Dani Martirena: “Gure liburuak politikoak dira, baina ez dira moralizanteak”

itsasoa bete urre - Daniel MartirenaItsasoa bete urre (Txalaparta 2024)  Dani Martirena eta Ana Ibañezen bosgarren album ilustratuan, itsasoan bizi direnak eta bizitza galtzen dutenak ezagutuko ditu irakurleak  irudi eta hitzen goxotasun biluzian.

Artearekin lehenengotariko hartu-emana izateko espazio egokia al da haur literatura?

Zalantza izpirik gabe horrela dela. Artearekiko harreman hori zuzenean ematen da album ilustratu batean. Testuaren eta irudiaren arteko orekan, gainera, irudia nabarmentzen da gehiago. Hots, marrazkiek hitzek baino indar gehiago dutela haurren begietara. Hau oso agerikoa da “Itsaso bete urre” liburuan, gure proposamenaren oinarrian Anaren grabatu sorta baitago, grabatu hauen baldintzapean idatzita dagoenez gero istorioa. Artearekin jolas egiteko proposamena ezkutatzen da liburuan.

Haur literaturaz ari garenean haurrentzako literaturaz soilik ari garela pentsatu daiteke, baina, gai unibertsalez hitz egin dezake literatura generoa al da?

Haur literatura gehiago da etiketa bat. Apalak adina jartzen dira etiketak, nolabait. Erran nahi baitut literatura bakarra dugula. Haur batek ez du eleberri bat irakurriko, oraindik ezin duelako. Baina, heldu batek gozatu handia hartuko du album ilustratu batekin. Bereziki arestian aipatu dugun artearekiko hartu-eman horri segida emateko. Mariasun Landari irakurritakoak etortzen zaizkit gogora. Landak zioen haurrak ez direla tuntunak. Haur batek, heldu batek bezala, sentimendu bortitzenak dituelako bere baitan. Eta, ondorioz, edozein gai, txikienetik unibertsalenera eskaini ahal zaizkiola; horretarako literaturak eskaintzen dituen zimurretan tolesturak aurkituz. Hemen dago koxka. Itsasoa Bete Urre liburuarentzat etiketa baten premian egonez gero, “zirriborroak egiten hasten denetik irakurtzeari uzten zaion arte”, ideia honen atzean zehaztuko nuke adin tartea.

Farozaina dugu itsasoari begira Itsasoa bete urre album ilustratuan eta lepotik zintzilik dituen largabistetatik itsasoko sekretuak ezagutzen ditugu; itsasoaren bueltan bizi direnak, eta bizitza galtzen dutenak.

Liburuaren hasieraren hasieran Anaren lana dago, Iruñeko Arte Eskolarako proposamen artistiko bat sortu zuenean, jakin gabe gero liburu bat moldatuko genuenik abiapuntu horretatik. Behin, grabatuak eta lan prozesu osorako sortu zituen soberakinak erakutsi zizkidan, eta azaldu zidan urrearen inguruan hausnartu nahi zuela. Berehala ikusi nuen hor bazegoela istorio bat, album ilustratu baten itxuran biltzekoa. Eta farozaina aipatu duzu. Azpimarra jarri nahi diot honi. Izan ere, Anaren lanen artean begiz jo nituen marko obalatu batzuetan apaindu zituen grabatuak. Izan ere, marko obalatu horietan farozainaren largabistak ikusi nituen, biribil-biribil. Banuen, hartara, nondik tira egin!

Ikasbide kosmopolitak jaso dituzue liburuetan. Nola aukeratzen dituzu gaiak?

Gure liburuak politikoak dira, baina ez dira moralizanteak. Gauza desberdinak dira. Morala muga da, eta konpromiso politikoa, aldiz, muga horietan eragin nahi duen lanabesa. Gizakien maneretan agertzen diren hamaika animaliaren istorioetan -eta hauekin beteta dago haur literaturaren itsasoa- morala gailentzen da. Eta gure hautua ez da hau. Oraingoan migrazioa hartu dugu hizpide, eta parez pare jarri ditugu urrez apainduta diren faraoiak eta urrezkoak diruditen baina paperezko oihalekin babesten dituzten migratzaileak. Noski, hau guztia haurren neurrira egokituta dago, eta horretarako dugu farozainaren laguntza; zinez estimatua. Azken buruan, geruza desberdinak ditu liburuak. Adibidez, urrez beteta den itsasoan farozainak ikusten duen marrazoa, marrazoa da soilik, ala zerbait gehiago ere bada marrazoa? Hor dago koxka.

Sormen prozesuari dagokionez, nolakoa izan da Itsasoa bete urre albumaren prozesua?

Ohikoan, ia album ilustratu gehienetan, ilustratzaileak idazlearen morrontzan lan egiten du. Itsasoa Bete Urren prozesua alderantzizkoa da. Gure kasuan, Amonarenean Kea liburuxkan ere, nik jardun nuen Anaren irudien menpe. Eta orain, berriz. Hor ziren, hasieratik, bere grabatuak. Hortaz, farozainaren largabistak jarri nituen nik neuk ere, ea zer ikusten nuen Anaren irudi abstraktu horietan,  ea zein istorioa errealista aurkitzen nuen. Agian honexegatik albumak liburu-artistatik ere badu asko. Gero, istorioa osatutakoan, elkarrekin egin dugu lan, Anaren grabatu sorta guztian -liburuan agertzen direnak baino askoz ere gehiago direlako- hautatzeko zein zatik biribiltzen zuen hobekien liburuan kontatu nahi genuena.

Nola sortu da testua?

Balizko irakurleak izaten ditut denbora guztian presente. Eta ia beti irakurketa partekatua irudikatzen dut, heldu bat eta haur baten artekoa, heldua haurra laguntzen, haurra heldua harritzen. Testuaren sonoritateari eta erritmoari garrantzia ematen diot, hitzen musikari, bilakatu dadin otoitz baten antzekoa, ustez ahoz goran irakurriko dutela liburua, orrialdeak pasa ahala, istorioan proposatzen direnak irudietan aurkitzeko ahalegin horretan. Istorioa non abiatzen zen, eta non bukatzen zen argi eta garbi nuen hasiera hasieratik. Aitzitik, bitxia da: liburua hiru puntu jarraiak ditu (…) bukaeran. Amaieran, amaierarik eza. Paradoxa.

Nola uztartzen duzue letra eta irudiaren arteko oreka?

Anaren proposamen artistikoaren baldintzapean ibiltzeak honen eta testuaren artean lokarriren bat aurkitzera derrigortzen zaitu, txikiena bada ere. Ederra da bide hau, sorpresaz betea. Gainera, album ilustratuen oinaze bati izkina egiten diozu, bi hizkuntzek adierazten dutena errepikatzea zailagoa suertatzen baita. Pentsa! Anak ez ditu marraztu farozainak ikusten dituen sardina kilikariak eta txipiroi ipurtargirik; baina lokarri txiki horietatik abiatuta mundu berri bat sortu dugu. 

Eta euskara eta erdararen arteko oreka nola landu duzue oraingo honetan?

Euskaraz sortu dut, euskaraz idazten dut. Gero, itzulpen hein batean literarioa egiten diot Anari, bera ere jabetu dadin zer egiten ari garen. Baina, etengabean, euskarazko testuak irakurtzen dizkiot, eta hauek denak xehe-xehe azaltzen dizkiot, Anak dena bere sentitzeraino.

Izan al da lan honen sormen prozesuan, garrantzia hartzea espero ez zenutenik, eta garrantzitsua bihurtu denik?

Bizargorri! Hasiera batean pirata sartu eta atera egiten zen istoriotik, di-da batean. Baina garrantzi handiagoa hartu du. Hondoratuta den galeoian bere begiko partxea eta hanka-paloa aurkitu beharko ditu irakurleak. Bizargorrik, piraten atzean dagoen guzti horrek, altxorrak direla, direla txanponak, liburuari ematen dio bihurgune berri bat; erakargarria suertatzen zaidana eta haurrentzat pizgarria zeharo.

Konparazioak, metaforak, elipsiak, adjektibazioak…aparteko abileziaz jasotzen ditu irakurleak liburu gordin eta era berean goxoan. Nolakoa da hitzetan oreka hori topatzeko ariketa?

Libururaino iritsi diren lerroek etengabe mudatu dute larrua. Hasieran jolas literarioak are gehiago ziren, poetikoagoak akaso, zailagoak lehen kolpe batean ulertzeko, baina hau guztia orraztuta dago orain. Irakurleari ulerterraza egin behar zaio, lehen kolpean ulertzeko modukoa. Xede honetan, Garazi Arrulak egin ditu editore lanak eta bere zuzenketa guztiak norabide honetan joan dira, nire idazketaren herdoila garbitzearren, hitzek ere dir-dir egin dezaten.

Album ilustratuen sormenean murgildu zarenetik, aldatu da pieza hauek ulertzeko aurretiaz zenuen ikuspegia?

Are gehiago baloratzen ditut orain. Aldarrikatu nahiko nuke album ilustratuen literatura maila. Iruditeria gailentzen den arren, hitzekin egiten den narrazioari balorea eman nahi diot, honek zuzenean eragiten nauen heinean. Maiz lerro laburrak izaten dira, tupust bakarreko ideiak ia gehienetan, eta honexegatik sortzeko errazegiak dirudite. Baina, usteak erdia ustel. “Itsasoa Bete Urre” liburuko testuetan hitz oro eta puntuazio marka denak hamaika bider jarri ditugu zalantzan, egun batean bai, eta hurrengoan ere… izerdi patsetan uzteraino. Liburua inprentara sartu aurretik, oraindik ere hor ginen zerumugaren ideari helduko ote genien, bai ala ez. Eta, azkenean erabaki genuen… ezetz!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina