Josu Goikoetxeak jaso du Joseba Jaka beka eta AEK-k Ibilbideari elkar saria

elkar Fundazioak Adunan duen egoitzan banatu dira 2024ko elkar sariak. Ibilbideari elkar saria eta Joseba Jaka beka banatu ditu aurten Fundazioak.

Bi urtetik behin banatzen den Joseba Jaka beka emanez hasi da ekitaldia. Aurten narratiba lan bat egiteko beka eman du Fundazioak. 15 lan aurkeztu dira eta Irati Majuelok, Itziar Ugartek eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak erabaki du beka Josu Goikoetxea Gezuragari ematea, “Hiltzailea eta beste ipuin batzuk” lana egin dezan. Epaimahaikoek esan dute “Ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza ez izan arren, laginean aurkezturiko ipuinen kalitatea: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa”. Joseba Goikoetxeak 10.000 euroko saria jaso du eta urte beteko epea izango du bere lana egiteko. Liburua, ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Josu Goikoetxea saria jasotzen Jon Jakaren eskutik

Beka jasotakoan, Josu Goikoetxeak eskerrak eman ditu eta esan du Beka hau akuilu izango dela liburua idazteko.

Segidan Ibilbideari elkar saria banatu da. Jon Jaka Patronatuko idazkariak azaldu du saria AEKri emateko arrazoiak eta gogora ekarri du frankismo garaian abiatutako gau eskolen mugimendua eta ordutik hona AEK-k euskalduntze-alfabetatzean egindako ekarpena. Jon Jakak gogoratu du baita ere, euskararen normalizazioak guztion parte hartzea eskatzen duela, euskara ezin dela haurren eremura mugatu eta Garazi Arrulak Korrikako mezuan adierazi bezala “euskarak ekosistema osoa behar duela eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

AEK eta Korrika ordezkatuz, AEKren Artezkaritza batzordeko kideek Aitziber Balantzategi, Bixente Claverie, Xabier Gartzia, Lurdes Etxezarreta eta Aize Otaño eta Korrikako koordinatzaile nagusiak, Ane Elordi jaso dute saria Joxemari Sors eta Jon Jakaren eskutik.

AEKko ordezkaritza saria jasotzen

Aitziber Balanzategtik eta Ane Elordik hartu dute hitza eskerrak emateko: elkar-i eskerrak emateaz gain gogora ekarri dituzte urteetan modu batera edo bestera AEK kide izandako guztiak, saria guztiena dela ulertzen baitute.

Behin sariak emanda, Joxe Mari Sors, Patronatuko lehendakariak hartu du hitz elkar Fundazioaren izenean. Sarituak zoriondu ditu eta bere hitzetan kezka azaldu du euskarak eta kulturak gaur egun dute egoeragatik. Horrekin batera eta, sariei garrantzirik kendu gabe gogora ekarri du elkar Fundazioak bere xedea eguneroko lanarekin betetzen duela, argitaletxeen, banaketa enpresen, liburu-denden eta inprimategiaren bidez egiten duen lana dela Euskal Herria euskaldunago baterako bidean elkar-ek egiten duen ekarpena.

Sorsek bere azken hitzetan adierazi du aurten utziko diola elkar Fundazioko Patronatuko lehendakaria izateari, patronatuan jarraituko badu ere “garaia delako, elkar Fundazioan ere, beste batzuek lehen lerroko ardurak eta erantzukizunak hartzeko”.

Behin sariak banatuta, ekitaldia kultur emanaldiarekin osatu da. Bere lehen poema liburua, Itsaso amniotikoa, argitaratu berri duen Oihane Jakak hainbat poema irakurri ditu, Xabier Zeberioren musika lagun.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina