elkar Comediasen 40.urteurrenaren ospakizun ekitaldia
Iruñeako Comedias kaleko elkar liburu-dendak 40. urte ospatzen ditu aurten eta azaroaren 27an eta dendan bertan, ospakizun ekitaldia egin genuen.
Bertan elkartu ginen elkar Fundazioko eta elkar Taldeko ordezkariak, Iruñeako erakundeetako kideak, euskal argitaletxeetako ordezkariak, elkar Comediaseko langileak eta langile ohiak, Iruñeako idazleak…
Ekitaldian parte hartu zuten, Pablo Abarzuza, elkar Comediasen gaur egungo arduradunak; Patxo Abarzuza, elkar Comediasek izan zuen lehen arduradunak; Ana Jaka, Elkar Taldeko langilea, egun Ikaselkar hezkuntza argitaletxeko sustatzailea Nafarroan eta Araban; idazlea eta kultur eragile transfeministak; Irati Jimenez, idazle eta kazetariak eta Mikel Esnal, elkar Taldeko zuzendariak.
Pablo Abarzuzak gidatu zuen saioa eta 1984tik 2024ra liburu-dendak jasandako eboluzioa aipatu zuen. Izan ere, gogora ekarri zuen gizartean izan diren aldaketak, krisiak, pandemiak… baina batez ere, azpimarra jarri zuen Iruñeako liburu-denden mapa aipatuz, gaur egun batzuk dagoeneko itxita daudela eta aldiz, liburu-denda proposamen berriak ireki direla, liburuen mundura ongietorriak direnak.
Ondoren eta mahainguruari hasiera emanez, Patxo Abarzuzak hartu zuen hitza eta liburu-dendaren hastapenen inguruan hitz egin zuen, 1984ko Iruñearen eta bereziki alde zaharrean euskararekiko eta euskal kulturarekiko zegoen jarrera azalduz. Jarraian, Ana Jakak Iruñeako gaur egungo egoera soziolinguistikoaz hitz egin zuen eta azpimarra jarri zuen egoera horren aurrean elkar moduko liburu-denda batek duen garrantziaz. Izan ere, elkar liburu-dendetan euskaraz argitaratutako produktuak eskaintzen dira, euskaraz artatua izan zaitezke eta euskaraz lan egin dezakezu. Irati Jimenezek, Anaren haria jarraitu eta elkar Comediasek Iruñeako alde zaharrari egiten dion ekarpena azpimarratu zuen, batez ere euskararen ikusgarritasunean izan duen eta gaur egun izaten jarraitzen duen garrantzian. Gehitu zuen baita ere, elkar Comedias ez dela euskarazko produktuak saltzen dituen liburu-denda bat soilik, euskal literaturaren etxea baizik.
Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko Mikel Esnal, elkar Taldeko zuzendariak, hartu zuen hitza adieraziz, geroz eta aldaketa gehiago jasaten ari den gizarte honetan, elkar geroz eta beharrezkoagoa dela euskaldunontzat, garen hori izateko eta izaten jarraitzeko erreferentea baita. Ondorioztatu zuen baita ere, euskaldunok Euskal Herriko hainbat txokotan elkar bezalako aterpeak izaten jarraituko dutela.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Imanol Pradales Lehendakariak elkarren Adunako egoitza bisitatu du
- II. Paradisu Zinema Musika Beka →