Sortzen elkartearentzat izan ziren. (Irakurri +)