Ene Kantak, jai erraldoia Gabonetan

Jai Erraldoia da Ene Kantak taldearen disko berriaren eta ikuskizunaren izena. Erraldoia, benetan, Nafarroako zazpi konpartsetako erraldoiak tartean direlako eta eszenatokirako aretorik handienak hautatu dituztelako: Anoetako belodroma (abenduak 27), Navarra Arena (abenduak 29), Barakaldoko BEC (urtarrilak 2, eta Buesa Arena (urtarrilak 4).

Ene Kantak egitasmoa 2011n sortu zuten Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk. Bost disko eta ikuskizun argitaratu ostean, proiektu berria jarri dute martxan. Urko Oskozek kontatu dizkigu nondik norakoak.

2011an sortu zenuten Ene kantak, nola sortu zenuten eta zein helbururekin?

Ene Kantak Nerea Urbizurekin batera sortutako proiektua da. Aspaldi elkar ezagutzen genuen. Oso ondo moldatzen ginen eta banekien musikaz asko zekiela. Orduan nik haur bat izan nuen eta euskarazko material gutxi edo zaharkitua zegoela konturatu nintzen. Pirritx eta Porrotx baino ez zegoen, zoragarriak, oso onak, baina pailazoak dira. Nik uste nuen zerbait gehiago ere behar zela. Nerearekin batera euskaraz kantak sortzen hasi ginen diskoa osatzeko asmoz. Biak irakasleak garenez, lehenengo lanarekin ateratako dirua euskara hedatzen duen elkarte bati ematea pentsatu genuen. Etekinak Sortzen elkartearentzat izan ziren.

“Gure hizkuntzan hezitzeko eta gozatzeko”, hori da zuen helburua….

Proiektuak euskara du ardatz. Ene Kantak euskaraz Nafarroan ere bai, hori da gure izena.  Nafarroan denok dakigu zein gobernu izan diren, eta euskara ez dutela maite izan. Horregatik euskara zabaldu eta indartu nahi genuen.

Nola sortu zen abesti bakoitzari dantza bat eransteko ideia?

Kantekin haurrak mugitzea nahi genuen eta horregatik kanta bakoitzarekin dantza eta bideo bat sortu genuen, kanta bakoitzaren koreografiarekin.

2011n bertan 19 kantuz osatutako dvd-a egin zenuten, musikari eta sortzaile ezagunekin eta Iruñerriko eskolako ikasleekin…

Betiko kantak izan ez zitezen, sortzaile ezagunak eta lagunak gurekin batera kantatzen jartzea pentsatu genuen. Horrela, diskoari indarra emango zioten sortzaile ospetsuak jarri genituen kantuan. Ondoren gure lagunen eskolatara joan ginen eta beraiekin grabatu genituen dantzak eta kantuak. Batzuekin kantuan larri eta beste batzuekin dantzan larri, baina azkenean diskoa atera zen.

Hasieratik ikus-entzunezkoen apustua egin zenuten. Musikaz gain beste balio bat?

Gure mundua digitala eta ikus-entzunezkoa da. Zoritzarrez, gaur egun gutxiegi irakurtzen da. Haurrek interneten dantza eta koreografiak ikusten dituzte, asko gustatzen zaie, bertan lantzen dute psikomotrizitatea …

Eta atzera begira jarrita urtero lan bat argitaratu duzue: Negua abesten, Onenka, Onenka marrazoa, Astonautak, Astonauta tronpeta festa…

Bai, lehenengo diskoak harrera ona izan zuen eta eskoletatik kantu berriak eskatu zizkiguten. Gu irakasleak gara eta gutako bakoitzak bi haur ditugu, beraz denboraz ere estu ibili gara, baina azkenean oso pozik geratu zen jendea eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Orain bosgarren lana argitaratu dugu.

Nortzuk osatzen duzue gaur egun Ene kantak?

Gaur egun Nerea Urbizuk eta biok [Urko Oskoz] osatzen dugu Ene kantak. Kudeaketa lanak  Jesus Irujok egiten ditu. Beste alde batetik, ikuskizunak ere baditugu eta horretan beste lau lagun dabiltza.

Ze ezaugarri du Ene kantak-ek,  nola sortzen duzue?

Lanak erdibana egiten ditugu. Nik kanten erdiak egiten ditut eta Nereak beste erdiak. Nik Nereari grabatzen dizkiot doinuak eta hitzak,  eta gero berak hortik kantua osatzen du. Beti saiatzen gara erro bezala gai bat aukeratzen, baina askotan gaiak nahastu egiten dira. Orain arte 60 bat kantu sortu ditugu.

Kantuak egin ostean, hori oholtzara eramaten duzue?

Bai, hori nire harrikada izan zen. Nik oholtzara pailazoak ez diren zerbait eraman nahi nuen. Sarritan joaten gara Porrotx ikustera baina zerbait musikalagoa sortu nahi genuen. Asko lagundu digute Pirritx eta Porrotxek. Euskara zabaltzeko herriz-herri joatea pentsatu genuen. Urte bateko bizitza izan behar zuen asmo hori handi egin da azkenean… Konturatu orduko bete dugu Baluarte, Victoria Eugenia… handitu da gehiegi, kar-kar. Haurrek dantza eta irri  egiten dute eta guk gutxi hitz egin eta dantza asko egiten dugu.

Jai Erraldoia ikuskizuna duzue esku tartean orain. Nolakoa izango da?

Pertsonaia nagusia Satorjator izango da, eta Eneko eta Nere pertsonaiekin batera bidaia egingo du Lurraren erdigunera. Altxor baten bila joango gara. Ene Kantak-ek landu ohi dituen gaiak ere jorratuko ditugu: generoa, ingurugiroa… Nafarroa osoko zazpi konpartsako 32 erraldoi agertuko dira. Zehazki, Txantrea, Sanduzelai, Atarrabia, Irurtzun, Agoitz, Aurizberri eta Mendilorrikoak. Festa handi bat egingo dugu erraldoiekin.

Oraingoan teknologia berrien inguruko hausnarketa ekarriko duzue?

Bi gai nagusi landu ditugu ikuskizun berrian. Batetik teknologien erabilera. Tableta, mugikorrak eta horrelako gailuak oso ondo daude, baina jakin behar dugu nola kudeatu horien erabilera. Haurrekin gaudenean jakin behar dugu nola erabili, eta azpimarratu behar dugu horrek denbora kentzen digula. Erabilera mugatzen jakin behar da. Bestetik, Alzheimerra  landuko dugu. Azaldu nahi diegu haurrei agure batzuek zergatik ez dituzten gauzak oroitzen, alzheimerra gaixotasun bat dela.  Gainera, modu polit batean eman nahi diegu

Erraldoiak eta kilikiak protagonista egin dituzue gure kulturan hain maitatuak direnak erakusteko?

Nafarroan oso errotuta daude, ez dakigu beste lurraldeetan ere… Lau emanaldi egingo ditugu eta erraldoiak eta kilikiak eramango ditugu. Gure ikuskizuna egingo dugu. Ondoren festa izango da erraldoiekin.

Lau areto handitan eskainiko duzue ikuskizuna. Erronka handia?

Erraldoiak sartzeko ez dago beste eremurik. Baina pozik gaude orain arte izaten ari garen harrerarekin.

Elkartasuna ere baduzue ezaugarri. Urte hauetan material ugari sortu duzue, nola joan da?

A ereduko irakasleek materiala oso baliagarria izan zaiela esaten digute. Egoera soziolinguistiko konplikatua duten herri askotan ere harrera ona izan dugu. Ni A ereduan irakasle ibili naiz eta Erribera bezalako lekuetan beharrezkoak dira euskara maitatzeko eta gozatzeko materialak. Euskal eremuetan ere koordinazioa lantzeko eta gozatzeko ere baliagarria da.

Dantzen ezaugarria da erraz ikastekoak direla, ezta?

Bai, garuna ikasten ari gara eta bi hemisferio ditugu. Bi horiek lantzeko ariketa batzuk oso garrantzitsuak dira eta dantzetan horiek egiten ditugu. Horrela dislexia lantzen dugu, koordinatuagoak izaten, bi hemisferioak erabiltzen…. Hori jorratu dugu azken diskoan. Haurrekin gehiago jolastu behar da, jolasten asko ikasten delako. Kanta hauek euskara maitatzeko, jolasteko eta ongi pasatzeko dira. Eskolaren helburua hori ere bada eta.

2011an hau abitu zenutenean, pentsatzen ahal zenuten honelako abentura sartuta egongo zinetela?

Egia esan, ez. Guk ez dugu gehiegi pentsatu. Pentsatzen hasten bagara gauzak ez dira ateratzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin