Arian irakurgai berriak: “Historia ala istorioa” eta “Naia eta eskultore itsua” – elkarrizketa

ARIAN Irakurgai mailakatuen bilduma 23. alera iritsi da. Azken biak, Alvaro Rabelliren Naia eta eskultore itsua, A1 mailan, eta Nagore Irazustabarrena historialariaren Historia ala Istorioa?, B1 mailan.

Nagore Irazustabarrenaren elkarrizketa:

Historia ala istoria?  – Nagore Irazustabarrena – Ruth Juan (ilustratzailea)
Nagore Irazustabarrena historialariak historiaren egiarekin eta gezurrekin jolas egitea proposatzen digu. Gertakizun beraren bi kontakizun planteatu eta irakurleak antzeman beharko dio bietako zein den egia eta zein ez, non dagoen historia eta non istorioa: Napoleon gizon txikia al zen benetan? Zergatik egiten dira maratoietan 42.180 metro? Nork asmatu zuen gillotina? …

Historia jakin behar al da zure liburua irakurtzeko edo istorio zalea izatea nahikoa da?
Nahikoa da istorio bitxi batzuk irakurtzeko gogoa izatea. Historia itxuraz garrantziarik ez duten milaka istorio txikiz ere osatuta dago eta historia ikasten laguntzen dute. Historia jakitea ez da errege godoen zerrenda buruz ikastea, are gutxiago klik batekin eskura dezakezunean. Gertakizunak eta datak lotzen, interpretatzen laguntzen duten istorio txikiek iragana hobeto ulertzeko balio dute. Adibidez, atzerako ispilua nork asmatu zuen jakiteak ez dio ekarpen handirik egiten historiari buruz dakigunari. Atzerako ispilua ofizialki gizonezko batek asmatu baino lehen, ordea, emakume batek, Dorothy Levitt-ek liburu batean jaso zuen hura erabiltzeko gomendioa eta ez zioten jaramonik egin. Horrek asko esaten digu garai hartako gizarteari buruz.

Erraz antzematen al da zer den istorioa eta zer historia?
Batzuetan bestetan baino errazago. Gertakizun batzuen bi bertsioak nahiko ezezagunak dira eta horietan errazagoa da ematen diren datuak interpretatzea. Baina bertsio ofizial batzuk oso barneratuak ditugu eta halakoetan zailagoa da bertsio hori zalantzan jartzea.

Historiaren kontakizunean gehien ezkutatu izan den bertsioa zein da?
Historia irabazleek idazten dutela, topikoa izanagatik, egia biribila da. Irabazleen bertsioa nagusitu ohi da eta galtzaileena ezkutatu. Napoleon galtzaile izan zen Waterloon, baina bestelako galtzaile askoz gehiago daude, kontuan hartu ez zituzten emakume asmatzaileak, esaterako. Beharbada, Napoleonek Waterlooko gudua irabazi izan balu ez genuke Napoleonen konplexuaz hitz egingo. Eta autoetan atzerako ispiluak jartzeko gomendioa gizonezko batek bota izan balu, asmatzaile ofiziala bera izango zen seguruenik.

Ilustrazioak ederrak dira benetan. Lagunduko al dute egiazko historiak zein diren antzematen? Ilustratzailea egiaren jabe al da edo itsuan egin ditu?
Collagea erabili izanak oso ondo adierazten du historiaren subjektibotasuna. Argazkiak errealak dira, baina ilustratzaileak ebaki, itsatsi eta koloreztatu ditu, bere interpretazioa emanez. Irakurleak ilustrazioa ikusten duenean badaki ez dela gertakizunaren argazki erreala. Bada, jarrera berarekin irakurri beharko luke historia, jakinda collage horretan datu errealaz gain, interesak, inertziak, mentalitateak… ere badaudela.
——
Alvaro Rabelliren elkarrizketa:

Naia eta eskultore itsua – Alvaro Rabelli – P.J. Colombo (ilustratzailea)
Bilboko kaleetan beste emakume baten gorpua agertu da, beste prostituta bat hilik; polizia galduta dabil eta neskak beldurtuta. Naia detektibeak helduko dio ikerketari Bilboko kale-giroan murgilduta berriro ere: tabernak, etorkinak, musika, unibertsitatea, pisukideak, lagunak…

Naia detektibearen kasu berri bat dator, hirugarrena. Hasteko, nolakoa da Naia pertsonaia?
Naia Bilboko neska gaztea da, Margot, Alfontso eta Jonekin batera bizi dena. Izaera aldakorrekoa da, neska bizia, feminista, musikazalea, kaleko giroa maite duena, eta batzuetan zakar samarra da.

Aurrekoak bezala, oraingoan ere Bilbon gertatuko al da?
Bai, Naia bizi den Bilbo Zaharra edo San Frantzisko auzoan. Esan dezaket Bilbo bera ere beste protagonista bat dela liburu hauetan, eta Bilbo Zaharra auzoa benetako “fetitxea”, horrelako istorioak sortzeko ezinbesteko osagaiak dituelako: gazte bohemioak, etorkinak, jonki zaharrak, prostitutak, meatzari ohiak… dena Ibaizabaleko ertz zikinetan… City-tik gehien duen euskal hiria da, krimenak koherente bihur ditzakeen hiria, inondik ere.

Esaiguzu zergatik den kasu berri hau erakargarria.
Bada, hirugarren liburu honetan Naiak eta Margotek gizakien barrunbe ilunetara jaitsi beharko dute. Prostituzioak, gizakien trafikoak eta emigrazio ez-legezkoak dakartzaten arazoetan murgildu beharko dute. Horretaz gain, intriga ez da amaierara arte konponduko, irakurlea harrapatuko duen kasu iluna argitu beharko dute.

Nondik edaten duzu? Zein dira zuk maite dituzun idazleak?
Liburu hauek iturri nagusi bi dituzte. Batetik, polizia-film klasikoetan edo intriga filmetan oinarritzen dira. Liburu bakoitzak keinua egiten dio film jakin bati: Naia. Chinatown inguruan liburua Jack Nicholson-en “Chinatown” filmean oinarritzen da; Naia. India gorrietan, Nicolas Cage-ren “National Treasure” filmean; eta azkenik, Naia. Eskultore itsua “House of wax” filmean.
Bestetik, jakina, eleberri beltz generotik edan dut: Donna Leon, Jean-Christophe Grangé, Raymond Chandler, Gotzon Garate, Itxaro Borda… Izan ere, Naiak asko zor dio Garateren Jon Bidart eta Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibeei. Eta ezin falta Jon Arretxeren Touré detektibea, Naiaren auzokidea, biak Bilboko San Frantsizko auzoan bizi baitira.

Irakurgaiok sortzean nor duzu gogoan euskara-ikaslea edo eleberri poliziako irakurlea?
Egia esateko biak, bai ikaslea, bai irakurlea. Euskara-irakaslea naiz, eta ikasleek behar dituzten eduki gramatikalak, helburu komunikatiboak eta hiztegia gogoan izaten ditut, guztiz. Hala ere, oinarrizko euskara maila baino ez badakite ere, ikasleen artean badira oso irakurle finak. Horiek ezin dituzu “engainatu” edozein liburu eskainiz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina