2026ko elkar Sariak banatu dira
Gaur arratsaldean Ibilbiderari elkar saria eta Joseba Jaka bekaren sari-emate ekitaldia ospatu du elkar Fundazioak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideek ekitaldira inguratu diren gonbidatuak hartu dituzte Martin Ugalde Kultur Parkean arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Joseba Jaka beka eman zaio Xabier Etxeberriari eta ondoren, Ibilbideari elkar saria eman zaio Hizkuntz eskubideen behatokiari.
Joseba Jaka Beka:
Edizio honetan nobela grafikoa edo komikia egiteko laguntza eman da. Javier Andrada Guerrerok, Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jasoko dute 10.000 euroko beka, urtebeteko epean “Super Mario hil behar dut” komikia egiteko. Paula Estevez Del Diego, Adur Larrea Eguren eta Iratxe Retolaza Gutierrez izan dira epaimahaiko kideak.
Hiru irabazleen izenean Xabier Etxeberriak jaso du beka Jon Jakaren eskutik.
Etxeberria oso pozik agertu da “Super Mario hil behar dut” proiektuan super talde bat dagoelako: Maria Gargot marrazkietan eta Javier Andrada koloreetan. Biak kataluniarrak dira, agentzian ezagutu zituen. Komikietan ilustrazioaren zatiak du lan handiena eta ezin dut gustorago egon bi taldekideekin.
“Super Mario hil behar dut” hein batean superazio istorio bat da. Irene da protagonista, jazarpen digitala jasan duen hamasei urteko neska bat. Ireneren mendekuaren istorioa ere bada. Irenek, izan ere, Mario izeneko bere mutil lagun ohia hil nahi du.
Ibilbideari elkar saria:
Duela 25 urte, 2001ean eratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntz Eskubideen Behatokia, euskararen lurraldean, Euskal Herrian, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuta ez zeudela ikusten zuelako. Eremu batzuetan hizkuntzaren existentzia bera ere ukatzetik abiatzen da hizkuntza eskubideen urraketa, hizkuntzari inolako estatusik onartzen ez zaiolako, ofizialtasuna bera ukatuta. Beste eremu batzuetan, hizkuntzak izan arren estatus ofiziala, egunero urratzen dira euskaldunen eskubideak euskaraz aritzeko aukerak ixten direnean, izan lanean, izan irakaskuntzan, izan administrazioan, izan osasungintzan, izan aisialdian… eguneroko bizitzan etengabe behartzen da euskalduna erdara erabiltzera, euskara ez dakienak beti behartzen baitu euskalduna hizkuntza aldatzera. 
Saria Pilare Goenagak eta Iker Aranburuk eman diote sarituari. Hizkuntz eskubideen behatokiaren izenean Agurne Gaubeka Erauskin eta Garbiñe Petriati Ijurrak jaso dute saria.
Gaubekak, besteak beste, honakoa adierazi du: “Behatokiak bere beharrik izango ez duen komunitatea amesten du, hori bultzatzeko ardura duten guztiak interpelatu nahiko genituzke gaurkoan, ardura kolektiboa eta erantzukizun soziala ardatz, erakunde, enpresa, eragile zein bestelakoei hizkuntza politika eraldatzailea eta bermatzailea bultzatu eta babesteko eskatzen diegu. Bestalde, gure deia herritarrei: jarraitu dezagun geure buruak ahaldundu eta antolatzen, jarraitu Euskararen telefonoa erabiltzen”.
Sari banaketa amaitzeko, Irakurraldi musikatua izan da Karmele Jaio idazlearen eta Triku Villabella eta Aitor Agirre musikarien eskutik.
Harremanetarako: fundazioa@elkar.eus /618755227





