Pello Lizarralde: “Lanbroa-k dakartzan galderak memoriari eta ahanzturari lotuta daude”

lanbroa - Pello LizarraldeElkarrekin tentsio handiko ordu batzuk pasatutako bi pertsona ditu protagonista Pello Lizarralderen Lanbroa nobela berriak, Xabier eta Maialen. Denboran laburra bada ere, elkarrekin bizi izandakoaren intentsitateak bien arteko lotura estu eta iraunkorra ezarri du.

Zerk bultzatu zaitu Xabier eta Maialenen arteko enkontru hau irudikatzera?

Nire aurreko liburu guztietan bezala, honen sorreran ere irudi bat dago, eta oraingoan, gainera, esaldi bat. Irudi horiek urteetan izaten ditut buruan jiraka zer eman dezaketen ez dakidala. Halako batean, ezin jakin nola edo zergatik, irudia erabat ezartzen da, eta konturatzen zara kontatu nahi duzuna idazten hasteko bidea ematen dizula. Hari nagusia zehaztuta, lanaren alderik inportanteena heldu da: galderak. Kontua ez da zer kontatu nahi dudan, baizik zein diren hartu behar dudan lan horrek eragiten dizkidan galdera esentzialak. Niretzat ez dira galdera samurrak izaten. Erantzun bat baino gehiago izaten dute, eta, jakina, idazten abiatzen naiz konbentziturik irakurleak ere inoiz bere buruari haiek berak edo antzekoak egin dizkiola. Hori lortuz gero, ni pozik. Lanbroak dakartzan galderak memoriari eta ahanzturari lotuta daude, eta iraganaren bihur guneetan ezkutaturik diren infernu txikietatik ateratzen dira.

Zein izan dira kasu honetan galderak?

Beste asko atera litezke, baina hara erabakigarrienak: Gauza gara nahi duguna gogoratzeko eta ahazteko? Zer irabazten dugu ahazten dugunean? Zer galtzen eta zer irabazten dugu ahazten gaituztenean? Zer gara, zerbait bagara, gainerakoen oroitzapenetan?

Zaila da Xabier eta Maialenen arteko harremana definitzeko hitz egokia bilatzea.

Bi protagonistak ez ziren elkartu biek hala erabaki zutelako, eta horrek dena baldintzatzen du, ezin dituzte toki beretik juzgatu eta kontatu elkarrekin eman zituzten
orduetan gertatutakoak. Jakina, gogoratzen dituztenak ere ez datoz bat, eta kontua ez da norena den kontakizun  zuzenena, baizik elkarrekin emandako ordu haiek zer marka utzi zieten batari eta besteari, eta zer egin behar izan zuten aurrera jo ahal izateko. Hala ere, in portanteena ez da zertaz oroitzen zaren. Arazoa beti orainari lotuta dago. Gertakari hark utzitako seinalearen gainetik galderak daude: zerbait ote naiz oraindik beste horren gogoan? Eta izatekotan, zer?

Irakurri ahala, ikusi, ukitu, entzun, usaindu eta kasik ibili ere egiten da paisaia.

Ez zait sekula interesatu narrazio psikologikoa eta horri jarraituz sortzen diren erretratuak. Neurri batean zaharkitua iruditzen zait. Idazteko orduan ez dut esan nahi izaten, nahiago dut erakutsi. Gogoko ditut narrazio aratzak eta xehetasunera jotzen dutenak. Eta arestian aipatzen nuen erakuste horretan ezinbestekoa da zentzumenen bidez jasotzen duguna ekartzea. Munduan gabiltzala, batik bat bakarrik gaudenean, dena ez da hausnarketa, ideia eta iritzi. Puska handi bat behaketak eta sentsazioek betetzen dute, eta horiek bildu eta ordenatu ondoren askoz errazagoa izaten da barruago daudenetara heltzea. Ez da bide zuzenena, eta askorentzat aspergarria eta geldoa izan arren, frogatua daukat beste batzuei sinesgarriagoa zaiela.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina