Eztizen Artola: “Ariketa kolektibo bat egitea falta zaigu motxiladun umeoi gertatzen zaigunari izena jartzeko”
Lehen liburua argitaratu du Eztizen Artola Iturratek, Gurpilak (Txalaparta), euskal gatazkaren errelatoa osatze, zauriak sendatze, eta beste ertz batzuei hitzak jartze aldera. Lehen pertsonan kontatutako istorioa da.
Fikzioa den arren, zure istorio pertsonalean dago oinarrituta. Zergatik erabaki duzu liburua idaztea?
Beti eduki dut buruan liburu bat idaztearen ideia. Euskal Herriko Gazte Feministek Elizondon emakumea eta kartzelari buruzko tailer bat antolatu zuten, eta ondorio nagusietako bat izan zen errelatoa osatu eta gizonen begiradatik aldendu behar genuela. Hor konbentzitu nuen nire burua zerbait egiteko. Gainera, presoak Madrildik gora ekarri zituztenean, elkarrizketak egiten hasi ziren Puerton egondako preso ohiei, eta elkarrizketa horietako batean nire aitari galdetu zioten Puertoko autobusaren inguruan, nahiz eta bera sekula ez zen autobusean ibili. Oso deigarria iruditu zitzaidan, eta konturatu nintzen nik banuela aukera nire bizipenetatik abiatuta liburu bat idazteko, euskal gatazkaren beste ertz batzuei ere hitzak jartzeko.
Ume baten ahotsetik idatzi duzu, baina urteek eta bizipenek eman dizuten heldutasunetik.
Hartu nuen lehen erabakietako bat izan zen lehenengo pertsonan idatziko nuela eta ume baten begirada baliatuko nuela. Irakurleak horrela gehiago konektatu zuela iruditzen zitzaidan. Oso bestelakoa da nik orain bizi dudanaren inguruan egiten dudan irakurketa edo momentuan egiten nuena, eta maiz, kostatu zait heldu begiradatik aldentzea, ume batek egingo ez lituzkeen hausnarketetatik urruntzea.
Ze pasarterekin sufritu duzu? Eta zeinekin disfrutatu duzu?
Motxiladun umeontzat oso gogorra da bizi dugun egoeraren gaineko kontzientzia hartzeko unea. Haurtzaroan ez ohikoak diren gauza batzuk identifikatzen ditugun arren, hazten goazen heinean hartzen diogu benetako neurria bizi dugun horri. Esango nuke Burgos pasartea dela aldaketa horren hasiera kontatzen duena. Arrotza eta mingarria izan da niretzat garai horietan kokatzea berriro nire burua. Aldiz, gehien disfrutatu dudana Mansillako atala izan da. Umearen begiradarekin eta inozentziarekin jolastu dut. Pasarte batzuk oroitzapenetatik erreskatatu ditut, beste batzuk inguruko motxiladun umeek bizitakoak dira, eta beste hainbat asmatu ditut. Oso dibertigarria iruditu zait haur baten ahotsetik aritzea.
Noizbait uzten dio ume batek motxiladun ume izateari?
Ariketa kolektibo bat egitea falta zaigu motxiladun umeoi gertatzen zaigunari izena jartzeko eta hainbat kontu identifikatzeko. Liburuarekin hori ere lortu nahiko nuke, erakustea gure sufrimendua ez dela etxera iristean amaitzen. Inork ez du kontatzen zer gertatzen den etxera iristen direnean. Oso zaila da sortu zaizkigun traumak gainditzea, babes emozional handia behar dugu. Uste dut beti izango garela motxiladun ume, eta zauri batzuk ez direla inoiz sendatuko, baina motxiladun ume gehiagorik ez egoteak asko lagunduko duelakoan nago.